Maider Iantzi Goienetxe

Patri Urkizuk 50 urtetako bere obra bildu eta denen eskura jarri du

Idazlanak eta ikerketak oparo egin ditu Patri Urkizu Sarasua irakasle eta idazleak 50 urteotan. Orain, ekarpen horiek guztiak jaso, eta webgune batean jarri ditu nahi duen orok erabiltzeko. «Zerbitzu gisara» ematen ditu, «lagungarri eta gozagarri izan daitezkeelakoan».

Patri Urkizu, Lezoko bere txoko maite batean, webgunea aurkeztu zuen egunean, joan den apirilean. (Maialen ANDRES/FOKU)
Patri Urkizu, Lezoko bere txoko maite batean, webgunea aurkeztu zuen egunean, joan den apirilean. (Maialen ANDRES/FOKU)

Patri Urkizu Sarasua (Lezo, 1946) Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean, 1970ean. Bertan, besteak beste, Koldo Mitxelena izan zuen irakasle. Berak zuzenduta Euskal Filologian doktore gradua lortu zuen “Pierre d´Urteren hiztegia. Londres 1715” tesi lanarekin (EHU, 1986). Errenteria eta Donostiako Institutuetan lehenik, eta gero EUTGn, Bordeaux III Michel de Montaigne-n, eta Madrilen UNEDeko Unibertsitateetan euskara eta euskal literatura zabaldu ditu.

«Atzera begira, konturatzen naiz ikerketan gehienbat bertso zaharrak argitaratu ditudala, ezezagunak. Orreagako artxiboan Bernart Etxepareren dokumentu bat aurkitu nuen. Parisko liburutegietan ere altxor batzuk topatu nituen. Eta Italian, euskal atsotitz batzuen bilduma bat. Ezkutuan zeuden poema eta bertso aski eder horiek modurik txukunenean erakusten saiatu naiz», agertu dio GARAri. Adibidez, “Euskal Antzertia” (Antzerti 1984) eta “Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak” (Etor 1991).

Liburu ugari plazaratu ditu aspaldiko urteetan Donostian bizi den lezoarrak, horietako batzuk bakarrik eta bertzeak elkarlanean. Ikerketa eta dibulgazioaz gain, poesia eta narrazioa egin ditu: “Dorrejilko kanta” (1977), “Zeren azken finean” (1984), “Zoazte hemendik” (1995)… Saiakera eta artikulu aunitz idatzi ditu, bereziki bertsogintzaz eta euskal teatroaz.

Gune bizia izatea nahi du

40 urtez aritu da irakasle, 15 institutuan eta 25 unibertsitatean. «Jubilatu nintzenetik, zerbaitetan entretenitu behar eta ohitura hartua neukanez idazten segitu dut. Banituen lantxo batzuk, eta emazteak esan zidan interneten jarri behar nituela. Ortzaizeko lagun bat dut, Jean-Baptiste Orpustan, webgune bat duena, Tipirena.net. Eta nik ere lanak jende guztiaren esku uztea pentsatu nuen, gozagarri, eta zerbitzu gisa ere bai, ikasle edo euskaltzaleentzat. Semeak, Urtzik, ere esan zidan interesgarria litzatekeela. Amore eman nuen eta horretan saiatu naiz, lagun zahar batekin, Patxi Intxaurrandietarekin, eta Gernikako taldetxo batekin. Ez dago obra osoa hor sartua, ordenagailuko zoko batzuetan artxibo batzuk gelditu dira. Probisionala da; hobekuntzak, eransketak… behar ditu. Eta eguneratzea espero dut».

«Ez da nire testamentua –argitu du, irribarrez–. Oraindik gehiago bizitzeko asmoa eta gogoa badaukat eta bitartean zerbait gehiago bururatuko zait. Luma zorroztuko dut».

Webgunean sartu orduko, Patriurkizu.eus-en, biografia txiki bat agertzen da sarrera gisa. Eta goialdean zazpi atal ikus daitezke. Horietako lehena autobiografia zabal bat da, 2011n hasi zuena, giltzurrunetik operatu zutenean, «denbora pasa». Irudi, argazki zahar eta komentarioekin liburuxka batzuk egin zituen etxekoentzat. «2014an gelditu nintzen. Noizbait agian eguneratuko dut».

Argitasun izpi bat historiari

Idazleak, 1979tik 1983ra frankismoaren ondotik Lezoko lehen alkatea izan zenak, adierazi duenez, memoria hauskorra da. «Oroitzapen lanbrotsuak ditut eta Salamancan nintzenean, edo gaztetxotan komentuan, zer gauza gertatzen ziren, zein irakasle nituen... argitasun izpi bat jarri nahi izan dut nire historian eta bizitzan. Karta zaharrak bilduak nituen. Jende onarekin harremanetan egotea suertatu zitzaidan. Garaiko nire ikaskideek, lagunak izan direnek, zerbait oroitu nahi badute, edo erantsi, hor daukate».

Bigarren atala 42 orrialdeko katalogo bat da. Lanen azalak eta loturak eman ditu bertan, 271 guztira. Hurrengo saila ikus-entzunezko batzuek osatzen dute. Eta laugarrenean, argazki bilduman, 75 bat irudi jaso ditu. Horietan agertzen dira Lezoko historia, aitona-amonak, lagunak, mendi irteerak, eskubaloian, futbolean nahiz palan jokatzen zuen garaiak...

Euskal hizkuntzari eskainitako txokoan idazlan zenbait eta loturak jarri ditu. Bertan azaltzen dira, adibidez, Arantzazun euskara batuari buruz 1968an egin zen biltzarrean egon zeneko eta Madrilgo Euskal Etxean, 1997an, “Gramatika de la lengua vasca” aurkeztu zueneko argazkiak. Bera izan zen bertan hitzaldia osorik euskaraz eman zuen lehena.

Literaturari dagokionez, bost ataletan sailkatu ditu egindako lanak: poesia, narrazioa, teatroa, saiakera eta itzulpenak.

Webgunea egiteko prozesua nolakoa izan den galdetuta, «batzuetan lotsa» sentitu duela aitortu du. «Merezi ote du hau plazaratzea?», galdetzen zion bere buruari. «Lagunek bultzatu ninduten, eta hor egon dadila».

Argitaratu gabeko lanak, osorik irakurtzeko moduan

Patri Urkizuren lan-multzorik potoloena argitaragabeek osatzen dute. 24 ekarpen jaso ditu atal honetan. Deskargatu eta osorik irakur daitezke denak. Lehenbiziko laurak bertsoak dira. Horietako bat, “101 balada zahar”, Patxi Intxaurrandietarekin egina da. Honek pentagramak eta doinuak jarri izan dizkie Urkizuren liburuei. Hurrengo bi liburuek idazlearen bidaia bana jasotzen dute: 1979an Sobietar Batasunera egindakoa, eta 1999an Zipre eta Siria bisitatu zituenekoa. Apunteak eta irudiak agertzen dira. «Nola aldatu diren Zipre eta Siria!».

Hurrengoak poemak dira, portuekin lotuak. «Badute niretzat halako lilura, portu herrikoa bainaiz». Irakurle taldean liburu batzuen gainean egindako iruzkinak ere badira. Lau «nobelatxo» –Elkanoren gainekoa eta Anton Abadiaren Etiopiako bidaiarena, besteak beste– , lau teatro, gutun bildumatxo bat –Txillardegi eta Sarrirenak tartean– 1914ko gerrari buruzko erakusketa baten testuak eta Isabel Escuderoren poemen itzulpena ere irakurgai daude.