Idoia Eraso
Entrevista
Koldo Zuazo
Hizkuntzalaria, EHU-ko Katedraduna

«Ikusi dut jendeak asko estimatzen duela euren hizkuntza ikastera doazenak laguntzea»

Euskalkien ikerketa Koldo Zuazoren pasioa da, Euskal Herriko toki ezberdinetan hilabeteak igarotzen ditu bertako euskara sakonki ezagutzeko. Baigorrin izan du azken egonaldia eta liburua argitaratu du.

Argazkia: Monika DEL VALLE I FOKU
Argazkia: Monika DEL VALLE I FOKU

Herriz herri, eskualdez eskualde dabil urteak joan eta urteak etorri Koldo Zuazo. Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak ezagutzeko ibilbidea egiten ari da azken urteotan. Lapurdin egon zen, Zuberoara irailean joanen da, eta tartean Nafarroa Behereko Baigorri eta Ortzaizeko bailaretan egon da hiru urtetan zehar bost hilabetez, bertako euskara eta euskaldunak ezagutzen.

Ikerketa linguistikoa da Zuazoren egonaldien xedea, baina hilabeteak jendearen artean igaro ondoren, bestelako harremanak sortzen dira, pertsonalak bilakatzen dira, baina instituzionalak ere bai; izan ere, azken ikerketa egiteko Euskal Herriko Unibertsitateak ez ezik, Urepele eta Bankako herriko etxeek ere diruz lagundu dute. Eta liburuaren argitalpenerako Bidarrai, Ortzaize, Arrosa eta Irulegiko udalek ere ekarpena egin dute. Horretan «sekulako xantza» izan duela adierazi du ikertzaileak, baina hain gutxi aztertua izan den ondarearen aitormenak eta ezagutzan sakontzeak sortzen duten harrotasunaren ordainetan dela esan daiteke.

Baigorri eta Ortzaizeko bailaretako euskara aztertzen duen liburua argitaratu duzu. Zer atzematen da bertan?

Hamaika herri dira orotara. Liburuak bi parte ditu: bata gramatika da eta bestea hiztegia.

Zergatik erabaki zenuen azterketa hau egitea?

Esan behar da Iparraldeko euskara ez dela oso ezaguna, eta orduan, 2013an erabaki nuen bertara joatea, eta ezin nuenez dena herriz herri ikusi, hautatu nituen hiru leku: bata mendebaldean, Sara; bestea erdigunean, Baigorri; eta hirugarrena ekialdean, Barkoxe, eta bertara heldu den buruilean joango naiz.

Lehen biak egin eta gero, Lapurdiren eta Nafarroa Beherearen artean, zer ezberdintasun atzematen duzu?

Ikusten da diferenteak direla. Sarako gramatika asko sinplifikatu da, esaterako, aditzak: «noa», «nago», «nabil» edo «dakart» desagertu egin dira, eta horien ordez sinpleagoak erabiltzen dira. Konparazione, «nago» beharrean, egoki naiz edo «dakart» beharrean “ekarki dut». Baita ere, «nik zuri eman zaitut» erraten dute, dautzut eta horrelakoak desagertuta daude Saran eta Lapurdiko mendebaldean.

Baigorrin gramatika askoz aberatsagoa da, berezitasun bat ikusi dut, eta da “l” eta “r” ondoren “z” ahoskatzen dutela, esate baterako: «bertze» erran beharrean berze, edo «ekartzen»-en ordez ekarzen. Baina hori ez da bertako berezitasun bat, baizik eta Baigorriko euskarak gorde duen gauza zahar bat. Nik uste dut denok uste genuela hori desagertuta zegoela, eta ikusi dut Baigorri ibarrean bizi-bizirik dagoela oraindik.

Beste gertakari bat: ni Eibarkoa naiz eta bertan, «natzaizu» eta «zatzaizkit» ez ditugu sekula erabiltzen. Hego Euskal Herrian ez ditut sekulan aditu, ezta Saran ere, aldiz Baigorri eremu horretan guztiak erabiltzen dira, «ni zuri joan natzaizu»… hau da, Nor-Noriko aditz guztiak erabiltzen dira.

Hiztegiari dagokionez, ezberdintasun handia dago Lapurdi mendebaldean ikusi zenuenarekiko?

Badira gauza asko Ipar Euskal Herri osoan erabiltzen direnak; frantsesetik eta okzitanieratik heldu diren maileguak berdin esaten dira. Badaude hitz batzuk Iparraldean bertan sortutakoak direnak ere, konparazione «haurride».

Ikusi dut Lapurdi mendebaldearekiko pixka bat diferentea dela, esaterako, Lapurdin «etorri» esaten da, eta Iparraldearen gehienean «jin» esaten da, Lapurdi mendebaldean «ongi» edo ungi, eta Iparralde gehienean untsa. Badira diferentzia batzuk. Pentsatzen dut Zuberoan diferentzia gehiago izango direla, baina jeneralean hitz asko berdinak dira.

Baigorrin bertan oso hitz berezi gutxi ikusi ditut, adibidez, koatxe, hau da, «bikia», bi haurride momentu berean sortzen direnean. Dena dela, lexikoa oso zabala da, bildu ditut 4.600 hitz baino gehiago, eta nik uste dut, ez bakarrik Nafarroa Behereko euskara, baina Iparraldeko euskara ezagutzeko ere, tresna ona izango dela.

Ondoan duen Nafarroa Garaiarekin ezaugarriak partekatzen ditu?

Hiztegia eta ezaugarri gramatikal batzuk ere, bai Baigorrin, bai Garazin ikusten dira, eta hori bai Baztanen, bai Erroibarren, bai Esteribarren ere gertatzen da. Adibidez, hitzen hastapeneko bokalak galdu egiten dira maiz, esaterako, «ekarri» esan ordez, karri esaten da, edo «emazte»-ren ordez mazte .

Gero, Nafarroako lexikoa eta Ipar Euskal Herrikoa nahiko antzekoa da. Hor badago Euskal Herrian muga bat, non alde batetik gelditzen den Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba, eta beste alde batetik Ipar Euskal Herria eta Nafarroa. Konparazione, azken horietan kixu edo pixu esaten da, eta beste hiruretan «kare» esaten da. Badira horrelako hitz asko diferenteak direnak.

Baigorriko eta Ortzaizeko bailarak aztertu dituzu, ezberdintasun handia dago bien artean?

Asko ezetz iruditu zait; bai Ortzaize ibarrean, bai Baigorri ibarrean, bai Garazi ibarrean, euskara antzekoa egiten dela. Tradizionalki esan izan da Garazikoa euskalki bat dela, eta Baigorrikoa eta Ortzaizekoa beste bat, baina gauzak horrela ikusteko arrazoi bakarra izan da: Garaziko xuka. «Ni naiz» esateko ni nuxu esaten da, eta Ortzaizen eta Baigorrin ez dago xuketa hori. Baina hori alde batera utzita, gainerako gauza gehienetan berdintsuak dira. Ikusi dut pixka bat diferentea Bidarraikoa, Lapurdirekin muga egiten duelako, eta badu Hazparnekoaren eragina.

Urteak daramatzazu euskalkiak ikertzen, zenbat aztertu dituzu?

Mendebaldeko euskara, erabat. Alde batetik, Araban euskara galduta dago, baina euskara zaharra ezagutzen dut; eta gero Bizkaiko eta Deba ibarreko euskara aztertuta daukat. Gipuzkoan oso gutxi ibili naiz. Nafarroan Araitz ibarrean ibili naiz, eta momentu honetan ari naiz egiten Burundako hiztegia: sei herri dira, eta hiriburua Altsasu da. Altsasun bertan euskara galduta dago, baina ondoko herrian, Urdiainen, bizirik dago, eta ari naiz hango hiztegia biltzen.

Gero Lapurdin, bost urtez sei hilabete oso egon nintzen eta han izan nintzen bitartean, Lapurdiko beste herri batzuetan izan nintzen. Baigorri-Ortzaize eremu horretan hiru urte egon naiz, orotara bost hilabete, eta irailean Barkoxera joateko asmoa daukat.

Denbora luzea da bertan egoteko. Saran izan eta gero, GARAn esan zenuen arras ongi pasatu zela, eta Baigorriri buruz, joan baino lehen ere etxe bat proposatu zizutela. Nola joan da baigorriarrekin?

Biziki untsa, oso ondo. Baigorrira joan nintzenean ez nuen inor ezagutzen, pixkanaka jendea ezagutu dut, eta lagunak egin ditut, gustura egon naiz.

Orain, hurrengoa Barkoxen izango da, hor ere ez dut inor ezagutzen, eta espero dut hor ere horrela izatea, eta lana ondo egitea.

Euskaraz gain, euskaldunak ere ezagutzen dituzula esan daiteke.

Ez da bakarrik euskara ikasten, gauza asko ikasten dira jendearengandik. Jendea nola bizi den ere ikusten da, esaterako, Aldude eta inguru horretan, artzainekin egon naiz, eta niretzat bizimodu hori guztiz ezezaguna zen. Mundu hori erakusten dizute, baita ere bizitzaren aurrean jarrera bat, eta hori liburuetan agertzen ez den zerbait da, baina bihotzean gordetzen dena.

Toki ezberdinetako jendearen berezitasunak aurkitzen ari zara ikerketen bitartez.

Bai, batez ere Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. Hegoaldean denak berdinak garenik ezin da esan, baina baditugu gauza komun asko; aldiz, Iparraldean, bizimodua eta kultura diferenteak dira. Nik gauza asko ikasi ditut Ipar Euskal Herrian, batez ere harremanetan, jendearekin daukaten jarrera hori, patxada hori asko estimatzen dut.

Euskararekiko dagoen harremana ezberdina izango da tokiaren arabera, ez?

Egia esan, orain arte egon naizen leku guztietan ikusi dut jendeak estimatzen duela hizkuntza eta estimatzen du euren hizkuntza ikastera doan jendea laguntzea. Egon naizen leku guztietan oso ondo hartu naute; denetarik dago, batzuek ez dute astirik edo ez dute nahi, baina topatzen duzunean jendea astia daukana eta euskararenganako interesa daukana, asko laguntzen dute.

Egin kontu, esaterako, Baigorrin, 4.600 hitzetako hiztegi bat biltzeko esan nahi du ordu asko egin ditudala, eta jendea sekulan ez da kexatu. Jendea beti gustura, beti kuraia ematen, laguntzeko prest eta hori eskertzen dudan gauza bat da.

Iruditzen zait Bidasoaren bi aldeen artean ezberdintasuna badela, Ipar Euskal Herrian euskararekiko harrotasuna azken urteetan ari da indar gehiago hartzen. Duela bi hamarkada, batzuk lotsatzen ziren euskaraz mintzatzeagatik. Zure egonaldietan hori nabaritu duzu?

Nabaritzen da abiadura kontu bat, euskararenganako lotsa zazpi herrialdeetan egon da, baina Hegoaldean lehenago hasi ginen lotsa hori galtzen. Nik 64 urte ditut, eta haurra, gaztea nintzenean, ni eta nire ingurukoak lotsatzen ginen euskaldunak izateagatik. Nahiz eta euskaldunak izan, norbait entzuten bagenuen euskaraz hitz egiten, trufa egiten genion eta «casero» deitzen genion, eta mespretxuzko hitza da.

Oroitzen naiz euskarari balioa ematen hasi nintzela 15-16 urterekin, ikastolak sortu ziren garaian, 1960-1965 inguru horretan. Ipar Euskal Herrian hori bera beranduago gertatu da, baina bertan gaur egun ere ikusten da badela euskararen aldeko atxikimendu bat.

Zuberera euskalki berezia da Euskal Herriko besteekin konparatuta, ez da beti erraz ulertzen.

Bai, zaila da, beldurra ematen dit. Hasi naiz ikasten hango euskara, bereziki konturatu naiz fonetika oso bihurria dela, ez dut esango zaila dela, baina ezberdina. Badira bokal sudurkariak, eta horiek atzematea kosta egiten da, azentua ere berezia dauka, gero bokal arteko “r”-ak galdu egiten dira: «erori» esateko eoi esaten dute. Irakurtzen ari zarenean ohartzen zara, baina jendea laster hitz egiten ari denean, kosta egiten da ulertzea.

Pentsatzen dut Barkoxen denbora gehiago egon beharko dudala, pazientzia hartu. Lehenbizi hango euskara ikasi beharko dut, dena dela, presarik ez daukat, lau urte edo bost urte egon behar baldin banaiz egongo naiz, baina nahiko nuke Zuberoako euskara ondo aztertu, berezia da. Zuberoa Euskal Herriko bazter batean dago, gauza asko sortu dituzte bertan, eta gauza asko gorde dituzte, gauza zaharrak, eta uste dut merezi duela euskara hori ondo aztertzea.

Zergatik erabiltzen duzu garai batez herrian bertan bizitzera joateko metodologia?

Hasieran joaten nintzen leku batera egun bat edo bi, baina ohartu nintzen hizkuntza bat ikasteko han bizi behar zarela, eguneroko bizimodua hango jendearekin egin behar dela, bestela jendeak aldatu egiten du hizkuntza zu zoazenean, ikusten duenean ez zarela hangoa saiatzen da zu bezala hitz egiten, zuk ulertzeko.

Komeni da leku batera zoazenean bertan egotea, entzutea jendea eguneroko hizkuntzan nola mintzatzen den. Hegoaldean Burundan nabil, 2007tik 2010era Arraitzen ere beste hiru urte egon nintzen. Hori da nire metodoa, joaten naiz leku batera eta egoten naiz ahal den denbora, jeneralean hilabete bat edo bi.

Momentu berean euskalki ezberdinak aztertzen ari zara.

Bai, Iparraldera udazkenean joaten naiz, bi hilabetez, iraila eta urria; eta negu garaian etxetik gertu ibiltzen naiz, Hego Euskal Herrian.

Nola antolatzen duzu lana aztertzen ari zaren herrian zaudenean?

Turismo gutxi eta lan asko. Beti dago denbora ingurua ezagutzeko, baina saiatzen naiz denbora aprobetxatzen; beraz, goiz eta arratsalde egiten dut lan. Lehenbiziko egunetan grabazioak egiten ditut. Normalean adin handiko jendearekin hasten naiz 80 urte edo 70 urteko jendearekin, pentsatzen dudalako horiek egiten dutela tokiko euskara ondoen, eta gero hasten naiz gazteagoekin 60 eta 50ekoekin. Eta hizkuntza pixka bat ezagutzen dudanean, orduan hasten naiz gramatika eta hiztegia lantzen.