Oihana Aranak ‘Lazunak azkazaletan’ poema liburua eman du argitara

Oihana Arana Eskoriatzako idazleak ‘Lazunak azkazaletan’ poema liburua eman du argitara. «Domestikotasunari» buruzko 5 olerki-kapitulu ditu obrak, aurkezpen-poema bat eta epitafio batez gain.

‘Lazunak azkazaletan’ poema liburua idatzi ditu Oihana Aranak. (Gorka RUBIO/FOKU)
‘Lazunak azkazaletan’ poema liburua idatzi ditu Oihana Aranak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Oihana Arana Eskoriatzako idazleak ‘Lazunak azkazaletan’ (Susa) poema liburua aurkeztu du astelehen honetan Donostiako Udal Liburutegian. Liburua bost atalez osatuta dago, bai eta sarrera gisako testu batez eta epitafio batez ere.

‘Lazunak azkazaletan’ liburuak autorearen sentimenduak biltzen ditu: penak eta pozak, maitasunak eta gorrotoak. Aranak azaldu duenez, «jakin-minetik sortutako poemak dira», baina esan «sekula erantzunik emateko intenziorik gabe».

Halaber, autoreak definitu duen bezala, liburuak «5+2» kapitulu ditu. Hasieran, aurkezpen gisa, ‘Fikzioaren apologia’ topatuko dugu, non «poesian fikzioak izan behar duen lekua» aldarrikatu nahi izan du. Jarraian, «domestikotasunari» buruzko bost olerki-kapitulu. «Poemak idazteko, domestikotasuna hartu dut marko orokor gisa. Eta poema domestikoak izan dira emaitza, etxeari buruzkoak, zentzu zabalenaz ari naizela kontuan hartuta», azaldu du.

Lehenengo zatiak, ‘Lurrikara sinbolikoak’, jendarteari buruzko poemak biltzen ditu, poema-liburuko «kritikoenak». Ondoren, ‘Konstelaziogintza’ kapituluan, gaua eta zeruko elementuak «aitzakia» gisa ageri dira beste gai batzuei buruz hitz egiteko, bakardadeari edo maitasunari buruz, esaterako. Aranaren arabera, poema horiek «zeruari lapurtutako berbekin idatzitako poemak».

Hirugarrenik, ‘Herdoildutako Aldamioak’ aldamio batek bezala herdoildu daitezkeen gizarte-harremanak aipatzen ditu. Zati honetan hasten dira «poema intimogoak». Laugarren zatian, ‘Etxeak’, Aranak habitatzen ditugun eremuak aztertzen ditu, fisikoak ez ezik, psikologikoak eta sinbolikoak ere. Azken kapituluan, ‘Arrainontzi bat buruan: Jostailuzko eskafandra’, bakoitzak bere gorputzarekin dituen harremanak, plazerrak, beldurrak eta ezkutuko beharrak aztertzen dira. ‘Lazunak azkazaletan’ bildumak ‘Post data’ izena duen zatia du amaiera, liburuaren epitafioa.

Guztira, eguneroko elementuei eta elementu pertsonalei buruzko 50 testu baino gehiago, idazlearen bizitza gainditzen duen gizartearen erretratua egiteko, gizarteari, zeruko elementuei, harreman sozialei, habitatzen gaituzten espazioei, gorputzari, era ironikoan ere, erreparatuko dienak.