NAIZ

Arraun Lagunak eta Hondarribia nagusitu dira Oriaren jaitsierako erlojupekoan

Arraun Lagunak eta Hondarribiako traineruek eskuratu dute Oriaren jaitsirako bandera. Arraun Lagunakek hamar segunduko aldea atera dio bigarren sailkatu Kaiarribari. Hondarribia, ordea, segundu eskas batengatik nagusitu da; Zorrotzaurreko Irlaren itzulian legez, Santurtzi izan da bigarrena.

Arraun Lagunak traineruko arraunlariak garaipena ospatzen. (@orioarraunean)
Arraun Lagunak traineruko arraunlariak garaipena ospatzen. (@orioarraunean)

Igande honetan jokatu da arraunzaleen begirada oro bereganatu duen Oriaren jaitsiera. Traineruen denboraldi-aurrean ondo gordeta dagoen hitzordua da eta Arraun Lagunak eta Hondarribia gailendu dira erlojupekoan. 

Arraun Lagunak elkarteko emakumeek aise irabazi dute bandera (14:42:03), bigarren sailkatua izan den Donostiako beste ontziari –Kaiarribari– hamar segunduko aldea ateraz (14:52:00). Ontzi donostiarrak Orioren aurretik abiatu dira errekan barrena. Orioarrak, pasa den denboraldiko ligako eta Kontxako txapeldunak, hirugarren helmugaratu dira, 14:53:19 denborarekin. Hamar ontzik –Lapurdi izan ezik guztiak gipuzkoarrak– parte hartu dute igande honetako lasterketan.

Gizonezkoetan, estuago egon da lehia, Zorrotzaurreko Irlaren lehen itzulian legez. Bizkaialdean jokatu zen erlojupekoan legez, segundu bakar batengatik geratu da bandera altxatu gabe Soterako ontzia. Igande honetan Hondarribia gailendu zaio. Hondarribiarrek 19:17:58 denbora egin dute; santurtziarrek, aldiz, 19:18:69. Donostiako Kaiarriba hirugarren sailkatua izan da. 

Zierbenak, ostiralean Zorrotzaurreko Irlaren itzulia irabazi zuenak, bosgarren denbora onena egin du, Orioren atzetik. Ondarroa seigarrena izan da eta Zarautz zazpigarrena, ACT ligako ontzietan azkenak izan dira guztira 20 traineruk parte-hartu duten erlojupekoan.  

Gipuzkoako batelak

Gipuzkoako batelen ligan, hirugarren jardunaldia jokatu da igande honetan Urumean. Emakumezkoetan San Juaneko bi ontziek egin dituzte denbora onenak (A lehendabizi, B bigarren). Infantiletan Zumaiako B batelak irabazi du. 

Mutiletan, infantil zein kadete mailan, Orioko ontziak gailendu dira.