Asier Robles

Isiltasuna, hitza eta zaratari buruzko poesia liburua aurkeztu du Maixa Zugastik

‘Hostoen hezurdura unatua’ poesia liburua argitaratu du Maixa Zugastik. Isiltasuna, hitza eta zaratari buruz hitz egiten duten hiru ataletan banatuta dago eta Balea Zuria argitaletxearekin atera du.

Maixa Zugasti ‘Hostoen hezurdura unatua’ poesia-liburua aurkezten. (Jon URBE/FOKU)
Maixa Zugasti ‘Hostoen hezurdura unatua’ poesia-liburua aurkezten. (Jon URBE/FOKU)

Maixa Zugastik ‘Hostoen hezurdura unatua’ poesia liburua aurkeztu du ostiral eguerdi honetan Donostiako Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan. Balea Zuria argitaletxeak editatutako lana da.

Zugasti Tolosan jaio zen, 1973an. Deustuko Unibertsitatean Hispaniar Filologia ikasketak egin ondoren, literatura irakasle ari da lanean. Irun Hiriko Literatura saria irabazi zuen 2017an, ‘L.A.A.’ eleberriarekin. Ondoren, 2018an, ‘Ahotsak eta itzalak’ argitaratu du Erein argitaletxean. 2019an ‘Tximeletak hondartzan’ (Erein) idatzi zuen.

Gaur aurkeztutako ‘Hostoen hezurdura unatua’ liburuan duela lau edo bost urte idatzitako poemak daudela esan du Zugastik. Hiru ataletan dago banatuta eta bakoitzak 10 poema ditu.

Isiltasunari buruzkoa da lehenengo atala. Gizartean nahiko kontzeptu «ezkorra» dela uste duela azaldu du idazleak, «askotan bakardadearekin, hutsunearekin, heriotzarekin... lotzen dena». Poematan, isiltasuna alde ezkor horrekin lotu du Zugastik. «Heriotzaren isiltasuna, larriminak sortzen duena, amodio galduarenak, sekretuenak, ulertu ezin den krudelkeriarena...». Baina, era berean, «bakardadeari lotuta dagoen behar beharrezko den zerbait» dela nabarmendu du ere.

Bigarren blokea hitzari buruzkoa da: «Garai gogorra da hitzarentzat, manipulaziorako tresna bihurtuta ageri da. Interesen arabera errealitatea moldatzen du», adierazi du idazle tolosarrak. Horren aurrean, hitzen ezagutza pentsamendua sakonago bat izateko aukera ematen duela azpimarratu du.

Zarata du mintzagai hirugarren eta azken atalak. Zugastik azaldu duenez, «bizi dugun gizarte zaratatsua» du oinarri. «Benetan onak diren tresna eta gauza asko antolatu ditugu, baina zaratatsuak bihurtu ditugu. Algoritmoen menpe jarri ditugu kultura, komunikabideak eta sare sozialak, eta gizarte zaratatsu bat eraiki dugu», azaldu du.

Horri buruzko gogoeta egiten du Zugastik poemetan, eta zarata sufrimenduarekin, beldurrarekin, gezurrarekin edo oroitzapenekin agertzen dela azaldu du.

Zugastik eskerrak eman dizkio Balea Zuria argitaletxeari. «Ohore bat izan da beraiekin lan egitea, editoreak miresten ditudan idazleak direlako, asko maite ditudan idazleen lanak argitaratu dituztelako, eta pentsamendua eta poesiaren lotura azpimarratzen duen argitaletxea delako».