Asier Robles

Arrantza eta itsas mundua ardatz duen poesia-liburua argitaratu du Pako Aristik

‘Ni eta Gu. Zazpigarren uhina’ poesia-liburua aurkeztu du Pako Aristik. Itsasoa eta arrantza mundua ditu ardatz; izan ere, portuan ibiltzen den jendearekin izandako solasaldietatik abiatu du idazleak bere poesiako zazpigarren lana.

Pako Aristi ‘Ni eta Gu. Zazpigarren uhina’ poesia-liburua aurkezten. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Pako Aristi ‘Ni eta Gu. Zazpigarren uhina’ poesia-liburua aurkezten. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Pako Aristik (Urrestilla, 1963) ‘Ni eta Gu. Zazpigarren uhina’ poesia-liburua aurkeztu du asteazken goiz honetan Donostiako Udal Liburutegian. Erein argitaletxeko Inazio Mujikarekin batera, itsasoa eta portuko bizitza ardatz dituen poema sorta hauen nondik norakoak azaldu ditu.

Aristi kazetaritzan lizentziatua da. 21 urterekin atera zuen bere lehen nobela, ‘Kcappo’ (1985), eta geroztik idaztera dedikatu izan da, kazetaritza baztertu gabe. Genero asko landu ditu. Narratiban beste lau nobelaren egilea da, ‘Irene, Krisalida, Urregilearen orduak’ (Kritika Sari espainiarra, 1998) eta ‘Rosa itzuli da. Auto-stopeko ipuinak’ ere idatzi du, eta liburu berezi batzuk ere baditu generoen mugak hautsiz eginak: ‘Gauza txikien liburua’ eta ‘Note book’, guztiak Erein argitaletxean. Haur literaturan ere oparo jardun du.

‘Ni eta Gu’ poesiako zazpigarren liburua da. Aurrekoak hauek dira: ‘Castletown’ (1996, Erein), ‘Oherako hitzak’ (1998, Erein), ‘Libreta horiko poemak’ (2003, Susa), ‘Urari ostutako poemak’ (2014, Susa), ‘Arrotz eta eder’ (2016, Susa) eta ‘Maitatu zure egunak’ (2018, Erein).

Portuan

Poema askoz osatuta dago poesia-liburu berri hau, eta itsasoa eta itsas-gizonak ditu ardatz: «Itsas-gizonen lanak eta orduak. Eta haien ispilu aurrean poetarenak».

Aurkezpenean azaldu duenaren arabera, Getariako arrantzaleak izan ditu bidelagun Aristik poema liburu hau osatzeko garaian. «Portuan izandako solasaldietatik abiatuta, arrantzaleen esperientzietatik… hitzak ere arrantzale mundukoak topatuko ditu irakurleak», nabarmendu du.

«Aristik filosofia bat erakusten digu, bizimodu bat, etika bat. Bere poesia oso humanoa da, gizakia da gauza guztien neurria. Ez da poesia lirikoa, eta are gutxiago epikoa. Poesia xumea da, gauza txikiei begiratzen dakien poesia baina oihartzun handia duena», aipatu du Inazio Mujikak, Erein argitaletxeko editoreak.

Duela bi edo hiru urte hasi zen idazten Aristi liburu hau eta, aurkezpenean jakinarazi duenez, agertzen diren pertsona batzuk hil egin dira. Pertsonen heriotzaz gain, «hilzorian dauden ofizioak» agertzen direla esan du autoreak.

Getariaz gain, Zestoan eta Orion daude kokatuta poemak. Gainera, paisaien eta pertsona batzuen argazkiak erantsi dizkio Aristik liburuari.

‘Ni eta Gu’, horra bizitza osoan gizakiak bizi duen dikotomia, batzuetan erosoa, besteetan gatazkatsua. Haurtzaroan eman zaion informazioarekin borroka egin beharko du gero, ahots propio bat aurkitu arte, begirada berriak, gogoeta iturri ezberdinak. Eta guztiaren lekuko erraldoia, itsasoa, haren inguruan umotu diren bizitzen kronikak poetari inspiratu dizkion presentzia infinitua, agortezina», dio liburuaren sinopsiak.