Maider Iantzi Goienetxe

Jende likidoaren lekukotasuna jaso du Nerea Arrienek, perspektiba ariketa bat eginez

Nerea Arrien Elordi lekeitiarraren ‘Jende likidoa’ (Erein) ipuin liburu bat da, baina nobela batek bezala, giro bat sortzen du, Zigmunt Baumanen modernitate likidoarena. Etxeetan bezala, tabike hutsek banatzen dituzte narrazioak eta bizilagunen hotsak entzuten ditugu, baita haiek gureak ere.

Nerea Arrien zoom batekin hurbildu da marea likidora eta jende herratia, zalantzatiari begiratu dio. (Jon URBE/FOKU)
Nerea Arrien zoom batekin hurbildu da marea likidora eta jende herratia, zalantzatiari begiratu dio. (Jon URBE/FOKU)

Itsas mitologiatik urrun dabiltzan uretan aurki ditzakezu Nerea Arrien Alordiren ‘Jende likidoa’ (Erein) liburuko protagonistak. Ahab kapitaina eta Moby Dicken epikaren ifrentzuan. Txitxarro arruntaren edota zilar arrain ziztrinaren parean. Egileak adierazi bezala, «domestikoak» dira, baina ez horregatik sinpleak edo xaloak. Amonak beti esaten zion: «Ez jarri hori, sinplea politena da beti». Idazle lekeitiarrak hortik ihes egin du, domestikotasun horretan lore arraroak jarriz; «sofistikazio puntu bat».

Astelehen honetan Donostiako Udal Liburutegian Inazio Mujika editorearekin batera egindako aurkezpenean, «perspektiba ariketa» gisa definitu du Arrienek bere obra. Hasieran begiralea kanpokoa da, era orokorrean begiratzen du Zigmunt Baumanen marea likidoa. Hortxe ikusiko ditu gizarte likidoaren gaiak, liburuaren habe izango direnak: maitasun likidoa, polimaitasuna, ezerezaren sentsazioak, bakardadea, irudiaren tirania…

«Perspektiba hori aldatzen joango da, zoom batekin hurbilduko gara marea likidora eta jende likidoa aukeratuko dugu, pertsonaia bakoitza hartuko dugu. Guztiek dute kanpo azal edo geruza amankomun bat: herratiak, zalantzatiak dira, eta alderrai ibiliko dira. Kanpo geruza hori iragazkorra izango zaie, beraien minak, bideak, pozak, bustita egongo dira garai likido hauetako gaiekin», adierazi du Donostian bizi den eta bertan irakasle aritzen den idazleak.

Fikzioa izan da apustua

«Pertsonaiak bustita egongo dira eta uneoro interpelatuko dute garai likidoa. Beraiek ez dakite, baina irakurleak bai», zehaztu du. Hori izan du erronketako bat, beraiek baldin balekite zerk baldintzatzen duen beren bidea, liburuak saiakera zentzua hartuko lukeelako eta fikzioa izan delako egilearen apustua. Ez da Baumanen inolako eztabaidarik agertuko. Istorioak dira, likidoan, urean oinarrituak.

Baina ura ez da gai epiko edo mitologiko bat bezala agertuko. Uraren bestelako ezaugarri batzuk hartu ditu: bere isiltasuna, baretasuna, moldagarritasuna, erritmikoa izatea, higatzeko duen gaitasuna. Egunerokotasuna ere halakoa delako. Eta ipuin hauek egunerokotasunean oinarrituta daude.

«Horregatik, aukeratutako urak prosaikoagoak dira: estoldak, malkoak, balde bat lixibaz betea, akuariumeko piszina bat, hoditeriak, arraska buxatuak…». Baldeari lotuta bebarru garbitzaile bat dator, bada arkitekto bat labarren ondoan etxeak egiten dituena… Pertsonaiak irudi horiekin lotuta datoz eta fauna akuatiko bat osatuko dute.

Uraren zikloak biltzen du guztia

Jende likido hau plastikoa da. «Ez dut beldurrik izan likido hori hedatzeko, aske uzteko, karikaturizatzeko, fantasiara jotzeko. Batzuetan teatralak dira, besteetan ertzetan daude. Baina beti sentsazioa izan dut hori positiboa izan dela liburuarentzat. Ertzetakoak imanak dira, itsasi nahi dute», agertu du lekeitiarrak.

Biokimika eta piano ikasketak ditu Nerea Arrienek eta nabari da hori liburuan. Alde batetik, lizentzia poetiko bat hartuz, uraren zikloaren barruan bildu du dena. «Kostaldeko herri txiki bat da abiapuntua. Bizitza zaharra, berun hori. Baina kostaldeko herri horiek ere desagertzen dira, ez dago baxurarik, alturarik, kirol portu bilakatzen dira. Identitate asko izateko aukera ematen digu, batzuk ama dira, baina izan daitezke lagunak, langileak, emazteak… dena izateko aukera ematen dizu gizarte likidoak, zenbat eta gauza gehiago izan, gehiago kontsumituko duzulako. Ura izan liteke lurruna, gasa, solidoa… baina azkenean uraren zikloan daude denak kateatuta, tranpa likido horretan».

Bestetik, maite ditu liburuetako soinu bandak eta musika asko dago liburu honetan: bluesa agertzen da, eta Marisol.

Pandemia garai honetan, guztia hodeira joan zaigu, guztia lurrundu da: medikua, eskola… Eta eferbeszente bihurtu baino lehen, urezko jendearen lekukotasuna jaso eta liburu hau idatzi nahi izan du.