NAIZ

Caparrosoko etxaldearen egoera Europako Batzordera eraman du EH Bilduk

Pernando Barrena europarlamentariak nafar Gobernuak Caparrosoko etxaldeari emandako ingurumen lizentziei eragiten dieten Europako araudien inguruan galdetu dio Europako Batzordeari. EH Bilduren iritziz, «onartezina da behi haztegiak bere ustiapena bikoiztu ahal izatea».

Caparrosoko etxaldearen irudia. NAIZ
Caparrosoko etxaldearen irudia. NAIZ

EH Bilduko Pernando Barrena europarlamentariak Europako Batzordeari zuzendutako galdera bat erregistratu du, Caparrosoko etxaldearen egoerari buruz duen iritzia ezagutzeko.

Era berean, Nafarroako Gobernuak emandako ingurumen lizentziak «animalien tratamendu eta ongizateari, hondakinen tratamenduari eta abeltzaintzako ustiategiei buruzko legeriari buruzko Europako araudia errespetatzen duen» ere galdegin du koalizioak Batzordean.

EH Bilduk ohar baten bidez gaitzetsi duenez, «onartezina da behi haztegiak bere ustiapena bikoiztu ahal izatea, Foru Gobernuak berriki emandako azken lizentziari esker». Koalizioaren iritziz, horrek «ingurumenean dagoeneko dituen ondorio kaltegarriak, erraz egiazta daitezkeenak, bikoiztu egingo ditu».

Zentzu horretan kokatu dute Greenpeacek eta beste erakunde batzuek Caparrosoko behi haztegiaren egoeraren harira egin dituzten salaketak, «enpresaren praktika txarrak agerian jarriz». Honen aurrean, EH Bilduren ustez, «premiazkoa» da «animaliak bai eta gure ingurumena ere arrisku larrian jartzen dituzten gehiegizko abeltzaintza jarduerak mugatuko dituen legedia» martxan jartzea.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Odieta Haranak ingurumen-adierazpen integratua jasotzeko eskubidea zuela aitortu zuen, 3.450 abelburutik 7.200 bururaino pasatzeko.

Bere aldetik, Itziar Gomezek zuzentzen duen Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak epaia onartu zuen, baina halako egituren kokapena «zorrotz arautuko duen marko juridiko baterantz lanean» jarraituko duela iragarri zuen.

Idoia Villanueva eurodiputatuaren bisita

Era berean, Podemoseko Idoia Villanueva nafar eurodiputatuak makroetxaldea bisitatu du Luis Ferreirim espainiar Estatuko Greenpeaceko nekazaritza arduradunarekin batera, makroustiapenak ingurumenean duen eragina bertatik bertara ezagutzeko.

Villanuevak topaketa bat egin zuen hainbat elkarte eta talderekin, hala nola Alnus Marcilla, Compañía de las 3Rs, Kaparrotsuko Gazte Asanblada eta Caparroso, Marcilla eta Villafrancako bizilagunekin.

Eurodiputatuaren arabera, ustiapen-eredu hori «bateraezina» da Europako itun berdearekin eta «lortu nahi dugun landa-mundu biziarekin».

«Enpresa gutxi baina handi batzuentzat onura asko dituen proiektu handi bat izateak ondorio kaltegarriak dakartza gizartearen gehiengoarentzat, ingurumenarentzat, osasunarentzat, ustiapen jasangarrientzat, uraren kalitatearentzat eta ingurunearentzat», adierazi du Villanuevak.