NAIZ

Euskara Nafarroan berreskuratzeko ikastolen eragina, dokumental batean jasota

Nafar ikastolek euskararen berreskurapenean, sustapenean eta zabalkuntzan izan duten eragina jasotzen duen dokumentala aurkeztu da ostiral honetan. Ikastolen sorreran edo sustatzean lan egin duten hainbat eragileen testigantza jasotzen du.

Aurkezpenean parte hartu duten NIEko ordezkariak eta dokumentalean parte hartu duen zenbait eragile. (Nafarroako Ikastolen Elkartea)
Aurkezpenean parte hartu duten NIEko ordezkariak eta dokumentalean parte hartu duen zenbait eragile. (Nafarroako Ikastolen Elkartea)

Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) Nafarroako ikastolen mugimenduak euskararen berreskurapenean, transmisioan, sustapenean eta zabalkundean izan duen eragina jasotzen duen dokumentala aurkeztu du ostiral honetan.

Josu Reparazek zuzendutako dokumentalak jasotako testigantzek ikastolen sorrerak euskararen berreskuratze, transmisio, sustapen eta zabalkundean nola lagundu zuen erakusten du, bai eta euskara garai hartan Nafarroan zein egoeretan zegoen ere, besteak beste.

«Proiektu honen bidez, NIEk Nafarroako gizartean gure hizkuntza eta kultura bultzatzeko modu desberdinak ikusarazi nahi izan ditu, gure ondare immaterial garrantzitsuena babesteko eta etorkizunean berauen erabilera eta balioak mantentzen jarraitzeko», adierazi dute Elkarteko ordezkariek Iruñeko Kondestable Jauregian egindako aurkezpenean.

Hainbat eragileen adierazpenak grabatu, aztertu eta dokumentatu ondoren sortu dute, orain nahi duenaren esku jarriko duten dokumentala. Izan ere, Nafarroako Ikastolen Elkarteko webunean (www.nie.eus) izango da ikusgai.

Parte hartzaileak

Besteak beste, Carlos Garaikoetxea (ikastolen sortzaile eta sustatzaile), Patxi Zabaleta (ikastolen sustatzaile eta Arturo Kanpion euskaltegiaren sortzaile), Arantzazu Amezaga (ikastolen sorreretan ama), Javier Yaben (ikastolen sorreretan aita), Irene López-Goñi (NIE), Marta Igoa (Nafarroa Oinez), Jemi Sorabilla (Paz de Ziganda Ikastola), Aitziber Etxaiz (Iñigo Aritza Ikastola) edo Luis Fernando Etxeberria (Lizarra Ikastola) agertzen dira dokumentalean.

Hauekin batera, Andres Iñigo (Euskaltzaindia), Paul Bilbao (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua) edota Aitor Etxarte Berezibar (Udal Ikastolaren sortzaile eta sustatzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohi, abenduan zendu zena).

Egitasmoa Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren Sustraiak/Raíces deialdiaren laguntzaz burutu da.

NIE 1976an eratutako irabazi-asmorik gabeko bigarren mailako irakaskuntza-sozietate kooperatiboa da. Bere helburuak, euskarazko hezkuntza sustatzea, bai eta euskararen babesa, sustapena eta ezagutza bultzatzea ere.

«NIErentzat, euskara, hizkuntza eta euskal kultura eta ohituren ahozko tresna gisa, Nafarroako ondare immaterial handienetako bat da. Eta, horren kontserbazioa eta etorkizuneko belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko egiten du lan», gogoratu dute Elkarteko ordezkariek aurkezpen honetan.

Ekarpena egin duten elkarrizketatuei eskerrak emateaz gain, oroimen berezia izan dute Udal Ikastolaren sortzaile eta sustatzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohi izan zen Aitor Etxarte Berezibarrentzat. Dokumentala egin zenetik zendu egin den euskaltzale honen «ahotsa, indarra eta testigantza geratzen zaizkigula» nabarmenduz.