NAIZ

Langabeziak beheranzko joerari eutsi dio eta nabarmen egin du behera maiatzean

Langabeziak beheranzko joerarekin jarraitu du maiatzean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Guztira 161.178 pertsona zeuden lanik gabe, aurreko hilabetean baino 7.549 gutxiago. Iazko maiatzetik hona ere nabarmen egin du behera langabe kopuruak.

Lanbideren bulego bat Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)
Lanbideren bulego bat Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)

Enplegu Ministerio espainiarrak maiatzari dagozkion langabeziaren datuak zabaldu ditu asteazken honetan. Horien arabera, Hego Euskal Herrian nabarmen egin du behera langabe kopuruak, bai aurreko hilabetearekin alderatuta baita iazko maiatzetik hona ere.

Herrialde guztietan jaitsi da langabe kopurua, baina beherakada handiena Nafarroan izan da portzentualki. Hala, apiriletik maiatzera %7,63ko jaitsiera izan da. Guztira 38.560 pertsona zeuden lanik gabe lurralde horretan, aurreko hilabetean baino 3.185 gutxiago.

Arabari dagokionez, 20.615 langabe zeuden maiatzean, apirilean baino 1.018 gutxiago (-%4,71). Gipuzkoan %3,35 jaitsi zen langabezia apiriletik maiatzera eta 1.129 pertsona gutxiago zenbatu zituzten enplegu bulegoetan, guztira 32.581.

Bizkaian, azkenik, 69.422 langabe zeuden, apirilean baino 2.217 gutxiago (-%3,09).

Urteko eboluzioari erreparatuta, langabeziak nabarmen egin du behera 2020ko maiatzetik hona. Izan ere, kontuan hartu behar da pandemiaren eraginaren ondorioz langabezia asko hazi zela orduan, jarduera ekonomiko gehienak eten egin zirelako. Hego Euskal Herrian iaz baino 21.674 langabe gutxiago zenbatu dira aurtengo maiatzean. 

Jaitsierarik handiena Gipuzkoan izan da, %14,97 egin baitu behera bertan langabe kopuruak (5.736 langabe gutxiago). Araban %13,22 murriztu da langabezia (3.167 gutxiago); Bizkaian %12,80 (10.194 gutxiago) eta Nafarroan izan da beherakadarik apalena, %6,26 (2.577 pertsona gutxiago).