
Ehundik gora lagunek parte hartu zuten, maiatzaren 29an, Baionan, Aldaren egoitzaren estreinaldian. Lokala Baionako Gurutze Saindua auzoan (ZUP), zehazkiago Gaskoien plazan, kokatzen da.
Kantu, bertsu eta hip hop dantzak ezin ziren falta besta giroa eta aldarrikapenak batu zituen irekiera ekitaldian.
Iazko urrian sortu zenetik Alda mugimenduaren helburuak Baionako auzoetara zuzenduta daude, bertan egin ditu bere lehenengo ekintzak eta baita hainbat garaipen lortu ere.
Elkarteko laguntzaileak, Baionako herritarrak, eta bereziki iparraldeko auzoetako bizilagunak, ELA sindikatuaren delegazio bat, CNL eta CLCV alokatzaileen elkarteen ordezkariak... justizia soziala helburu eremu ezberdinetan lan egiten duten eragileak zein norbanakoak bildu ziren Gaskoien plazan, larunbatean, 11:00etatik goiti Aldaren egoitzaren aitzinean burutu den estreinaldia ekitaldirako.
Hiru orenez, kantu, bertsu eta hip hop dantzak izan ziren, lekukotasun eta hitzartzeekin tartekaturik.
Mohamed Boujlal-ek abiatu zuen ekitaldia Madi Fat bezalako kantu batzuekin. Aitor Servier eta Nahia Sasco bertsolariek Aldaren etorkizuna aipatu zuten, mundu justuago baten sorrera iragarriz.
Ondotik rap kantari eta hip hop dantzariak txandaka aritu ziren egoitzaren aitzinean.
Mireille Saint Macary, 1971az geroztik Gaskoien plazan bizi den lagunak, Gurutze Sainduko auzora ongietorria eskaini zion Alda mugimenduari.
Emma Tosini mugimendu berriko bozeramaile gazteak oroitarazi zuenez bere sorreratik Aldak dinamika azkarra eman du plantan, nahiz eta egoera sanitarioa zaila izan den.
Baionako auzo eta biztanleen bozgoragailua izan nahi duen aldizkariaren 20.000 ale banatzen dituzte hiru hilabetero elkarteko kideek.
Komunitatearen zerbitzurako tresna berria
«Zailtasunetan diren pertsonak entzunez, biztanleei buruz inkesta bat garatu dugu, era berean auzo bakoitzak dituen arazo eta erronka ezberdineri buruz ikerketa sakona martxan emanez», azaldu zuen Tosinik. Bere erranetan «komunitatearen zerbitzurako tresna gehigarri bat izan nahi du egoitzak, bizi baldintzen degradazioa onartzen ez duten klase herrikoi eta ertainendako».
Xebax Christy elkarteko ko-lehendakariak Aldak zailtasunetan dauden edo injustizien biktimak diren pertsonen zerbitzura eramandako hainbat borroka izan zituen aipagai, ekintza horiek «maiz garaipen batekin bururatu zirela» nabarmenduz.
«Mobilizazioa eraginkorra izan da, esaterako, jabe batek apartamendu bat saldu eta alokatzailea kanporatzeko prozedura gelditzeko, edo laguntza desberdinak bilduz asegurantza kontratu baten aldatzeko, edo errekurtsoak aitzineratzeko naturalizazio errefusa kasu baten aurrean, edo egoera osasuntsuan ez den bizitoki batean egin beharrekolanak burutzeko», zehaztu zuen Xebax Christyk.
«Ahotik belarrira sistemak, alde batetik, eta aldizkariaren banaketak, bestetik, gero eta jende gehiagok elkartasuna eta eraginkortasuna bilatzen dituen mugimendua ezagutzea ahabideratzen dutela», gaineratu zuen.
Kadiri Laaroussi, ZUPen kokatua den Azkar Full Contact klubeko sortzaile eta entrenatzailea estreinaldian zen eta bertan adierazi zuenez «gure auzoek zinez behar dute Alda bezalako proiektu bat, herrikoia eta denei idekia dena, finean Azkar klubaren partekatze eta trukatze balore berdinak garatzen dituela».

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Robe Iniesta, el poder del arte

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari
