Eibarren eta Athleticen arteko derbiarekin itzuliko da Liga; Realak EDF Logroño jasoko du

Bigarren derbia jarraian izango da Eibarrentzat larunbat honetan (11.00) Unbek hartuko duena. Realak EDF Logroñoren bisita hartuko du Zubietan (12.45).

Eibarrek garaipena lortu zuen Lezaman lehen itzuliko derbian. (Aritz Loiola/Foku)
Eibarrek garaipena lortu zuen Lezaman lehen itzuliko derbian. (Aritz Loiola/Foku)

Derbi batekin joan eta derbi batekin itzuliko da Liga. FIFA daten etenaldiaren ondoren, Lehen Mailako 26. jardunaldia lehiatuko da asteburu honetan eta Unben hasiko da, Eibarrek eta Athleticek larunbatean jokatuko duten neurketarekin (11.00). Realak, bere aldetik, aste gogor eta garrantzitsu bati emango dio hasiera Zubietan (12.45, LaLigaSportsTV), EDF Logroñoren aurka.

Garrantzia ere ez zaio falta derbiari. Aurkari zuzenak dira Eibar eta Athletic –bi puntuko aldea dute bizkaitarrek– eta erabateko lasaitasuna lortu nahi dute lehen baino lehen. Are gehiago ikusita zein nolako egutegia datorkien, batez ere talde zuri-gorriari. Iraia Iturregik onartu duenez, hurrengo bi partidak, Eibarren eta EDF Logroñoren aurka, erabakigarriak izan daitezke, «ondoren goiko taldeen kontra jokatuko baititugu sei partida jarraian, horietariko bi Bartzelonaren kontra. Epe motzeko helburuekin lan egitea gustatzen zaigu eta argi dago orain sei puntu atera nahi ditugula bi jardunaldi hauetan, 34 punturekin pixka bat lasaiago joateko “Tourmalet” horretara».

Entrenatzaile bizkaitarrak ez du izkutatu, gainera, motibazio «berezia» izango duela Eibarren kontra. «Teknikari talde berria sartu eta bi egunetara beraien kontra jokatu genuen eta partida irabazi ziguten Lezaman. Apurtxo bat errebantxa izateko gogoa badaukagu». Baina nahi eta ahal izan ez dira gauza bera eta Iturregik badaki Unbe «oso zelai konplikatua izango» dela eta Eibar «oso talde landua» dela, «oso konpaktoa eta dinamika txarrean daudenean ere ez dute konfiantza galtzen. Asko sinesten dute egiten duten lanean. Dorronsorok etekin handia ateratzen jakin du oso ondo landuta dagoen taldeari».

Horren aurka, zelaian eta markagailuetan goranzko ibilbidea egiten ari den Athleticek badaki, gutxienez, zer egin behar duen puntuak eskuratu nahi baditu. «Lehenbailehen zelaira ohitu. Aste osoan zehar belar artifizialean entrenatu dugu –azaldu du entrenatzaile zuri-gorriak–. Eta mentalizatuta joan behar gara, agian jokoa zuzenagoa izango dela jakiteko, oso konzentratuta egon behar gara, lehia asko egongo direla, oso oldarkorrak izan behar garela, intentsitate altuz jokatu eta, ahal den heinean ere, gure jokoa jarri behar dugula praktikan. Eta, partida guztietan bezela, oso garrantzitsua izango da azken herenean fin egotea. Beste egunean ere ikusi genuen Realaren kontra jokatu zuten partidan; Realak aukera pilo bat eduki zituen baina ez zuen sartu. Aste honetan ere azken herenean lan asko egin dugu. Eta ezin dugu ahaztu beraien arma oso garrantzitsua Kgatlana dela kontraerasoetan, zainketak oso garrantzitsuak izango dira».

Azken jardunaldiotako dinamikaren bultzadaz gain, albiste on batekin ere prestatu dute zuri-gorriek Unbeko partida, lau hilabeteren bueltan Erika errekuperatu baita. Eta baita Lucia Garcia ere. Biak sartu dira deialdian. Kanpoan geratu dira, berriz, Nekane eta, zigortuta bosgarren txartel horia ikusi ondoren, Oihane Hernández.

Zubietako garaipena, hauspo armaginentzat

Noelia da, bere aldetik, Eibarren baja bakarra Athleticen bisita hartzeko. Gorri-urdinen ibilaldia ez da aurkariaren bezain ona eta, hain zuzen, Lezaman irabazi ondoren hamar jardunaldi eman zituzten garaipen bakar bat lortu ezinik. Baina badirudi inflexio puntura heldu zirela orain dela hiru aste eta Rayorekin berdindu ondoren, garaipen itzela lortu zuten Zubietan, jaitsiera postuetatik berriro urruntzeko eta, batez ere, konfiantza berreskuratzeko. Horrekin batera, «poztasuna» eta «lasaitasuna» hartu zuten armaginek, bere entrenatzailearen esanetan. «Denbora asko zen irabazi gabe. Eta gainera etxetik kanpo lortu, gainera derbi batean eta Reala nola zegoen ikusita… Oso oso pozik amaitu genuen eta lasaitasuna ere izan dugu hamabost egun hauetan lanean jarraitzeko».

Denboraldiko azken derbia datorkio orain Eibarri. Aurrekariak ezin hobeak dira, Realaren aurkako bi neurketetan lau puntu lortu batitutu eta Lezaman irabazi baitzuen. Bihar, hala ere, partida desberdina espero du Iker Dorronsorok. «Gure kontrako partida Iraiaren lehena izan zen eta entrenatzaile batek horren denbora gutxian gauza asko ezin dio erakutsi taldeari, ideia orokor bat transmititu zuela imajinatzen dut. Baina denbora pasa da, hamar partida izan dira berarekin, 14 puntu lortu dituzte… Nik uste dut berak nahi duen taldea ikusten dela zelaian dagoeneko eta beste partida bat izango da, noski».

Gakoa, edozein kasutan, berbera izango da Eibarrentzat. «Beti bezela, oreka mantendu defentsiboki. Badakigu aukera gutxi egin behar dizkigutela, ondo defenditu behar dugula, ez garelako gol asko sartzen duen taldea». Partida «parekatua» espero du Igeldokoak. «Baina etxean jokatzeak beraiek horren eroso ez egoteko aukera emango digu. Nahiz eta irabazi, Lezaman une askotan gu baino erosoago egon ziren baina ondo defenditzen jakin izan genuen. Orain eroso egoteko aukerarik ez ematea nahi dugu».

Realak EDF Logroño jasoko du

Realak Eibarrek sartutako arantza kendu nahi du. Baina bere kasuan EDF Logroñoren aurka izan beharko da, larunbat honetan Zubietan (12.45, LaLigaSportsTV) jokatuko duen norgehiagokan, hain zuzen ere.

Aurreko partidan egindako akats nagusia –bakarra, seguruenik– ez errepikatzen saiatuko dira donostiarrak, goialdeko borrokan jarraitzeko, berriro ere mailari eusteko lanean ari den talde baten aurka. «Eibarren aurkakoa da beheko taldeen aurka izan dugun hutsegite bakarra –gogorarazi du Natalia Arroyok–. Oso zaila da partidak irabaztea. Asko sortzen dugula ikustean, aurkariak asko babesten dira eta hori gertatu zitzaigun. 3-4 aukera garbi eduki eta ez bazara eraginkorra, aurkariak bat aprobetxatu eta partida irabazi dezake. Hortik aurrera gertatutakoa da hobetu behar duguna, naturaltasunez hartu partida batean gertatzen dena. Minutu asko falta ziren partida amaitzeko eta agian azkarregi nahi izan genuen, aulkian geundenok ere, markagailuari buelta eman. 

EDF Logroñoren aurka edozein gauza gerta daiteke ere, Errioxako taldea jaitsiera postuetan dagoen arren: «Gauza asko egiten ditu ondo, erasoan banakotasun onak dauzka eta alternatiba desberdinak menperatzen ditu».

Baina Realak garaipena nahi du. Bihar… eta asteazkenean. Astea gogorra da, Ligako eta Kopako hiru partidekin, baina baita garrantzitsua eta erakargarria ere. «Egutegiaren azken zati honetan, beste helburu batzuk dituzten taldeen aurkako partidak ditugu eta gero buruz buruko “jai amaiera” –adierazi du entrenatzaile txuri-urdinak–. Dena ez dago gure eskuetan baina egin behar duguna egiten badugu, azken unera arte egongo gara hor eta balantza gure alde jartzeko aukera izango dugu». «Eta gero jarraian Kopako final-erdietan sartzeko aukera eskainiko digun neurketa etorriko zaigu. Garrantzi osoa ematen diogu ere», gogorarazi du.