NAIZ

Ikus-entzunezkoen sektoreko emakume gazteak ahalduntzeko mentoring programa sortu du (H)emen-ek

Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektorean dabiltzan euskal emakumeen (H)emen elkarteak zinemagile gazteak ahalduntzeko Aukera mentoring programa sortu du. Bost proposamenek sektoreko profesionalen aholkularitza jasoko dute.

Aukera programa emakume zinemagileak babestu eta ahalduntzeko sortu da. (NAIZ)
Aukera programa emakume zinemagileak babestu eta ahalduntzeko sortu da. (NAIZ)

(H)emen, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektorean dabiltzan euskal emakumeen elkarteak Aukera mentoretza programarako deialdia ireki berri du. Programa honek Zineuskadi, Zinegi eta Kutxa Kulturren laguntza jaso du eta helburua 18 eta 35 urte bitarteko emakumeek egindako lanak sustatzea da.

Zehazki, film laburren mentoretza programa bat da Aukera, eta interesdunek apirilaren 26ra arteko epea izango dute euren proposamenak aurkezteko. Hortik aurrera, epaimahaiak bost proiektu hautatuko ditu mentoretzarako eta hauek gidoilari bat, zuzendari bat eta ekoiztetxe bat izango dituzte lagun proiektuak garatzeko. Mentoretza saioak amaitzean, bi proiektuk 3000 euroko dirulaguntza jasoko dute Zinebi jaialdiaren baitan, euren proiektuak aurrera ateratzeko.

(H)emen-etik azaldu dutenez, Aukera sektoreko «datu kezkagarriei» erantzuteko sortu da. Izan ere, ikus-entzunezko ikasketak egiten dituztenen erdia baino gehiago emakumeak badira ere, lan talde profesionaletan %35 baino ez direla ekarri dute gogora. Eta portzentaia baxuagoa da lanpostu sortzaileetan. 2015ean, esaterako, gidoilariak %5,6 besterik ez ziren.

Horri erantzuteko, sektorean lan egin nahi duten emakumeak «babestu eta ahaldundu» nahi ditu elkarteak, baita profesionalei euren ibilbidea «EAEn hasi eta bukatzeko aukera» eman ere. Film laburren arloan emakumeek sortutako lanen ekoizpena bermatzea eta 2024. urterako ikus-entzunezko diru-laguntzetara aurkeztutako proiektuen %50 emakumeenak izatea dira Aukera programaren beste helburuetako batzuk.

Interesgunek (H)emen elkartean webgunean topatuko dituzte mentoretzarako oinarriak.