NAIZ

Emakume profesionalen partehartzea ez da %40ra iritsi Zinemaldiaren 68. edizioan

Bigarren urtez, Donostiako Zinemaldiak genero-identifikazioaren txostena argitaratu du, 68. edizioan programatutako filmen atzean dauden profesionalen artean emakumeen parte hartzea zenbatekoa eta nolakoa den ikertzeko. Ez-ohiko edizio honetan ere, emakumeen parte hartzea ez da %40ra iritsi.

Kursaal ataria, Zinemaldiaren 68. edizioan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Kursaal ataria, Zinemaldiaren 68. edizioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zinemaldiko iazko edizioak eman zituen datuak baliatu dituzte jaialdiko antolatzaileek, bigarren urtez jarraian, genero-identifikazioaren txostena osatzeko. Txostenak 68. edizioan programatutako filmetan parte hartzen duten arlo ezberdinetako profesionalak –zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia, musika eta muntaketa– hartzen ditu kontuan.

Eskuartean dituzten datuen arabera, hautespen batzordeak 2019ko urritik 2020ko irailera ikusi zituen 2.487 filmetan parte hartu duten profesional gehienak –arloaren arabera, %65 eta %80 artean– genero maskulinoarekin identifikatzen diren pertsonak izan dira. Datu bat nabarmentzen da hor: filmen zuzendarien %81a gizonezkoa da. Aurreko edizioan bezala, ekoizpena, gidoia eta muntaketa izan dira arlorik orekatuenak.

Ikusitako film guzti horien artetik hautaketa bat egiten du batzordeak; hauek dira Zinemaldian zehar proiektatzen diren filmak. 68. edizioan, 110 film hautatu zituzten eta, horien artean, genero femeninoak presentzia handixeagoa du kategoria guztietan, baina ez du inoiz %40ko parte-hartzea gainditu: emakumeen parte hartzea %21 eta %39 artekoa da kategoria ezberdinetan.

Salbuespenak: Perlak eta Horizontes Latinos

Analisiak bi salbuespen nabarmen ditu, eta bat datoz aurreko urteko atal desorekatuenetako birekin. Batetik, Perlak atala; sail horretan hautatutako filmen %70 baino gehiago emakume batek zuzendutako filmak dira. Bestetik, Horizontes Latinos; kasu horretan emakume gehiago daude zuzendarien artean (%61), gidoilarien artean (%62), argazki-zuzendarien artean (%54) eta muntatzaileen artean (%52).

Zinemalditik balioan jarri dute, 67. edizioarekin modu orokorrean erkatuz gero, genero femeninoaren partaidetzaren ehunekoak gora egin duela, baina ez batzordeak ikusitako filmetan, baizik eta aztertutako kategoria profesional guztietan hautatu eta programatutako filmetan, bereziki zuzendaritzan (%10,5 gehiago), musikan (%8,2 gehiago), gidoian (%8 gehiago) eta ekoizpenean (%7,6 gehiago). Hau da, ‘gorakada’ hori Zinemaldiak egin duen hautaketak ekarri duela, eta ez industrian eman zitekeen eraldaketak.

«Hala ere, ezin da ahaztu jaialdia ezohiko testuinguru batean egin dela; hain zuzen ere, pandemiak markatutako urtean», ohartarazi dute Zinemalditik, eta Nest saileko eta Ikusmira Berriak proiektuak garatzeko egonaldien datuak «fidagarriagoak» direla nabarmendu dute. «Izan ere ere, 2019an bezala, zuzendari eta gidoilari emakumezkoen parte-hartze handiagoa izatea babestu da», adierazi dute, eta, horren haritik, Zinemaldiak «hartutako konpromisoari eusten» diola berretsi dute, «jarraipena egin eta egiaztatzeko New Directors saileko zuzendari eta gidoilari emakumezkoen proiektu berriak hurrengo urteetan zinema-jaialdi honetako edo nazioarteko beste batzuetako lehiaketa ofizialetara iristen diren, eta zinema-eskoletako ekoizle, argazki-zuzendari, muntatzaile eta musika-konpositore emakumezkoek ibilbide zinematografikoa egiten duten edo ez».

Zinemaldiak iaz argitaratu zuen lehen aldiz emakumeen parte hartzea duten proiektu zinematografikoen presentziari buruzko datuen azterlana eta «irudi horrek abiapuntu gisa funtzionatzea» espero dute, datozen urteetan «bilakaera nabarmena» ikusi eta horren parte izate aldera».