51 urteko baso langile bat zendu da Ugaon, zuhaitz bat gainera erorita

Gueñesko 51 urteko behargin bat zendu da Ugaoko Usila auzoan lanean ari zela zuhaitz bat gainera erorita. 2021 honetan Euskal Herrian lanean hiltzen den zazpigarren pertsona da.

Lan istripuen aurkako protesta bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Lan istripuen aurkako protesta bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gueñesko 51 urteko gizonezko bat hil da gaur arratsaldean Ugaoko Usila auzoko baso batean zuhaitz bat mozten ari zela, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Lan istripua 16.00etan gertatu da, eta bertaratutako osasun zerbitzuek suspertze lanak egin dituzte, baina ez dute arrakastarik izan eta bertan zendu da behargina.

LAB sindikatuak gogora ekarri duenez, aurten Euskal Herrian lanean zendu den zazpigarren langilea da gaurkoa «eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian iazko otsailaren 6tik».

Sindikatuak gogora ekarri du «baso sektoreko jarduerak arrisku anitz» dituela. «Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan gogorrak eta neketsuak. Orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute. Horrek sektoreko ezbehar tasa altua eragiten du». Horren aurrean, «gainera», lan arriskuen alorrean prestakuntza «gutxi» jasotzen dutela salatu du.

Hori dela-eta, erakundeei «lehenbailehen» neurriak har ditzatela eskatu die sindikatuak eta «baita ere lan arriskuen alorrean formakuntza plana martxan jarri dezatela». «Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen dizkiguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu», azpimarratu dute.

Lakuako Gobernuari zuzenean galdetu diote «zein pauso emateko prest» dagoen «egoera eta eredu hau geldiarazteko». «Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Sarraski honekin amaitzeko eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena», berretsi dute.