NAIZ

Sopelako kiroldegiko kontratuari buruzko bozketa «bermerik» gabe egin dela salatu dute

Sopelako Udalak kiroldegia kudeatzeko 20 urterako pleguak onartu ditu ohiko Osoko Bilkuran, EAJren eta PSEren botoekin eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziak bozketan parte hartu ezin zuela aprobetxatuz. EH Bilduk eta LAB sindikatuak EAJren Udal Gobernuaren jarrera salatu dute.

Sopelako Udal Kiroldegia.
Sopelako Udal Kiroldegia.

Osteguneko Osoko Bilkuran Sopelako Udalak kiroldegia kudeatzeko 20 urterako pleguak onartu zituen. Polemikaz beteriko erabakia izan zen. Gehiengoa izan ez arren, EAJren eta PSEren bozkekin atera zen aurrera erabakia, bozketaren une erabakigarrian Elkarrekin Podemoseko zinegotzi bat ez egoteari eta alkatearen kalitatezko botoari esker.

EH Bilduk ohar baten bidez azaldu duenez, telematikoki egindako plenoan, Elkarrekin Podemoseko zinegotzi batek konexio arazoak izan zituen. EH Bilduk, DBTU eta Elkarrekin Podemosek puntua mahai gainean uztea edo bozketa atzeratzea eskatu zuten, eragozpen horiek konpondu arte. Baina Udal Gobernuak aukera horri «uko egin ziola» eta kiroldegirako kontratua aurrera ateratzeko baliatu zuela salatu du koalizio subiranistak.

«Agerian geratu da EAJk ez duela negoziatu nahi izan 20 urterako lizitazio bat eta kirol instalazioetan egindako inbertsioak bezalako gai garrantzitsu bat. Hain zerbitzu garrantzitsua ezin da alkatearen kalitatezko botoarekin onartu, adostasunak askoz handiagoa izan behar du. Azken finean, Sopelako udal kirol zerbitzua hipotekatu egin da hurrengo 4 legealdietarako», salatu du Guruzne Carrasson EH Bilduko bozeramaileak.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk neurri legalak aztertuko dituela adierazi du.

LAB

20 urterako pleguak «Udalak berak kudeatu beharko lukeen udal zerbitzu bat udalekotzeko aukera eragozten duela» salatu du LAB sindikatuak beste ohar baten bidez.

«Enpresa pribatu baten esku utzi dute kiroldegiaren kudeaketa. Eta ez hori bakarrik, onartutako agirietan ez da jasotzen langileek egindako aldarrikapen bakar bat ere», nabarmendu du. Izan ere, gaur egun kiroldegia kudeatzen duen Beone Servicio enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean darama urtebete eta langile gehienek haien soldata murriztua daukatela salatu du LABek.

«LABetik argi utzi nahi dugu gure borroka ez dela hemen amaitzen, langileentzat lan baldintza duinak eskatzen jarraituko dugu, honek Sopelako bizilagunei zerbitzu egokia ematea ekarriko duelako. Zuzenean EAJri egozten diogu zerbitzua udalekotzera eramango lukeen bidea ixtea, horrela, kiroldegiko langileen artean dagoen prekarietatea mugatzea zailduz», adierazi du LAB.