NAIZ

Jesus Mari Lazkanoren ‘Bilbo MMX’ margolan panoramikoa iritsi da Itsasmuseumera

Bilboko Itsasmuseumek hartuko du urrira arte Jesus Mari Lazkanoren ‘Bilbo MMX’ margolan panoramikoa. Obra 2010eko Erakusketa Unibertsalerako sortu zuen Lazkanok eta hiriaren ikuspegi hiperrealista du ardatz.

Lazkano, Itsasmuseumen ikusgai jarri duen panoramikaren aurrean. (Oskar MATXIN EDESA)
Lazkano, Itsasmuseumen ikusgai jarri duen panoramikaren aurrean. (Oskar MATXIN EDESA)

Jesus Mari Lazkanoren ‘Bilbo MMX’ artelan panoramikoa urrira arte egongo da Itsasmuseumen. Obra ‘Obra Gonbidatua’ programaren baitan erakutsiko da museo bilbotarrean, Arte Eder Museoak utzita.

Margolana prentsaurrean aurkeztu dute astearte honetan artistak berak, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok eta Arte Eder Museoko eta Itsasmuseoko zuzendariek, Miguel Zugaza eta Jon Ruigomez, hurrenez hurren.

Obra 2010 urtean sortu zuen Lazkanok Shangaiko Erakusketa Unibertsalerako eta ‘Obra Gonbidatua’ programaren baitan Itsasmuseumi uzten den hirugarrena da. Aurretik Quintin Torresen ‘Lemazaina’ eta Julian de Tellaecheren ‘Itsasmutil zuria’ erakutsi dira.

Lazkanok ‘Bilbo MMX’ obrarekin batera erakusteko hamar marrazki ere utzi dizkio museoari eta, horiekin, «bisitaldiaren esperientziak balio erantsi bat izateaz gainera obraren konplexutasuna ulertzea errazten da», Bilbaoren aburuz.

Margolan hiperrealista

‘Bilbo MMX’ margolan hiperrealista bat da eta autoreak xehetasunak tentuz zaindu zituen, Bilboren ikuspegi ia fotografikoa eman ahal izateko, Artxanda eta Arangoitiren arteko txoko batetik. «Bilboren transformazioaren historia erakusten du –esan du Aburtok–, baina obra zaharkitua dago orain, historia hori oraindik ez delako amaitu eta ez delako sekula amaituko, Bilbok eraldatzen jarraituko duelako».

Lazkanok arteak iruditeria kolektiboan duen garrantzian jarri du azpimarra eta artea «lekuko arnasa harrapatzen» saiatzen dela esan du. Hori izan zen, esan duenez, 2010ean obra hau egitean izan zuen helburua.

«Arteak ikasteko balio digu, bai, baina batez ere gure buruaren gainean gehiago ikasten laguntzen digu», esan du.

‘Bilbo MMX’ urrira arte erakutsiko da Itsasmuseumen eta, ostean, Arte Eder Museora itzuliko da, bertako zuzendari Miguel Zugazak esan duenez, ‘Obra Gonbidatua’ programari «jarraipena eman ahal izateko».