Ainara Lertxundi

Ngozi Okongo-Iweala nigeriarra, Munduko Merkataritza Erakundeko buru

Ngozi Okonjo-Iweala nigeriarrak Munduko Merkataritza Erakundeari buelta eman nahi dio. «Gure ikuspegia aldatu behar dugu. Oso erakunde garrantzitsua dugu esku artean eta ezin dugu hilzorian utzi», esan du erakundearen zuzendari orokor kargua hartu zuen egunean.

Ngozi Okongo-Iwela kargua hartu zuen egunean. (Fabrice COFFRINI I AFP
Ngozi Okongo-Iwela kargua hartu zuen egunean. (Fabrice COFFRINI I AFP

Emakumea eta afrikarra. Ngozi Okonjo-Iweala nigeriarra Munduko Merkataritza Erakundearen (MME edo ingelesezko sigletan, WTO) zuzendari izendatu zuten otsailean. Lehen aldiz emakume bat hautatu dute kargu horretarako. 164 herrialdek izendapenaren alde bozkatu zuten, Ameriketako Estatu Batuak barne. Bost hilabete lehenago Okonjo-Iweala izendatzearen aurka egin zuen Washingtonek, lehian zegoen beste hautagaiaren alde (Hego Koreako Yoo Myung-hee) eginez. Baina Etxe Zuriko gobernu aldaketaren ondoren, oniritzia eman zion nazionalitate estatubatuarra eta nigeriarra duen emakumeari.

«Nigan jarritako konfiantza eskertzen dut. Batetik, nire identitatea –emakumea eta afrikarra– eta, bestetik, nire esperientzia kontuan hartu dute eta hori eskertzekoa da», adierazi zuen 66 urteko ekonomialariak.

Munduko Merkataritza Erakundeak erronkei aurre egiteko gaitasuna izan dezan beharrezkoak dituen erreformak egingo dituela iragarri zuen. «Etorkizunera egokitu behar dugu. Duela hamarkada bat baino gehiago geldirik dauden merkataritza negoziazioak berreskuratu behar ditugu, baita pandemia dela-eta airean geldirik dauden trukeak ere, eta erakundearen arbitro izaera aitortzea eta kontuan hartzea. Pandemiak eragin duen hondamenditik azkar eta erabat atera nahi badugu, erakunde indartsu bat beharrezkoa dugu», nabarmendu zuen.

«Esku artean ditugun desafioak handiak eta askotarikoak dira, baina ez dira ezinezkoak. Itxaropena dut, batez ere elkarrekin eta gardentasunez lan egiten badugu. Tentsio politikoa gutxitu behar dugu. Erakunde dinamikoa lortu behar dugu, indartsua. Merkataritza baliatu behar dugu garapen jasangarria bermatzeko», gaineratu zuen.

Finantza eta Atzerri ministroa

Okonjo-Iweala 1954ko ekainaren 13an jaio zen Ogwashi Uku herrian. Niger ibaiaren deltan dago, Nigeriako hegoaldean. Bertako herritar gehienak igbo etniakoak dira.

AEBetako unibertsitate eta eskola hoberenetan ikasi zuen (Harvardeko Unibertsitatean cum laude kalifikazioarekin lizentziatu zen Ekonomian 1976an, eta 1981ean doktoretza lortu zuen Massachusettseko Teknologia Institutuan). 2019tik nazionalitate estatubatuarra ere badu. Yaleko eta Pennsylvaniako unibertsitateek ohorezko tituluak eman dizkiote, baita Dublineko Trinity Collegek ere.

Merkatuen eta ekonomiaren alorrean eskarmentu handiko emakumea da, baita nazioarteko harremanetan ere. 1982an lanean hasi zen Munduko Bankuan. 25 urtez aritu zen bertan ardura desberdinak garatuz. 2007 eta 2011 bitartean, zuzendari gerentea izan zen, hots, erakundeko bigarrena.

Politikan ere buru-belarri aritu da. Nigeriako Finantza ministroa izan zen, 2003tik 2006ra eta 2011tik 2015era. Ardura hori betetzen zuen lehenengo emakumea izan zen. Gastu publikoari eusteko asmo handiko erreforma proiektu bati ekin zion. Nigeriaren kanpoko zorra arintzea lortu zuen, Pariseko Klubarekin aurrekaririk gabeko akordio bat lortu ostean.

Gardentasuna eta ustelkeriaren kontrako borroka izan ziren bere ministerioaren ardatzak. Hori jasotzen zuen liburu bat ere idatzi zuen “Fighting Corruption Is Dangerous”. Ustelkeriaren kontra egitea zein arriskutsua izan daitekeen azaltzen du. Finantza ministro gisa ikasitakoa abiapuntutzat hartuta, gomendio praktikoak eskaintzen ditu eta ustelkeriaren kontrako borrokan topatu zituen oztopoak aipatzen ditu. Garapenerako erabili beharko liratekeen funtsak besterentzeko antzeman zituen bide eta metodo desberdinen inguruan ere hausnarketa egiten du liburuan.

2012an 83 urteko ama bahitu zuten ministro gisa bultzatu nahi zituen erreformak bertan behera utz zitzan. Gasolioaren dirulaguntzak baliatuz iruzurrak ekiditeko neurri zorrotzagoak sustatu nahi zituen, izan ere, herrialdearen aurrekontuaren zati handi bat horretan galdu egiten baitzen. Bahitzaileek kargua uztea eta Nigeriatik alde egitea exijitu zioten. Baina, Okonjo-Iwealak ez zuen dimisioa aurkeztu eta bere amak ihes egitea lortu zuen.

Nazioarteko bileretara oihal-biribilkiak eraman ohi zituen soinean Nigerian egindako oihal horien kalitatearen eta Txinan prezio erdiaren trukean egindako kopien artean zegoen aldea erakusteko.

2015etik Twitterren aholkulari lanak egin ditu. Standard Chartered entitate finantzarioan ere lan egin du eta Txertoetarako Aliantzaren presidentea izan da. Koronabirusaren kontrako txertoak garapen bidean dauden herrialdeetara banatzeko lan egiten du Aliantzak.

Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien eta Arteen Akademiaren kide da.

“Time”, “Forbes” eta “Newsweek” aldizkariek mundu mailan eragin gehien duten pertsonen zerrendan Okonjo-Iweala aipatzen dute.

Bere azken liburua,“Women and Leadership: Real Lives, Real Lessons”, Australiako lehen ministro ohia den Julia Gillardekin batera idatzi du. Biak politikan, ekonomian eta nazioarteko harremanetan eskarmentu handiko emakumeak dira. Norberaren esperientziaz baliatuta, generoak lidergoan duen eragina eta emakume liderrak nola ikusiak diren aztertzen dute.

Munduko Merkataritza Erakundearen eta aurretik egon zen GATTen ibilbideak batuz gero, 75 urteko historia egiten du. Denbora tarte honetan europar jatorriko sei zuzendari orokor eduki dituzte, Asiako bat, amerikar bat eta beste bat Ozeaniakoa, baina orain arte ez zen zuzendari orokor afrikarrik egon. Okonjo-Iwealaren izendapena historikoa da bi arrazoirengatik: batetik, afrikarra delako eta, bestetik, emakumea delako.

Arrantzaren negoziazioak

Aditu batzuek bere agintaldia bultzagarria izango dela adierazi duten arren, beste batzuen aburuz, ezingo ditu gauzak errotik aldatu, erakundearen antolakuntzaren arabera erabakiak hartzeko herrialdeen arteko adostasuna beharrezkoa delako. Bere lehen zereginetariko bat alboko lau zuzendari hautatzea izango da. Agendan, arrantzaren dirulaguntzen gaineko negoziazioak bultzatzea datorren ministro bilkuran amaitutzat eman ahal izateko. Baina ez da lan makala, une honetan gai honen inguruko elkarrizketak geldirik baitaude, ez aurrera ez atzera. Erakundearen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko gatazkak desaktibatu nahi ditu ere. Donald Trumpen administrazioak gogor jo zuen erakundearen kontra, gatazken konponbiderako mekanismoa blokeatu zuen. Merkataritzaren eremuan sor zitezkeen gatazkak konpontzeaz arduratzen zen Helegite Organoa osatzen zuten epaile berriak aukeratzeari uko egin zion Trump presidente ohiak.

Astelehena izan zen MMEko zuzendari orokor berriaren lehen laneguna. Okonjo-Iweala goizean goiz iritsi zen egoitzara. Sarreran hainbat GKE-ek jarritako izotzezko eskultura bat (arrainak irudikatzen) inauguratu zuen Kolonbiako enbaxadore Santiago Willsekin. Arrantzaren sektoreari dagozkion dirulaguntzen negoziazio batzordearen presidentea da Wills. Esan bezala, negoziazio horiek geldirik daude uneotan. Bere agintaldiaren lehentasunak arrantzaren inguruko negoziazioak desblokeatzea eta egungo merkatuko arauak aldatzea eta pandemiaren kontrako borroka dira.

«Gehiegizko arrantzak, ontziteriaren gehiegizko gaitasunak eta legez kanpoko arrantzak iraunkortasunari kalte egiten diote. Horregatik, negoziazioak lehenbailehen amaitu behar ditugu», nabarmendu zuen modu telematikoan egin zuen lehenengo mintzaldian.

Txertoen banaketa zuzena

Txertoen banaketa zuzena bermatzea da bere lan ildoaren beste ardatz bat. «Erakundeak asko lagundu dezake pandemiaren konponbidean. Baliabide nahikorik ez duten herrialdeei lagundu diezaieke txertoak eskuratzen. Herrialde guztiek nahi dute herri guztietan txertoak jartzea, guztiok arriskutik kanpo egoteko modu bakarra mundu guztia txertatuta egotea da. Gure artean eztabaidatzen denbora galdu beharrean, sektore pribatuak zer egiten duen aztertu beharko genuke. Txertoak aldi berean hainbat herrialdetan ekoizteko lizentzia akordioak egin dituzte enpresek. AstraZenecak horixe bera egin du Indian», azaldu zuen.

Erakundeak bere sorrerako izaera berreskuratu behar duela gainera zuen: «Herrialdeei biztanleen bizi kalitatea hobetzen lagundu behar die. Enplegu duinak sortu behar dira, herritarren bizitzak hobetu behar ditugu. Pandemiak eragin digun krisi ekonomikotik ateratzeko merkataritzak badu zeregin garrantzitsua», nabarmendu zuen astelehenean.

MMEko ministroen hamabigarren gailurra azaroaren 29rako deituta dago Genevan. Iazko ekainean egitekoa zen Kazakhstanen baina koronabirusa dela-eta bertan behera utzi zuten. Horregatik, bilkuraren burua herrialde horretako Merkataritza eta Integrazio ministroa izango da, Bakhyt Sultanov.