NAIZ

Baimena eman diote Aita Mariri Augustan (Sizilia) porturatzeko

Erromako Itsas Koordinaziorako Zentroak baimena eman dio Aita Mari itsasontziari Siziliako Augusta portuan lehorreratzeko. Maiatzaren 27an erreskatatutako 50 migratzaile daude ontzian.

Maltako uretan Aita Marik egindako erreskatearen irudia. (SMH)
Maltako uretan Aita Marik egindako erreskatearen irudia. (SMH)

Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) erakundeak jakinarazi duenez, Erromako Itsas Koordinaziorako Zentroak baimena eman dio Aita Mari itsasontziari Siziliako Augusta portuan lehorreratzeko.

Euskal ontziak Libiako kostaldetik zetozen 50 migratzaile erreskatatu zituen ostegunean Maltako uretan, Europara oso egoera kaskarrean zihoazela, baina osasun egoera onean. Horien artean, bakarrik dauden lau adingabe daude.

Baimena jaso eta berehala, Aita Mari porturantz abiatu da, eta SMH erakundeak esan duenez gaur 22.00etan iritsiko da Augustara.

«Aita Mari itsas eta osasun agintariek eskatutako dokumentazio guztia betetzen ari da, lehorreratzea ahalik eta azkarren egin ahal izateko. Litekeena da bihar egunean zehar egitea. Agintariek oraindik ez dute baieztatu», adierazi du SMHk ohar baten bitartez.

Erakundeak eskerrak eman dizkie parte hartu duten erakunde guztiei eta, bereziki, italiar Koordinazio Zentro Nazionalari, «ahalik eta lasterren lehorreratzeko leku seguru bat lortzeko egindako ahaleginengatik».

Migratzaileen eta asilo eskatzaileen eskubideak bermatuko dituen lehorreratze mekanismo bat eskatu dio beste behin SMHk Europar Batasunari, «itsasoan laguntza jasotzen duten unetik, bai eta bisatu-sistemak birformulatzea ere, pertsonak Mediterraneo erdikoa bezain hilgarriak diren bideak aukeratzera behartuta egon ez daitezen».