NAIZ

‘Non dago Mikel?’ filma otsailaren 26an estreinatuko da zinemetan

Mikel Zabalzaren kasuaren inguruko Ahotsa.info-ren pelikula, ‘Non dago Mikel?’, pantaila handira iritsiko da joan den irailean Donostiako Zinemaldian estreinatu ondotik. Oraingoz, Iruñea, Donostia, Bilbo eta Madrilen ikusten ahalko da.

Otsailaren 26an ailegatuko da zinemetara `Non dago Mikel?´ Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-ren pelikula, joan den Zinemaldian estreinatu eta gero. Ahotsa.info eta Izar Films-ek ekoiztutako lana torturen testigantza gordina da, Mikel Zabalza Orbaitzetako gaztearen desagerpena eta hilketa oroitzen dituelako. 1985ean Guardia Zibilak atxilotu zuenez geroztik ez dago bere arrastorik.

Ahotsa.infok jakinarazi duenez, momentuz Iruñea, Donostia eta Bilbon ikusten ahalko da filma, eta Madrilen ere bai. Atera Films arduratuko da pelikula banatzeaz.

Irizar eta Lauaxeta sariak

‘Non dago Mikel?’ Donostiako Nazioarteko Zine Jaialdiaren 68. edizioan aurkeztu zuten. Aipamen berezia lortu zuen Euskal Zinemaren Irizar Sarian. «Giza eskubideen urraketa izugarri eta sistematikoen testigantzari aitortza egiten dio, artxiboko irudiekin ezinbesteko lan bat eginez», baloratu zuten orduan.

Berriki 2020ko Lauaxeta Saria ere jaso du filmak, ikus-entzunezkoen kategorian. Bizkaiko Foru Aldundiak ematen die sari hori memoria historikoari dokumental formatuan heltzen dioten obrei, eta Izar Films eta Ahotsa.infok ekoitzitako lan honek garaiko artxiboko materiala eta kasuarekin erlazionatutako pertsonen gaur egungo testigantzak uztartzen ditu.