NAIZ
IRUÑEA

Sexu erasoen aurkako protokolo eraginkorrak eskatu dituzte Iruñeko autobus gidariek

Iruñeko autobus gidariak «segurtasun falta egoera oso larrian» daudela salatu du langile batzordeak, haietako batek lanean jasandako azken erasoaren ondotik. Horren aurrean, protokolo «eraginkorrak» aldarrikatu dituzte.

Autobus gidari batek jasandako azken erasoaren ondotik elkarretaratzea egin dute Iruñean. (Iñigo URIZ / FOKU)
Autobus gidari batek jasandako azken erasoaren ondotik elkarretaratzea egin dute Iruñean. (Iñigo URIZ / FOKU)

Iruñeko autobus gidari batek jasandako sexu erasoa salatu dute gaur goizean egindako elkarretaratze batean. Langile batzordeak azpimarratu duenez, «neurriak hartzeko» eskatu dio TCC zuzendaritzari eta Iruñerriko Mankomunitateari, hiri-garraioaren zerbitzuaren arduradun nagusia dela-eta. «Autobus gidariak segurtasun falta pertsonaleko egoera oso larrian uzten ari dira», adierazi du batzordeak ohar baten bidiez.



Bozeramaileek azaldu dutenez, martxoaren 22ko 22.40ak aldera gertatu zen erasoa, 16. linearen azken bidaian, gizon bat autobusean sartu zenean gidariarekin bakarrik bidaiatu nahian. Haren atzean eseri zen, «konnotazio erabat sexualeko jarrera izanik».

Gidariak protokoloari jarraitu zion eta autobus guztiek duten «izu-botoia» aktibatu zuen. Baina, ordu horretan, basean inspektore bakarra zegoen, eta hura, gainera, beste kontu batekin okupatuta zegoen, beraz, ez zuen alarma sumatu.

Langileak Poliziaren aurrean salatu zuen bidaiaria, eta enpresa batzordeak «sexu erasoa» izan zela salatu du, «onartu gabeko ekintza bat izan zelako eta kaltea eragin duelako, eta horregatik jotzen dugu eraso sexualtzat, erasoaren tipologiagatik».

«Berehalako konponbidea»

Egoera horrek «berehalako konponbidea» behar duela azpimarratu du, azken eraso horiek berriro ez errepikatzeko berme baten bila. «KKT batzordeak denbora asko darama publikoki eta Nafarroako Gobernuko erakundeei laneko segurtasun eta osasun arloko neurriak eskatzen. Hori da zerbitzu honetan aspaldi detektatzen diren arazo eta egoera mota horien guztien konponbidea». Zentzu horretan, bermedun zerbitzu publiko bat mantentzea erakunde publikoen «erantzukizuna» dela nabarmendu du eta protokolo «eraginkor» bat eskatu.

Arazo horien jatorria «hiri garraioa bezalako zerbitzu publiko bat pribatizatzea» izan daitekeela adierazi du langile batzordeak. «Interes ekonomiko hutsak lehenesten dituzte, lan baldintza hobeak eta seguruak izatearen aurrean».

Egoera hau iraultzeko, batzordeak premiazko bilera bat eskatuko du Iruñerriko Mankomunitateko presidentearekin, eta, era berean, aurrera begira egin beharreko ekintzak aztertuko dituztela iragarri dute.