NAIZ

Donostiak 672 deskarga elektriko jasan zituen astelehenean, eta Gasteizek 248 ostiralean

Aemet agentziak egindako EAEko klimatologia-laburpenaren arabera, Donostiak 672 deskarga elektriko jasan zituen asteleheneko ekaitzetan, eta Gasteizek 248, ostiralekoetan. Maiatzean presio altuak izan dira nagusi, eta tenperatura minimoak ohi baino baxuagoak.

Astelehen honetako Donostiako ekaitzaren irudia. (@AEMET_PaisVasco)
Astelehen honetako Donostiako ekaitzaren irudia. (@AEMET_PaisVasco)

Donostiak 672 deskarga elektriko jasan zituen astelehenean eta Gasteizek 248 ostiralean. Gainera, maiatzaren 28an Arabako hiriburuak jasan zituen ekaitzek 144,6 milimetro orduko gehieneko prezipitazioa eragin zuten, 1980tik Forondako aireportuko estazio meteorologikoan erregistratutako altuena.

Aemet agentziak egindako EAEko klimatologia-laburpenaren arabera, maiatzean presio altuak izan dira nagusi, eta tenperatura minimoak ohi baino baxuagoak izan dira. Aldiz, eguzki-orduen superabita orokorra izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Joan den hilabetea «normaltzat» jo dute Donostiako eta Hondarribiko Aemet behatokietan. Igeldon dagoen Gipuzkoako hiriburuko neurgailuak 13,6 gradu zentigraduko batez besteko tenperatura izan zuen, 1981-2010 aldiko batez bestekoa 14 gradutan ezarrita dagoenean.

Bestalde, Hondarribian 15,4 graduko batez besteko tenperatura neurtu zen joan den hilabetean, hau da, 15,7 gradutan ezarritako batez bestekoa baino 0,3 gradu gutxiago.

Prezipitazioei dagokienez, Igeldoko Behatokiak 90,5 l/m2 jaso zituen, hau da, maiatzeko batez bestekoa baino 36 litro gutxiago (126,3 l/m2). Hondarribian 120,5 l/m2 erregistratu ziren, hau da, urteko bosgarren hilabeteko batez bestekoa baino 10 litro gutxiago.

Ondorioz, Donostiak 231 eguzki-ordu izan zituen (185 orduko batez bestekoa baino gehiago) eta Hondarribiak 218 ordu eguzkitsu disfrutatu zituen (184 orduko batez bestekoa baino gehiago).

Tenperatura «normala» Bizkaia eta Araban

Gipuzkoako kostaldean bezala, Bilboko eta Forondako Aemeteko behatokiek kalifikazio termometrikoan «normaltzat» jo zuten maiatza. Hala ere, Bilboko aireportuak hilabete «lehorra» izan zuen eta Forondakoak «hezea».

Zehazki, Loiuko aireportuak 14,9 graduko batez besteko tenperatura neurtu zuen, 15,2 graduko batez bestekoaren azpitik, eta 62,4 l/m2-ko prezipitazioak zenbatu zituen (83,7 l/m2-ko batezbestekoaren azpitik).

Bestalde, Gasteizko aireportuak 13 graduko batez besteko tenperatura izan du, maiatzeko batez bestekoa baino hamarren bat gehiago. Euriei dagokienez, 80,1 l/m2 jaso ziren (69,9 l/m2-ko batez bestekoa baino gehiago).

Gozatutako eguzki-orduei dagokienez, Loiuko aireportuak 171 ordu izan zituen, batez bestekoa 170 ordu direnean. Forondako aireportuak ere bere eguzki-orduak handitu zituen, 219 ordu eguzkitsurekin, urteko bosgarren hilabetean batez bestekoa 195 ordutan ezarrita dagoenean.