NAIZ

SOS Arrazakeria Gipuzkoa: kale egoeran dauden gazte etorkinen %84k arazoak izan ditu poliziekin

SOS Arrazakeria Gipuzkoak Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako txostenaren arabera, kale egoeran dauden 18 urtetik gorako gazte migratzaileen %84k «momenturen batean» arazoak izan ditu Poliziarekin.

SOS Arrazakeriako kideak Gasteizko Legebiltzarrean. (@Sos_Arrazakeria)
SOS Arrazakeriako kideak Gasteizko Legebiltzarrean. (@Sos_Arrazakeria)

SOS Arrazakeria Gipuzkoak kale egoeran dauden etorkin gazteen aurkako «polizia-jazarpena» salatu du txosten baten bitartez. Azterlanaren arabera, gazte etorkinen %30ak adierazi du Ertzaintzaren partetik irainak jaso dituela, %14k Udaltzaingoarenak, %11k Polizia espainolarenak eta %5ak segurtasun pribatuarenak.

‘Osasun larrialdian kale egoeran dagoen populazioa: atzemandako beharrak eta artatzeko egitekoak’ ikerketak EHUko Gizarte Psikologia sailaren eta Harrera Sarearen laguntza izan du eta astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarreko Instituzioak, Gobernantza Publikoa eta Segurtasunaren komisioan aurkeztu dute elkarteek.

Lanaren arabera, kale egoeran dauden 18 urtetik gorako gazte migratzaileen %84k «momenturen batean» arazoak izan ditu Poliziarekin. %30ak esan du «askotan» izan dituela gatazkak Ertzaintzarekin, %19k Udaltzaingoarekin, %8k Polizia espainolarekin eta %16k segurtasun pribatuko agenteekin.

Deskribatzen dituzten arazoek zerikusia dute Ertzaintzak dokumentazioa eskatzearekin, hau da, galdetutakoen %57k; Polizia espainolak %46, Udaltzaingoak %27 eta segurtasun pribatuak %11.

%24k dio Ertzaintzaren «erasoren bat» jasan duela, %14k udaltzainenak eta %8k Polizia espainolarenak. Haien testigantzen arabera, %24k uste du jasotako tratua «txarra edo oso txarra» izan dela, %27k «normala», %9k «ona» eta %4k «oso ona.

SOS Arrazakeriak ateratako ondorioetan azpimarratzen du elkarrizketatuek «estigmatizazioa» jasaten dutela, «kalean modu iraunkorrean gelditzen baitzaie eta erregistratu egiten baitituzte».

2020ko konfinamenduan, elkarrizketatuen %11k adierazi du herritarren gaitzespenak jaso dituela, eta %42k adierazi du Poliziaren arreta deiak jaso dituela horren ondorioz.

Txostenak dioenez, gazteen «erdiak baino gehiagok izan zuten covid-19arekin lotutako sintomaren bat, «baina soilik portzentaje txiki bat ikusi zuen mediku batek».

Azterlanean parte hartu duten gehienak «urtebete» egon dira kale egoeran, eta instituzioek etxegabeentzat prestatutako baliabideetara jo dute. Baina bertara jotzen duten gehienek drogarekiko mendekotasun arazoak edo bestelako egoera «kronifikatuak» bizi dituzte, gazte etorkinen egoeraren oso bestelakoak.

Kolektibo honen beharren artean «instituzioek eskaintzen ez duten» eguneroko elikadura nabarmentzen da, baita tramitazio administratiboetan laguntza falta ere.

Laginaren herenak ez du laguntzarik jasotzen, eta gainerakoek administrazioaren edo gizarte-erakunde baten prestazioren bat dute.