NAIZ

‘Hondar ahoak’ telesaila, 2021eko ikus-entzuneko Argia saria

Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako ‘Hondar ahoak’ thrillerra da aurtengo ikus-entzunezko Argia Sariaren irabazlea, «inflexio-puntu bat» markatu duelako «euskarazko telesailen historian». Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernández ekoizleak jaso dute saria.

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy, thriller bikain honen protagonistak. (TXINTXUA FILMS)
Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy, thriller bikain honen protagonistak. (TXINTXUA FILMS)

‘Argia-k’ ez du sari banaketarik egingo aurten, pandemiak eragindako egoeragatik. Horren ordez, webgunean emango du saridunen berri, astean zehar. Lehena gaur bertan eman dute jakitera, ikus-entzunezkoan atalean. Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy aktoreak protagonista dituen ‘Hondar ahoak’ thriller bikainak lortu du aurten saria. Azaroan estreinatu zen ETB1ean, arrakasta handia lortu zuelarik, eta lau ataletan banatu zen. Zuzendari lanetan, Koldo Almandoz.

Aldizkariak dioen arabera, «aurtengo ikus-entzunezkoen sariak inflexio-puntu bat markatu du euskarazko telesailen historian. Lehen musika doinu eta irudietatik ikus-entzulea harrapatua geratzen da, sumatzen du datorrena ez dela ohikoa euskarazko telesailen sorkuntzan eta adi paratzen da aparailuaren aurrean, datorkionaren aurrean urduri ere bai akaso. Lehen kapituluak eman du ezustekoa, eta ondorengoek dotoreziaz eramaten dute aurrera ikus-entzulea, une bakoitzean hurrengoan zer gertatuko den asma ezinean. Portua, arrantzaleak, izotza, droga, mafia usain sarkorra... nor den nor eta zer egingo duen ongi asmatu ezin den panoraman. Desagertu bat, psikologoaren terapia egiten duen Ertzaintzaren detektibea, herrikoa den polizia gazte eta misteriotsua, trapitxero txikiak eta handiak. Mendebaldeko hamaika portutan gertatutakoak, orain gurean fikzio bidez, baina errealitatetik gertu ere bai, oso gertu».

Thriller baten osagaiak

Thriller poliziako on baterako osagaiak dagoeneko hor daudela dio ‘Argia-k’, baina aurtengo ikus-entzunezkoen irabazlea harago ere badoala uste du, alegia, «telesailak autore-lan baten printzak erakusten ditu».

Telesailaren egileek, Marian Fernandezek eta Koldo Almandozek, saria jasotzean azaldu duten bezala, presaka egin behar izan dute lana, arnasestuan. Pozik dira emaitzarekin, baina euskal sortzaileentzat duintasuna ere aldarrikatu dute.

Ezohiko ‘Argia’ sari hauek horrela emango dira jakitera: bihar, kanpaina onenarena; asteazkenean, irratiarena; ostegunean, internetekoa eta ostiralean, prentsarena.