NAIZ

Ekainaren 19an erronkei aurre egiteko Gazte Topaketak egingo dituzte Bilbon

Ekainaren 19an Bilbon egingo diren Gazte Topaketak aurkeztu dituzte gaur Bizkaiko hiriburuan. Gazteek dituzten erronkei konponbidea aurkitzeko antolatu dituzte. Helburuen artean, «etorkizun duin baten nahiak elkartzen gaitu, sistema arrakalatu eta hiria eraldatzeko nahiak».

Gate Topaketaren aurkezpena, gaur Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Gate Topaketaren aurkezpena, gaur Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ekainaren 19an Bilbon egingo diren Gazte Topaketak gaur aurkeztu dituzte. «Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean mobilizatu ginen gazteak gara. Gure hirian eta munduan gertatzen dena era kritiko baten bizi dugunak. Sistema hau zapaldu eta zapaltzaile arteko dikotomian sostengatzen da eta guk argi dugu lubakiaren zein aldetan gaude. Ez zaigu garai samurra egokitu gazteoi, 2008ko krisiaren ondorioak pairatzen ari gara oraindik eta pandemiak aurretik zetorren krisia azeleratu du», adierazi dute ekitaldian.

«Asko gara ez gatozenak bat gure hiriko propaganda matxistarekin, emantzipatzeko ezintasunarekin, etxe-kaleratzeekin, espazio publikoaren pribatizazioarekin, kaleetan eta instituzioen aldetik jasan beharreko erasoekin… eta asko gara gure hiriko jai-herrikoiak, auzoetako plazak, gune berdeak, espazio autogestionatuak… beharrezko ikusten ditugunak. Etorkizun duin baten nahiak elkartzen gaitu, sistema arrakalatu eta hiria eraldatzeko nahiak. Zailtasunak zailtasun, eztabaidak eztabaida, borrokan batera jarraitzeko predisposizioa dugu», gaineratu dute.

«Kontutan izan behar dugu, gainera, gaztetasuna sozializazio eta politizaziorako momentu garrantzitsua dela. Gazte mugimenduak bere buruari funtzio hau aitortzea garrantzitsua da. Alienazioaren aurkako borroka ere baita gurea, borroka ideologikoarena, gazte bat ere bidean ez geratzeak sistema kulturalaren aurka egitea eskatzen baitigu», aldarrikatu dute.

Helburu hori lortzeko jaiotzen direla topaketak gaineratu dute, Bilboko hamaika borrokan parte hartu dutela gogoratuz, GTS-Gestamp, Bolintxu edo osasungintza publikoaren defentsaren aldeko mobilizazioetan kasu.

«Eta lan horretan jarraitzea ezinbestekoa da, baina baita espazio seguru, parte hartzaile eta anitz bat sortzea ere, elkarrekin hausnartzeko, eztabaidatzeko, ondo pasatzeko, borrokatzeko eta elkarrezagutzeko aukera emango diguna. Horregatik, prozesuan zehar, Bilboko eta auzoko eragile ezberdinekin harremanak egin ditugu, ildokako eta auzokako bilerak egin ditugu, gazte mugimendurik ez dagoen auzoekin harremanetan jarri gara, gazteok hirian ditugun problematika zentralen identifikazioa eta hauei buelta emateko erez hausnartu dugu. Finean, konfluentziaren eta batasunaren aldeko pedagogia praktika politiko eta militante bihurtu ditugu. Eguneroko lanean ezberdinen arteko hausnarketan eta zoru komunaren eraikuntzan berretsi gara», gaineratu dute ekainaren 19an Bilbon egingo den Gazte Topaketan parte hartzeko deia zabalduz.