Jon Ormazabal

Altuna eta Jakaren arteko hirugarren «finala», oraingo honetan binaka

Bi bikoteek uste dute unerik onenean heltzen direla larunbateko partida erabakigarrira eta atzelarien lanak lehia asko baldintzatuko dutela uste dute.

Orain arteko bi partidetan Altuna-Mariezkurrena nagusitu dira. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Orain arteko bi partidetan Altuna-Mariezkurrena nagusitu dira. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hiru urte ere ez dira, Sanferminetako Lau eta Erdikoaren baitan, Erik Jakak eta Jokin Altunak euren arteko lehen partida handia jokatu zutela buruz buru. Gogo handia zuen lizartzarrak bere lagun minaren aurka aritzeko, baina oroitzapenak ezin dira okerragoak izan, horrenbeste itxarondako egunean lesio larria egin baitzuen partida 5-2 zela. Gauzak, ordea, ikaragarri aldatu dira azken hilabeteetan eta bi pilotari hauek sasoiko hirugarren «finala» jokatuko dute elkarren artean lau hilabeteren buruan. Buruz Burukoan izan zen lehena eta Jaka jantzi zuen txapela, kaiolan atera zuen arantza amezketarrak eta orain binaka aritu beharko dute larunbatean, Martijarekin Jakak eta Mariezkurrenarekin Altunak. Titulorik ez da izango oraingo honetan, baina bai sari mamitsua, irabazleek finalerdietarako txartela eskuratuko baitute.

Aurtengo txapelketako bi partidetan Altuna-Mariezkurrena irten dira garaile, baina horrek ez du ezertarako balio, amezketarrak ondo dakienez. Iaz esaterako, laugarren sailkatu zen Ladis Galarzarekin, baina euren atzetik sailkatu ziren laso-Albisuren aurka galduta, kanpoan eratu ziren. «Txapelketetan beti uste duzu finala dela partidarik erabakigarriena, baina lehiaketan zehar beti egoten dira lehia oso garrantzistuak. Larunbatekoa hala da, saria handia baita. Gu egoera onetan heltzen gara, partida guretzat erabakigarria dela jakitun gara eta dena emateko prest. Lehenago izan ginen justuago, arazoren batekin, baina orain ondo gaude %100ean, aitzakiarik gabe», azaldu du amezketarrak.

Erik Jakak ere iazko aurrekariak ditu gogoan, Laso-Albisuz gain, lehen ligaxkan seigarren izan ziren Olaizola II.a-Urrutikoetxeak hirugarren izan ziren Artola-Imaz gainditu baitzituzten. «Ea aurten ere hala den, iaz Julenek eta nik zuzenean sailkatzeko zortea izan genuen eta ez genuen halakorik jokatu behar izan. Baina txapelketa hala da, denok dakigu  lehen bietan sartu ezean dena partida bakarrean jokatu beharko dugula», azaldu du Jakak. «Gu behetik gora gatoz, lehen itzulian partida bakarra irabazi ahal izan genuen, baina bigarrenean askoz gehiago lortu ditugu, eman dezakegun mailatik askoz getuago egonda, behetik gora gatoz eta horri heldu behar diogu».

Atzelarien lana

Jaka eta Martijak argi dute txapelketako partida gehienak atzean erabaki direla orain arte eta funtsezkoa izango dela Etxeberrikoak Mariezkurrenari eustea irabazteko aukerak izan nahi badituzte. «Jon pilotari asko ematen dion pilotaria da eta zaila da eustea, baina azkenaldian sentsazio onak izaten ari naiz entrenatzen eta partidan ere hala izatea nahi dut. Jonek eskuinez asko ematen dio, ezkerrarekin apur bat jaisten da eta ezkerra bilatu beharko diot, ea Jakak errematera pasatzeko aukerarik duen».

Jon Mariezkurrenaren iritziz, Jaka-Martija dira egokitu ziezaiekeen bikoterik arriskutsuena, baina itxaropentsu ageri da. «Presioko partida bat da, baina Jokini eta niri halako partidak gustatzen zaizkigu, jokoan asko dutenak, arriskutsuagoak diren arren, energia puntu extra bat ematen dizutelako. Oraintxe fisikoki inoiz baino hobeto gaude, bolada txarrari amaiera eman diogu. badakit ezkerra bilatuko didatela baina horretarako prestatzen gara», gaineratu du.