Asier Robles

Bi bizimoduren kontrastean oinarritutako eleberria aurkeztu du Xabier Amurizak

‘Uharte bat Venusen’ nobela aurkeztu du gaur Xabier Amuriza idazleak. Bertan, asmatutako uharte baten bidez, bi zibilizazio ezberdinen kontrastea kontatzen du. Bere ideia gaur egungo munduaren antolakuntzari «tripak ateratzea» izan dela nabarmendu du.

Xabier Amurizak ‘Uharte bat Venusen’ nobela aurkeztu du. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Xabier Amurizak ‘Uharte bat Venusen’ nobela aurkeztu du. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Xabier Amurizak (Zornotza, 1941) ‘Uharte bat Venusen’ nobela aurkeztu du ostiral goiz honetan Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean.

Bertsolari, itzultzaile eta idazlea da Amuriza. Hainbat arlo lantzen dituzten liburuak eta zenbait disko argitaratu ditu. Kantarientzat ere letra eta bertso asko egin ditu. Bi aldiz izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelduna, 1980 eta 1982an. 1986tik 1990era Gasteizko parlamentuan egon zen, Herri Batasunaren listetan aurkeztu eta gero. ‘Oromenderrieta’ (1984, Elkar), ‘Emea’ (1985, Elkar), ‘Agur sagar beltzaran’ (2001, Bertsolari). eta ‘Neska bat leku inposiblean’ (2018, Elkar) eleberriak idatzi ditu, besteak beste.

Amurizak NAIZ azaldu dionez, Eleberri berriak bizimodu oso desberdinak dituzten bi zibilizazioren kontrastea du ardatz. Munduan gertatzen den gatazka handi baten ondoren, uharte batean konfinatzen dituzte hainbat pertsona. Biztanle bakarrak dira uhartean. Bizi-senak estuturik, irautea lortzen dute eta bizimodu eta gizarte berri bat osatzen dute.

Handik hainbat urteetara, ozeanoen ikertzaile espedizio bat uharte horretara heltzen da. Txunditurik, berarena baino zibilizazio aurreratuago bat aurkitzen dute uhartean. Hizkuntza ere (euskara) aurreratuago dago bertan.

Eleberriaren protagonista nagusia, espedizioko ikertzaile bat da. Hau, uhartea aurkitu ondoren, bizitzen eta hango zibilizazioa ikertzen geratzen da eta «deskolokatuta» geratzen da. «Uharteko bizimodua oso arraroa egiten zaio ikertzaileari, eta uharteko biztanleei oso arraroa egiten zaie ikertzailearen izaera eta bere munduaz kontatzen diena», azpimarratu du Amurizak. Gertaeren eboluzio «txokante» baten ondoren, bi zibilizazioek talka egiten dute eleberrian.

Idazleak, bere ideia gaur egungo munduaren antolakuntzari «tripak ateratzea» izan dela nabarmendu du. «Gure zibilizazioa beste gizarte inteligenteago batekin kontrastatu nahi izan dut. Hortik doa nobela. Nire pentsaera edo sentierari espresio literario bat eman diot liburu honetan, eta oso pozik nago. Uharte hori nik asmatu dut, eta existitzen ez den arren, hor dago nire burua eta nire sentimenduak. Nolabaiteko utopia da irla hori, suguruenik inoiz existituko ez den gizartea edo bizimodua», azaldu du Amurizak aurkezpenean.

«Eleberrian, argumentu asmatu baten gainean, gizarte aurreratu baten antolakuntza erabat errealak talka egiten du beste gizarte aurreratu baten antolakuntza ez gutxiago erreal, baina oso ezberdin batekin. Diferentzien adierazleetako bat hizkuntza bera da, delako uhartean beste estadio batean aurkitzen baita», dio nobelaren sinopsiak.

Erroteta argitaletxeak editatu du nobela, eta 180 orrialde ditu.