Garrantzia eta zailtasuna Eibar, Athletic eta Realaren asteburuko hitzorduetan

Atzeratutako partidak jokatuko dituzte hiru euskal taldeek asteburuan zehar. Eibarrek Bartzelona hartuko du, Athleticek Betis bisitatuko du eta Realak Real Madrilen bisita izango du.

Eibarrek denboraldiko partidarik zailena jokatuko du Unben, Barcelona izango baitu bisitari. (Jon Urbe/FOKU)
Eibarrek denboraldiko partidarik zailena jokatuko du Unben, Barcelona izango baitu bisitari. (Jon Urbe/FOKU)

FIFA datek eragindako geldialdia aprobetxatuz, Ligak egutegia eguneratuko du ahal den neurrian hurrengo egunotan. Lehen mailako hiru euskal taldeek, hau dela eta, lehiaketari berrekingo diote asteburu honetan. Garrantzia eta zailtasuna biltzen dituzten partidekin, aurkari zuzenen edota lehen postuetako taldeen kontra arituko baitira hirurak.

Erronka zailena Eibarri egokitu zaio. Bartzelona hartuko du larunbatean Unben (10.30etan, LaLigaSports TV), zortzigarren jardunaldiko norgehiagoka jokatzeko. Partida guztiak irabazi dituzte Kataluniakoek orain arte, partidako 5’25 gol sartu dituzte, soilik hiru jaso dituzte 16 jardunalditan… Eta nahiz eta bere jokalari gehienek azken egunak euren selekzioekin pasa dituzten eta, seguruenik, asteazkenean jokatuko duten Championseko final zortzirenetako lehen partidan pentsatzen hasita egongo diren, inork ezin du zalantzan jarri Unbetik hiru puntuak eramateko faborito nagusiak direla.

Eibartarren helburua, hala ere, asterokoa izango da: lehiatzea. Eta, ahal den neurrian, «disfrutatu», jokatzeko «erakargarria eta motibagarria» den partida batekin. «Taldea lehiakorra izatea, orain arte egin duena egitea eta beldurrik gabe jokatzea da gure helburua», azaldu du Iker Dorronsorok. Argi dauka entrenatzaile gipuzkoarrak «ezustekoa ematea ez dela erreza» baina ezustekoa ematera «gerturatzeko bide bakarra» betiko lehiakortasun eta intentsitateari eustea dela.

Dorronsorok aldaketak sartu beharko ditu hamaikakoan, Noko eta Llompart zigortuta baitaude, Tenerifen txartel gorria ikusi ondoren.

Aurkari zuzena Athleticentzat

Garrantzi handiko neurketari ekingo dio Athleticek, bere aldetik. Espanyolen aurkako garaipenarekin bolada txarrari amaiera eman arren, zuri-gorriek jeitsiera postuetatik oso gertu jarraitzen dute eta puntuen, eta hoiek emango dioten konfiantzaren, premia nabaria da. Baita partiden garrantzia ere, are gehiago aurkari zuzenen kontra badira. Horietako hiru jarraian jokatuko dituzte, larunbat honetan Betisi egingo dioten bisitarekin hasiz (17.00).

Iraia Iturregik ez du uste «final» bat denik baina bai «oso partida garrantzitsua», hurrengo biekin (Rayo Vallecanoren eta Huelvako Sportingen kontra) gertatzen den bezela. «Hiru partida hauek markatuko dute non egongo den taldea eta ze helburuengatik borrokatuko duen. Ondo badoaz, irabazten baditugu, helburu berriak planteatu ditzakegu. Baina orain errealitatea da jaitsiera postuetatik hurbil gaudela eta hori dela gure borroka. Eta hurrengo partidetan ez baditugu puntu asko ateratzen, borroka horretan egongo gara denboraldi amaieran ere».

Betisi dagokionez, Athleticen nolabaiteko antza hartzen dio entrenatzaile bizkaitarrak: «Jokalari onak ditu, inork ez zuen espero Liga hasieran gaur egun dagoen egoeran ikustea. Eta gurekin gauza ber gertatzen dela uste dut». Azkenaurreko postuan dagoen arren, «talde ausarta» dela, azpimarratu du Iturregik.

Bere taldeari eskatzen diona, hain zuzen ere, «ausardia», defentsan indartsuak izatea eta erregularitatearekin batera. Lau partida zuzendu ditu dagoeneko baina oraindik ez du ikusi nahi duen Athletic: «Egia da Espanyolen kontra lehen zatian taldea oso ondo ikusi genuela baina bigarrenean ez. Eta Madril CFF-ren kontra lehen zatia oso oso txarra izan zen eta bigarrenean taldea gerturatu zen pixka bat guk nahi genuenera… Ez du balio taldeak 20-25 minutu on egitea, erregularitatea falta zaigu. Taldea defentsiboki intentsoagoa ikusi behar dugu eta baloiarekin ausartagoa. Eta gauza horiek lortzen ditugunean, nahi dugunera gerturatuko gara».

Albiste onak eta txarrak izan ditu entrenatzaileak Sevillara bidaiatu aurretik. Andrea de la Navak joan den astean sufritu zuen bihurdura gainditu du eta Ane Azkonak alta jaso du baina Andrea Sierrak molestiak ditu eta, kezkagarriena da, Erika erretiratu behar izan zela lesioa gainditu ondorengo lehen lan-saiotik soleoan mina nabaritu ondoren.

Donostiarren azken aukera?

Kale eta bale Natalia Arroyorentzat ere, Manu Lareo deialdian sartzeko prest baitago berriro baina Iraia Iparragirre asteko azken-aurreko lan-saioan lesionatu da. Gainontzeko futbolari guztiak prest daude. Eta jokatzeko irrikitan, Zubietak igandean (12.00, LaLigaSportsTV) hartuko duen partida handia baita.

Real Madrilen bisita hartuko dute donostiarrek, Europako borrokan egoteko eduki dezaketen azken aukeran, goialdeko aurkarien kontra azken aldi honetan lortutako emaitza eskasek beren desabantaila nabarmenki handitu baitute. Zazpi puntutakoa da orain Real Madrilek berak defendatuko duen hirugarren postuarekiko.

Arroyok «asteak aurrera» doazela onartu du. «Eta azken emaitzen ondorioz, aukera gutxiago geratzen zaizkigu. Horrela da eta horrela onartu behar dugu. Partida asko geratzen dira baina puntuak behar ditugu ez badugu gure aukera guztiak partida bakar batean lehiatu nahi. Argi dagoena gure gainean dagoen aurkari baten kontra jokatuko dugula da; eta eurekin egon nahi badugu, gu gara puntuak kendu behar dizkiegunak, eta ez beste talde batek. Hor egon nahi badugu, hor goian dagoen talde bati irabazten erakutsi behar dugu», esan du.

Partidari dagokionez, Real Madrilek «oso jokalari onak» dituela, partida bat jokaldi bakar batekin erabaki dezaketen horietakoak, eta «pieza berri guztiak sinkronizatzea» lortu duela azpimarratu du entrenatzaile zuri-urdinak. Oso partida zaila espero du, beraz, baina beste neurketa batzuetan bere taldeak «sakrifikatzeko gaitasuna duela eta bere uneak aurkitzea jakin izan duela» ikusi izanak konfiantza ematen dio. Hala ere, «denetatik egin beharko» dutela ond daki. «Baloi barik jokatu, baloia euki… Eta batez ere areatan asmatu, beste batzutan hor jaso baitugu zigorra. Gure bertsio onena eman beharko dugu, partidaren barruan partida desberdinak egongo direla jakinez».

Zazpi partida

Guztira zazpi partida jokatuko dira asteburu honetan. Beste bi, asteazkenean jokatuko dira eta oraindik atzeratutako bost neurketa daude berkokatu barik, horietako hiru Barcelonakoak.

Larunbata:
Eibar-Bartzelona, 10.30 (LaLigaSportsTV)
Valentzia-UD Granadilla, 12.00 (#Vamos)
Huelvako Sporting-Levante, 12.00
Betis - Athletic, 17.00

Igandea:
Reala-Real Madril, 12.00 (LaLigaSports TV)
Rayo Vallecano-Deportivo, 12.00
EDF Logroño-Santa Teresa, 12.00