NAIZ

H&M enpresak Euskal Herrian 56 langile kaleratzeko asmoa du

H&M arropa-denda enpresak Euskal Herrian 56 langile kaleratu nahi ditu: 30 Bizkaian, 18 Gipuzkoan, 4 Araban eta beste 4 Nafarroan. Estatu osoan 1.100 izango lirateke kaleratzeak aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen arabera (EEE).

Gaurko protesta elkarretaratzea Donostian, Garbera zentroaren aurrean. (ELA)
Gaurko protesta elkarretaratzea Donostian, Garbera zentroaren aurrean. (ELA)

H&M enpresak Estatu mailan hasitako kaleratze kolektiboaren prozedurako negoziaketa mahaia eratu du gaur eta prozesuari dagokion dokumentazioa eraman du mahaiara.

Zentro bakoitzean kaleratuak izango diren langile kopurua ere jakinarazi du enpresak: 1.100 Estatu mailan izago dira kaleratuak eta Euskal Herrian 56, horrela banatuak: 4 Araban (Boulevardeko dendan); 4 Nafarroan (2 Iruñean eta beste 2 Itaroan); 30 Bizkaian (5 Arean, 9 Zubiarten, 8 Artean eta beste 8 Ballontin); eta 18 Gipuzkoan (2 Txingudin, 2 Garberan eta 14 Cosen, Donostian).

ELA sindikatuak gogor errefusatu du EEE hau «Estatu mailan negoziatzea, horren ondorioz CCOO eta UGT bezalako sindikatuek gure kaleratzeei oniritzia eta sinadura eman baitiezaieke», salatu du.

Sindikatu honen esanetan ezin dute onartu «digitalizazio prozesuaren aitzakiapean langilerik kaleratzea. Bitxia da, baina kaleratzeengatik kaltetutako langileen gehiengo ikaragarri bat zaintzagatiko lanaldi murrizketa duten amak dira».

ELArentzat egoera hau «aberrazio bat da» eta «gaur gertatutakoak berretsi baino ez du egiten hasiera batetik defendatutakoa: mobilizazioa eta greba dira bide bakarrak enpresak atzera egin dezan EEE eta MSCT prozeduretan».

Greba dendetan egun hauetan

Atzo eta gaur greba burutu da Euskal Herriko dendetan eta ELAk «guztiz arrakastatsuak» izan direla baloratu du: «salmenta geldiarazi dugu».

Sindikatuak adierazi duenez, «hori da bidea, eta bide bakarra da saihestu nahi badugu H&M, CCOO eta UGTk gure kaleratzeei oniritzia emango dien akordio bat sinatzea (hala gertatu da, izan ere, duela oso denbora gutxi, ehungintzako beste enpresa batzuetan)».

ELAren komunikatuaren arabera «grebek aurrera jarraituko dute eta H&Mko langile guztiei argi esan nahi diegu: ez amore eman, jarraitu borrokan eta babestu jarraipen masiboaren bitartez datozen egun eta asteetako grebak apirilaren 24, 29 eta 30ean, greba mugagabea hasiko dugularik maiatzaren 3an».