Jon Ormazabal

Orain alde sumatzen duen inertziari eutsi nahi dio Iñaki Artolak Bilbon

Binakakoan izandako lesioaren ostean jokoa berreskuratzea kosta bazitzaion ere, sasoiko ikusten du bere burua eta Urrutikoetxeari lanak emateko prest da Baikoren azken ordezkaria nor izango den erabakiko duen partidan.

Urrutikoetxea eta Artola gustura amaitu dute saskian aurkitutako pilotekin. (BAIKOPILOTA)
Urrutikoetxea eta Artola gustura amaitu dute saskian aurkitutako pilotekin. (BAIKOPILOTA)

Kirolari guztiek, baina Iñaki Artolak bereziki, ondo baino hobeto dakite haizea alde dutenean ahalik eta probetxurik gehien ateratzearen garrantzia zenbaterainokoa den. Arrazoi bat edo bestea dela medio, alegiarrak ezin izan dio olatu on horri, etorri denetan, luzaroan eutsi eta aurtengo Buruz Burukoan lortu duen jokoa ahalik eta gehien zukutzea da bere asmoa. Rezustaren laguntzarekin iaz egindako uda zoragarriaren ostean, covid-19a eta ezker zangoan izandako zuntz haustura batek ez zioten Buruz Burukoan parte hartzen utzi, aurtengo Binakakoan, beste haustura batek nahi eta espero baino luzeagoz izan zuen kantxetatik kanpo. Orain, berriz, atarikoa eta lehen kanporaketa gaindituta, sasoiko ikusten du bere burua alegiarrak eta binaka eman duen salto hori buruz buruz emateko gai dela erakutsi nahi dio bere buruari.

Martxoaren 27an, Lekeition Jaka-Martijaren aurka Arangurenekin 22-8 galdu ostean, jokoa berreskuratu ezinik zegoen bezala, apenas bi hilabete geroago oso bestela ikusten du dana Artolak. «Etorri da bai jokoa, bestela ez nituen aurrera aterako azkeneko bi partidak. Lesiotik bueltan beste batzuetan baino gehiago kostatu zitzaidan maila berreskuratzea, baina denborarekin ikusi dut, jokoa gutxien espero duzunean joaten den bezala etorri egiten dela eta azken partidetako sentsazioak onak izan dira», azaldu du gaurko material aukeraketan.

«Konfiantzarekin nago, aurreneko partida hori, batik bat niretzat presio dezentekoa zen, edo nik halaxe hartu nuen behintzat eta aurrekoan lasaiago irten nintzen. Oraingoan saiatuko naiz antzera etortzen eta irabaztetik etortzeak beti ematen dizu halako konfiantza bat», gaineratu du iganderako faboritoaren presioa Mikel Urrutikoetxearengan jarri zuen Artolak.

Erritmoaren zalantza

Bilboko partida horretan erabakiko da zein den Baikoren azken ordezkaria, alegiarra edo Zaratamokoa. Bizkaitarrarentzat ere Binakakoa ez zen nahi bezalakoa irten eta horrek Buruz Burukoa mimoz prestatzeko aukera eman dio. Eskuz oso ondo omen dago, fisikoki ere bai eta azken hilabete eta erdian partida bakarra jokatu izanak sortzen dio zalantzarik handiena.

Patuaren kontuak, eta azken hilabete eta erdi honetan behin baino gehiagotan entrenatu dute elkarrekin zozketak txapelketaren adar berean kokatu zituen Artola, Agirre eta Urrutikoetxea eta ondo ezagutzen dute elkar. «Iñaki pilotari oso konpletoa da, gauza gehienak ondo egiten ditu, indartsua da, kolpez fresko ikusten zaio eta ez da zerbait berria. Azken hilabete eta erdian  entrenamendu dezente egin ditugu buruz bururako ondo ezagutzen dugu elkar. Aurkari  gogorra izango da, aurrekoan ikusi zen partida luzatzen bada fisikoki ondo dagoela eta gogor gogor egin beharko dut lan», azaldu du Zaratamokoak.

Alegiarrak ere antzerako hitzak erabili zituen aurkariaren inguruan aritu zenean eta ez du uste bere aurkariak azken urteetan behera egin duenik, are gutxiago horren gustura moldatzen den Buruz Burukoan.