NAIZ

Hasi da Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio froga jendetsuena EAEn

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako inoiz baino ikasle gehiagok, 12.782k, hasi dute EAEn Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio (USE) froga. Nafarroan aurreko astean burutu ziren.

Selektibitate froga egiten, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Selektibitate froga egiten, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Guztira, Batxilergoa bukatu berri duten 11.947 lagun, aurreko ikasturteko nota igotzeko matrikulatu diren beste 626, eta Lanbide Heziketako beste 835 aurkeztu dira USE frogara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Oro har, USEra aurkeztuko diren pertsona kopurua zertxobait handiagoa da. 2020an 12.594 ikaslek eman zuten izena. Aurten, beraz, %1,49 igo da kopurua.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa astearte honetan hasi da eta ostegunera arte luzatuko da. Pandemiak exigitzen dituen segurtasun neurri eta distantziak medio, edizio honetan ohikoak direnak baino espazio gehiago erabiliko dituzte azterketak egiteko. UPV/EHUko hiru campusetako azterketa gune klasikoez gain, BEC, Bizkaian; FICOBA, Gipuzkoan; eta Arabako Iradier Arena ere erabiliko dituzte.

Frogak bi fase ezberdin ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasearen barruan oinarrizko ikasgaiak egongo dira. Hala nola, Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Espainiako Historia; lehenengo atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2.mailako modalitateko nahitaezko gaiak. Gai bakoitzean 0 eta 10 bitarteko nota eskuratu ahalko da eta fase honetan 10 atera ahalko da gehienez.

Hori horrela, Batxilergoko edo Heziketa Zikloan ateratako batez besteko nota fase orokorraren notaren %60 izango da. Aldiz, gainerako %40 USEko fase orokorreko azterketen bataz besteko notak osatuko du. 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorreko azterketetan gutxienez 4 puntu eskuratu baditu.

Bigarren fasea, onarpenekoa, borondatezkoa da eta ikasleak Batxilergoko bigarren mailako enborreko hautazko irakasgaien artean, lau aukeratu ahalko ditu gehienez. Bigarren fase honetan eskuratu daitezke 14ra iristeko beharrezkoak diren puntuak. Sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek ere, nota igotzeko balio dezakete ikasleak unibertsitatean egin nahi duen graduaren arabera.

Azterketen berregituratzea

Covid-19ak sortutako egoera atipikoa dela eta, UPV/EHUk eta Hezkuntza Sailak 2020an ezarritako azterketen egituratze berdina mantentzea ebatzi dute. Hau da, duela bi urte azterketa bakoitzak bi eredu zituen: A eta B. Ikasleak eredu horietako bat aukeratu behar zuen eta osorik egin. Orain, aldiz, ikasleak eredu bakoitzetik gustokoen dituen galderak aukeratu ahalko ditu bi ereduak nahastuz.

Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak betetzea bermatzen duen protokoloa ere prestatu da. Parte hartzaile guztiek era zorrotzean errespetatu beharko dute. Ikasle bakoitzak norbere material pertsonala eraman beharko du (kalkulagailua, bolalumak, arkatzak…) eta une oro mantendu beharko da gutxieneko segurtasun distantzia. Honezaz gain, nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea eta ikasgelara sartu aurretik eskuak ondo garbitzea.