NAIZ

‘Herri bat hezkuntzatik eraikitzen’ jardunaldia egingo dute uztailaren 1ean Errenterian

Uztailaren 1ean Oinherrik Euskal Herriko hezkuntza komunitateko eragile ezberdinak bilduko ditu egun osoko jardunaldi batean Errenterian. Herriko hezkuntza proiektu integralak garatzeko egin daitezkeen ekarpenak lantzea izango da helburu nagusia.

‘Herri bat hezkuntzatik eraikitzen’ jardunaldia aurkeztu dute Oinherrik eta Errenteriako Udalak.
‘Herri bat hezkuntzatik eraikitzen’ jardunaldia aurkeztu dute Oinherrik eta Errenteriako Udalak.

Oinherrik eta Errenteriako Udalak udalerri gipuzkoarrean uztailaren 1ean burutuko den ‘Herri bat hezkuntzatik eraikitzen’ jardunaldia aurkeztu dute astelehen honetan.

Oinherri herri hezitzaileen egitasmoa modu teoriko zein praktikoan garatzea helburu duen Euskal Herri mailako kultura, aisia, euskara eta hezkuntza arloko 16 eragilek osatzen dute. 25 udalekin ari dira egitasmoa sustatzen.

Uztailaren 1ean egingo den egun osoko jardunaldian Oinherrik Euskal Herriko hezkuntza komunitateko eragile ezberdinak bildu nahi ditu. «Bertan, hezkuntza herri hezitzaileen ikuspegitik zer-nola ikusten dugun eta, hezkuntza ulertzeko modu honek herriko hezkuntza proiektu integralak garatzeko egin dezakeen ekarpena lantzea litzateke helburu nagusia», azaldu du Oinherrik.

Goizeko 9.00etan egingo da harrera, eta 10.00etatik 10.30era Hik Hasik 2017an plazaratu zuen hezkuntza proposamena eta (H)arian prozesuak emandakoen arteko gakoak azalduko ditu Nora Salbotxek.

10.30etik 11.30era Errenterian azken urteetan hezkuntza komunitatearekin burutu duten lanketa ezagutzera eman eta balioan jarriko du tziar Ostolaza Galdos, «gainontzeko herriei ere gaia lantzeko helduleku batzuk eskaintzeko».

12.00etan Kataluniako Vic herriko Elisabet Franquesa I Roca eta Glòria Cunill Vilalta hezkuntzaren eskumena deszentralitzako beharraren inguruan sakonduko dute haien prozesua azalduz.

Bazkalostean, 15.30etik 17:30era ‘Ertz ezberdinetatik eragin eta eraiki’ mahaingurua izango da.

Jardunaldietan parte hartzeko izena eman beharko da www.herrihezitzailea.eus atarian. Herri hezitzaileen sareko kide diren herrietako herritarrek ez dute matrikularik ordaindu beharko, gainontzeko guztiek 35 euroko ordainketa egin beharko dute.

«Herri hezitzaileen filosofia oinarri izanik eraiki dezakegun herriko hezkuntza integral honek herri konpromisoa dakar halabeharrez, heziketa prozesuen erantzule izango den komunitatea saretzea eskatzen baitu, erabat integrala, transbertsala eta inklusiboa izanda. Tokian tokiko ezaugarrietara egokitua, gertukoa eta herriko askotariko eragile, elkarte, kolektibo, erakunde eta heziguneen lankidetzan oinarritua», dio Oinherrik.