NAIZ

Kalean maskara kentzeari buruzko erabakia atzeratu egin du Madrilgo Gobernuak

Espainiar Osasun Ministerioak atzeratu egin du aire librean musukoa kentzeari buruzko erabakia. Autonomia erkidegoekin izan duen bileran legea aztertzen ari direla helarazi die, «aurki» erabilera derrigorrezkoa izan ez dadin.

Kalean maskara erabiltzea oraindik derrigorrezkoa da baina aurki egoera alda liteke. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Kalean maskara erabiltzea oraindik derrigorrezkoa da baina aurki egoera alda liteke. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Estatu espainiarreko Osasun Publikoaren Batzordeak ez du kalean musukoaren erabilera lasaitzeari buruzko erabakirik hartu eta hurrengo bileretan eztabaidatzen jarraitzea adostu du. Osasun Ministerioko zuzendariak eta autonomia erkidegoak biltzen ditu organo horrek.

Madrilen egin duten bileran Osasun Ministerioak autonomiei helarazi die lanean ari dela maskararen erabilera erlaxatzeko legezko konponbideak bilatzeko, Pedro Sanchez espainiar presidenteak aurreratu duen bezala, «aurki» derrigorrezkoa izan ez dadin.

Hainbat herrialdek gaur arratsaldeko bileran gaia eztabaida zedila proposatu zuten eta erkidego bakoitzari erabakitzeko malgutasuna ematearen alde zeuden, baina azkenean ez dute ezer adostu eta gaia aurrerago jorratzea erabaki dute.

«Ez da gaia landu eta ez dago fetxarik», adierazi dute Osasun Ministerio espainiarreko iturriek, Europa Press agentziaren arabera.

Nafarroako Gobernua musukoaren erabilera pixkanaka malgutzearen alde agertu da, baina Lakuakoa, ordea, askoz uzkurrago agertu da.

Sanchez: «Aurki izango da»

Pedro Sanchezek gaur goizean bertan esan du «laster» utziko diogula kalean maskara erabiltzeari, txertaketa kanpainak abiadura hartu duelako eta aste gutxiren buruan Estatuko herritarren %50ek covid-19aren aurkako txertoaren dosiren bat hartua izango duelako. Adierazpen horien ondoren, gaur arratsaldeko bileran musukoaren erabilera malgutzearen inguruko eztabaida mahai gainean izango zela uste zen, baina azkenean ez da hala izan.