NAIZ

‘Geuretik Sortuak’ proiektuan parte hartuko duten 26 artistak aurkeztu ditu Udalbiltzak

Literatura, antzerkigintza eta zinegintza arloko 26 artista hautatu ditu Udalbiltzak ‘Geuretik Sortuak’ proiektuan parte hartzeko. Bakoitzak hiru astera bitarteko egonaldia egingo du bere bizilekua ez den herri batean. 16 ipuin, 5 antzezlan eta 5 film labur sortuko dira egonaldi horietatik.

Udalbiltzako ‘Geuretik Sortuak’ proiektuaren aurkezpena. (Raul BOGAJO/FOKU)
Udalbiltzako ‘Geuretik Sortuak’ proiektuaren aurkezpena. (Raul BOGAJO/FOKU)

Udalbiltzak ‘Geuretik Sortuak’ kultur-egitasmoan parte hartuko duten artistak aurkeztu ditu astelehen honetan. Proiektu honek euskal kultura Euskal Herriko bazterretara eramatea du helburu, sormen egonaldien eta bertatik sortzen diren obrekin egingo den hedapen-zirkuitu baten bitartez.

Hautatutako artistek euren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko.

2021eko urtarrilean ireki zen artisten beka-deialdia, eta bertatik 73 proposamen artistiko jaso ziren; 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. «Artistei proposatzen zitzaiena, guztiz berritzailea izateaz gain, ez zen lan makala: zein herritara joango ziren jakin gabe, euren proposamen artistikoa azaltzean zetzan, baita eremu ezberdinetara egokitzeko malgutasun planteamendu bat aurkeztean ere», azaldu du Udalbiltzak.

Hamar pertsonaz osatutako epaimahai baten bitartez, martxoaren 23an erabaki zen zein artistak jasoko zuten beka hori; eta hurrengo egunean egindako beste saio batean erabaki zen zein udalerritara joango zen artista bakoitza.

Orotara, 26 artista izan dira hautatuak; horien artean kulturaren munduko zenbait izen handi, baita berri eta ezezagunagoak diren batzuk ere. 16 idazle, 5 zinegile eta 5 antzerki konpainia dira. Hautaketan «era guztietako heterogeneotasuna» bermatu nahi izan dela adierazi du Udalbiltzak, «proposatutako gaien, adin-tartearen edota lurraldetasunaren aldetik, baita genero parekidetasuna ere».

Hautatuak

Litaratura arloan hauek dira hautatutako artistak eta zein herrietan egingo duen egonaldia artista bakoitzak: Maitane Perez (Amasa-Villabona), Iñaki Martiarena (Araitz, Betelu eta Larraun), Ugaitz Agirre (Artziniega), Yolanda Arrieta (Etxarri Aranatz), Nahia Zubeldia (Larrabetzu), Garazi Albizua Castelao (Leitza), Nefer Olaizola (Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre), Maialen Akizu (Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla), Sarai Robles (Ondarroa eta Berriatua), Iban Garro (Urepele), Itxaro Borda (Usurbil), Edorta Jimenez (Uztaritze), Peru Calabaza (Zaldibia), Danel Lauzirika (Zestoa), Bertol Arrieta (Zuia) eta Fito Rodriguez (Zumaia).

Zineman: Raul Barreras (Hernani), Josu Martinez (Baigorri), Leire Egaña (Galdakao), Kamikaz kolektiboa (Tafalla), Eñaut Castagnet (Bera eta Lesaka)

Antzerki arloan hauek dira hautatutako konpainiak eta herriak: Tanttaka teatroa (Arrigorriaga), Metrokoadroka sormen laborategia (Atarrabia eta Uharte), Oier Zuñiga (Bergara), Lore-more konpainia (Oiartzun), Bon bon noir konpainia (Oñati)

Ekitaldia

Hautatu diren kultur proposamenen berri emateko, udalerrietako ordezkariek eta hautatuak zian diren artistek elkar ezagutzeko eta egonaldi garaiari hasiera ofiziala emateko, Udalbiltzak maiatzean prentsaurreko ekitaldi bat antolatzeko asmoa duela jakinarazi du.