NAIZ

AstraZenecak bederatzi milioi dosi gehiago agindu dizkio Bruselari lehen hiruhilekoan

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak iragarri duenez, AstraZeneca konpainia farmazeutikoak covid-19aren aurkako txertoaren bederazi milioi dosi gehiago entregatuko dizkio Bruselari urteko lehen hiruhilekoan, guztira 40 milioi dosi. Joan zen astean agindutakoaren erdia da.

Erizain bat AstraZenecaren txertoaren dosi bat prestatzen. (Ishara S. KODIKARA/AFP)
Erizain bat AstraZenecaren txertoaren dosi bat prestatzen. (Ishara S. KODIKARA/AFP)

Ursula Von der Leyenek txio baten bidez iragarri du AstraZenecak covid-19aren aurkako txertoaren bederatzi milioi dosi gehiago emango dizkiola Europako Batasunari.

«Aurrerapausua txertoetan. AstraZenecak bederazi milioi dosi gehiago entregatuko ditu lehen hiruhilekoan, guztira 40 milioi dosi, aurreko asteko eskaintzarekin alderatuta eta aurreikusitakoa baino astebete lehenago hasiko da entregekin. Gainera, enpresak Europan txertoak ekoizteko gaitasuna handituko du», erantsi du.

Europako Batzordeak iazko abuztuan itxi zuen AstraZenecarekin kontratua, bere txertoaren 400 milioi erosteko. Joan zen astean tirabirak izan ziren Brusela eta konpainiaren artean, txertoak entregatzeko orduan konpaina honek izan zituen atzerapenak direla eta. AstraZenecak urteko lehen hiruhilekoan 100 milioi dosi entregatzeko konpromisoa hartu zuen, baina gero zifra hori 80 miloira jaitsi zuen. Orain, Von der Leyenek ontzat eman duen azken iragarpenarekin, horren erdia baino ez du entregatuko datozen asteetan.

Hirugarren txertoa

Oxford eta AstraZenecarena Europako Batasunean erabiliko den hirugarren txertoa da, Pfizer-BioNTech eta Modernarenarekin batera. Europako Batzordeak ostiralean eman zion merkaturatzeko baimena, Sendagaien Europako Agentziaren (EMA) oniritzia jaso ostean. 18 urtetik gorako pertsonekin erabili ahal izango da.