Maite Ubiria

Elkarretaratzea egin dute gaur Biarritzen gertaturiko emakume baten hilketa salatzeko

75 urte zituen Ipar Euskal Herrian indarkeria matxistak aurten eragin duen lehen biktimak. 77 urteko gizonak hil zuen bere etxean, Biarritzen. Emazteari eskopetaz tiro egin eta bere buruaz beste egin zuen gizonak. Asanblada feministak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean.

Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Biarritzen. (Bob EDME)
Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Biarritzen. (Bob EDME)

«Argi utzi nahi dugu ez girela isilik geldituko erasoen aitzinean», adierazi zuen Ipar Euskal Herriko Asanbladak Biarritzen antolaturiko elkarretaratzean parte hartzeko gomita eginez. Deialdiari so eginez hamarnaka lagun elkartu ziren, atzo arratsaldean, hiriko Herriko Etxearen aitzinean bezperan ezagutzera eman zen 75 urteko emazte baten hilketa salatzeko.

«Non aux violences sexistes. Bortizkeria sexistarik ez» zioen banderolarekin batera «maitatzea ez da hiltzea» eta «femismoak ez du inoiz erahil, matxismoak bai» bezalako leloak baliatuz salatu dute Biarritzeko Agilera auzoan gertaturikoa.

Lapurdiko hirian deitutako elkarretaratzeaz gain, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere izanen dira mobilizazioak ondoko egunotan, Emakumeen Mundu Martxak deituta. Larunbatean, Bilbon 13:30etan Arriaga plazan elkartzeko deia egin dute talde feministek, igandean, Gasteizen, 13:00ean, Andra Mari Zuriaren plazan, eta astelehenean, Iruñean 20:00etan Udal Plazan eta Donostian 19:00etan Bulebarrean.

«Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik», adierazi zuen atzo makumeen Mundu Martxak ohar baten bidez.

Baionako fiskaltzak behinik behin «borondatezko homizidio» gisa ezaugarritu du, lehenengo ikerketen arabera, joan zen igandea eta astelehen artean Agilerako apartamendu batean gertatu zen hilketa. Asteazken gauean atzeman zuten suhiltzaileek bikotearen gorpuak.

77 urte zituen gizonak 75 urteko emaztea eskopetarekin tiro bat emanda hil zuen, eta horren ondotik bere buruaz beste egin zuen. Ostegunean ezagutzera eman zen gertakaera.

Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak egun berean baieztatu zuenez etxebizitzan ustezko erasotzaileak emaztea hiltzeko baliatu zuen eskopeta atzeman zuen Poliziak, baita eskutitz bat ere.

Autopsiaren emaitzen zain, gizonezkoak «bere buruaz beste egin aitzin borondatezko homizidioa» burutu zuen hipotesia hobetsi zuen berehala fiskalak.

Ipar Euskal Heriko Kolektibo feministak jasotako zerrendaren arabera, 2005 eta 2020 artean 24 emazte hil dituzte bortxaz Ipar Euskal Herrian. Horietarik 11 tirokaturik erahilak izan ziren.

Eskopetaz tiro eginez 11 emazte hil dituzte

Biarritzen gertaturiko erasoak parekotasun handiak ditu aitzinetik Ipar Euskal Herrian emazteen aurka emandako hainbat erasoekin. Oso urrutira joan gabe 2020ko maiatzaren 6an 83 urteko emaztea hil zuen 89 urte zituen gizonezko batek Angelun.

Kasu batean zein bestean ustezko erasotzailea zein biktima adineko pertsonak ziren. Bi gertakarietan gizonak eskura zuen arma baliatu zuen emaztea hil ondoren bere buruaz beste egiteko. Aipatzekoa da Ipar Euskal Herriko Kolektibo Feministak eginiko bildumari Biarritzen gertaturiko heriotza gehituz, bortxaz hil dituzten 25 emazte horietatik 11 tiroz hil zituztela.

Luze joko balu ere zerrenda osoa zehaztea, 2019ko ekainaren 25ean eskopetaz tiro eginen hil zuen 90 urte zituen gizonak bere emazte zen Chantal Monte (72 urte) Bardozen bere buruaz beste egin aitzin.

2019ko ekainaren 19an 81 adin zuen Mayi Nervi hil zuen Urruñan 83 urte zituen Angelo Nervik horren ondotik bere buruaz beste eginez.

Nervirena izan zen hain zuzen Ipar Euskal Herrian eraso sexistatzat hartua izan lehen hilketa. Hala eta guztiz ere mugimendu feministak lehen unetik salatu zuen hilketa horren aurrean isiltasuna gorde zuen, ohi bezala, garaian Odile de Coral buru zuen Urruñako Herriko Etxeak.

Aurten dagoeneko hiru emakume hi dituzte bortxaz Euskal Herrian. Aizarnazabal, Sestao eta oraingoan Biarritzen gertatu dira hilketa sexista horiek.