Arnaitz Gorriti

Valentzian irabazten duen aurreneko taldea izan nahi du Kutxabank Araskik

Estudiantesen aurka hirugarren aldiz partida atzeratu ondoren eta datorren asteko euskal derbia ezin jokatuta, otsaileko ibilera onari eutsi nahi dio Madelen Urietaren taldeak, nahiz eta Emakumeen Ligako hirugarren sailkatuaren etxean jokatu behar larunbatean 19.15etan.

Joy Adamsek badaki Valentzian jokatzea zer den eta baita nola min eman ere bere talde ohiari. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Joy Adamsek badaki Valentzian jokatzea zer den eta baita nola min eman ere bere talde ohiari. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Emakumeen Endesa Ligako zortzi onenen artean sartzea da Kutxabank Araskiren helburua, Kopatik at geratu ostean. Uneotan hamargarren postuan dira gasteiztarrak, beste lau talderekin batera 11-13 balantzearekin berdinduta. Desenpatea bere alde erori dadin inork uste ez duen partidaren bat irabazi beharko du Araskik, eta hori horrela bada, larunbat arratsaldean, 19-15etan hasita, aukera paregabea dauka, Fontetan, Valentzia Basketen etxean jokatu behar baitu talde taronjaren aurka.

Valentziarrek denboraldi honetan bi partida bakarrik galdu dituzte: bata Ligan Perfumerias Avenidaren aurka eta bestea Superkopan Lointek Gernika Bizkaiaren aurrean, biak ala biak luzapenean. Esan gabe doa etxean ez duela aurka egingo dionik aurkitu orain arte. Hala, 22 partida jokatu ostean –Girona liderrak baino bi gutxiago–sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago Valentzia Basket, 21-1 balantze ikaragarria aldean.

Alabaina, zer du ba Ktxabank Araskik galtzeko larunbat arratsaldeko partidan? Madelen Urietarenek otsailean berreskuratu dute urtarrilean galdutakoa, sekula ere amore ematen ez duen taldea dela berretsiz beste behin. Valentzia Basketen aurka galtzea da normalena, baina sekula ez da egintzat jo behar, ez jokatu arte bederen.

Are gutxiago Araskik Valentzian ibilitako jokalariak dituela aintzat hartuta. Joy Adams eta Tamara Abalde Valentzian jokatutakoak dira eta badakite zein neurritan izango den zaila aurre egitea, baina baita ere ez dela talde garaiezina. Urrunago joan gabe, gogoan izan behar da aurreneko itzulian –azaroaren 19an jokaturiko partidan– Valentziak 57-60 irabazi zuela Mendizorrotzan.

Aurreneko laurdenean 11-25 aurreratu zen, bai, baina Araski kapaz izan zen alde hori murrizten joan eta azken segundoetara sorpresa emateko aukerekin iristeko. Laura Quevedo eta egun Zaragozan jokatzen ari den Anna Cruz izan ziren gasteiztarren artean jokalaririk finenak. Valentzia Basketen aldetik, berriz, Cristina Ouviña antolatzailea izan zen Araskik geditu ahal izan ez zuen jokalari bakarra, 18 punturekin berak erabaki baitzuen dema.

«Valentzia titulu guztien lehian ibiltzeko sortu den taldea da eta badakigu zaila izango dela. Baina guk azken bi partidak irabazi ditugu eta sentsazio on horiek berretsiz, sorpresa eman nahiko genuke», laburbildu du María Asurmendi antolatzaileak Araskiren desioa halako aurkari zailarren aurrean.

Errimoa hartu ezinik

Aste honetan Araskik ez du batere zorterik izan. Ostegunean Estudiantesen kantxan jokatu behar zuen Madelen Urietaren taldeak, baina jokatzeke geratu da Lointek Gernika Bizkaia taldean atzemandako covid-19 kasuen erruz. Kontua da madrildarren eta gasteiztarren arteko dema hirugarren aldiz! geratu dela bertan behera. Lehenengo, Estudianteseko jokalariek izandago koronabirus kasuak zirela-eta. Bigarren, «Filomena» borraskagatik, eta orain hau.

Erritmoa goitik behera apurtu dio Araskiri osteguneko partida ezin jokatuak, baita datorren astean, hilaren 24an Gernikan jokatu beharreko partida bertan behera geratzeak ere. Bizkaitarren aurkako demari dagokionez, bigarren aldia da bertan behera geratzen zaina Araskiri, aurrez Gernika Bizkaiak Women Eurocupeko kanporaketa jokatu behar baitzuen.

Ondorioz, Emakumeen Endesa Ligako Fase Erregularra amaitzeko hilabete eta erdi eskas falta den honetan, azken sprintean atera beharko ditu Araskik zortzi onenen artean sailkatzeko garaipenak, eta etenaldiak iritsi aurretik, ahalik eta lan kopururik handiena eginda utzi beharko du, nahiz eta horrek Valentzia Basketik Fontetan irabazi beharra suposa dezakeen.