NAIZ

Bi liburu batu dira Toti Mtz. de Lezea Liburutegira

Erein argitaletxearen Toti Mtz. de Lezea Liburutegiak bi liburu batu ditu idazleari eskainitako bilduma honetara: ‘La herbolera’ eta ‘La komunera’, egile gasteiztarraren bi klasiko.

Toti Martinez de Lezearen liburuek osatzen dute bilduma. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Toti Martinez de Lezearen liburuek osatzen dute bilduma. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Toti Mtz. de Lezea Liburutegia egile gasteiztarraren obrak era bateratuan eta edizio berrituan aurkezteko sortu zuen Erein argitaletxeak. Orain artean ‘El jardín de la oca’ eta ‘El verdugo de Dios’ gisako liburuen berrargitarapenak batu ditu eta, orain, beste bi liburu bidu dira zerrendara: ‘La herbolera’ eta ‘La comunera’, egile gasteiztarraren bi klasiko.

‘La herbolera’ liburuan 1500. urteko Durangora garamatza Mtz. de Lezeak, Euskal Herriko historiako lehen sorgin ehizatzat hartzen denean murgiltzera. Catalina de Goienaren eskutik, Europa osoan milaka emakume sutan erretzera kondenatu zituzten inkisidoreen aurreiritzi eta obsesioak ezagutuko ditu irakurleak. Catalina gaztea sendatzaileen biloba da, Anboto mendiaren magalean jaioa, eta Durangora emagin lanbidea ikastera abiatzen denean mundu berri bat irekiko da bere begien aurrean. Sutan erretzera kondenatu zituzten hamairu emakumeen historia gertutik biziko du.

Bildumara batu den bigarren liburuan, ‘La comunera’, bestelako emakume bat da protagonista: Maria Pacheco, ‘Gaztelako lehoia’ izengoitiaz ezagun egin zena. Juan de Padillarekin batera Carlos V.aren boterearen aurka borroka egin zuen, baina galtzaie suertatu ziren. Maria Pacheco Portugalera erbesteratu eta bertan hil zen, 35 urterekin, familiaren bazterketa pairatu ostean. Mtz. de Lezearen kontakizunean emakume menderakaitz eta borrokalari gisa aurkezten da Pacheco, bere ekintzez damu ez dena eta duintasunari eusten diona.