NAIZ

Erreferentziazko argazki-liburuen lehen edizioak eskuratu ditu San Telmo Museoak

San Telmo Museoak, Gabriela Cendoya Bergareche Bilduma osatu eta aberasten jarraitzeko asmoz, 30 argazki-liburu berri erosi ditu, tartean Walker Evans, William Klein eta Robert Franken erreferentziazko lanak. Bildumak 2.700 argazki-liburu ditu jada.

San Telmo Museoak eskuratu berri dituen zenbait argazki-liburu. (NAIZ)
San Telmo Museoak eskuratu berri dituen zenbait argazki-liburu. (NAIZ)

Walker Evansen ‘American photograhs’ (1938), William Kleinen ‘Life is good & Good for you in New York: trance, witness, revels’ (1956) eta Robert Franken ‘Les Américains’ (1958) argazki-liburuak daude San Telmo Museoan eskuratu dituen 30 argazki-liburu klasikoen artean. Helburua, dagoeneko 2.700 titulu baino gehiago dituen Gabriela Cendoya Bergareche Bilduma osatzea eta aberastea da. Bilduma museoko liburutegian dago eta edonork kontsulta dezake.

Hiru horiez gainera, Gabriela Cendoyaren aholkularitzarekin, museoak Bruce Davidson estatubatuarraren ‘Subway’ eta ‘East 100th Street’ edo Larry Clarken ‘Tulsa’ erosi ditu lehen edizioan. Bildumagilearen esanetan, horiek «dokumentu garrantzitsuak dira, eta guztiok gertutik ikusi ahal izango ditugu. Hunkigarria da liburu hauen orrialdeak pasatu ahal izatea, liburutegiko bitxiak dira, eta horrela tratatuko dira».

Museotik nabarmendu dutenez, ‘Made in France’ Richard Avedonek Harper's Bazaarrentzat 50eko hamarkadan egindako lana da erosketa hauen garrantziaren beste adibide bat. «Formatu handiko liburu honetan argazkilariaren sekretuak inoiz ez bezala aurkitu ditugu, eskuz idatzitako oharrak barne», zehaztu dute. Heinrich Hoffmannen 1938ko propaganda naziaren panfletoak, bestalde, San Telmon ikusi ahal izan genituen obra historikoak dira, eta orain liburutegiko fondoaren parte ere izango dira.

Programazio egonkorra

San Telmo Museoak argazki-liburuarekin lotutako programazio egonkorra du. Artista batek bere lana aurkezten duen hitzaldi edota solasaldiek osatzen dute nagusiki programazioa eta, aurreratu dutenez, abuztuan book-jockey bat programatu da Juan Ciresen eskutik, argazki-liburu japoniarraren inguruan. Gainera, urte amaieran Gabriela Cendoya Bergareche Bildumari buruzko erakusketa ere antolatuko du museoak, Jon Cazenave argazkilari donostiarrarekin kontatuko duena, komisario lanetan.

Argazki-liburuekiko interesa 2017an iritsi zen museora, Gabriela Cendoya Bergareche bildumagile donostiarraren eskutik. Akordio bat erdietsi zuen museoarekin, bere argazki-liburu bilduma (garai hartan 2.100 aletan zenbatua) liburutegian utzi zuen ikusgarritasuna izan zezan eta interesa duten pertsonei kontsulta errazteko. Horren truke, bilduma erosketa berriekin aberasteko eta adierazpen artistiko mota hori hobeto ezagutzeko kalitatezko programazioa garatzeko konpromisoa hartu zuen museoak. Bilduma museoko liburutegian bertan dago, interesa duen edonoren eskura.