NAIZ

Denboraldi berria prest du Euskadiko Orkestrak abonuko 98 kontzerturekin

«Duela urtebete programatutako artista eta obren berreskuratzea, musika asko eta ona deskubritzea eta euskal gizartean orkestrak duen rol garrantzitsua berrestea» izango dira kontzertu denboraldi berriaren ardatz nagusiak.

Euskadiko Orkestraren arduradunak, gaurko agerraldian. (NAIZ)
Euskadiko Orkestraren arduradunak, gaurko agerraldian. (NAIZ)

2021-22 denboraldi berriaren nondik norakoak azaldu ditu Euskadiko Orkestrak ostegun honetan. Denboraldi hau «zaila» izan da Euskadiko Orkestraren arduradunen esanetan. «Gure helburua baikortasuna eta konfiantza berreskuratu eta kontzertu-aretoetara lasai itzultzea da», adierazi dute.

Jarduera ugaritu egin du Euskadiko Orkestrak eta kontzertuak maratoi-saio bihurtu ditu publiko guztiarengana iristeko. Guztira 131 kontzertu eskainiko ditu, horietatik 98 abonu denboraldikoak (ohiko 50 abonu-kontzertuen ia bikoitza). «Musika sinfoniko asko programatu dugu eta orkestra txikiago batentzako errepertorio oso bat planteatu dugu, agertokian ere segurtasun-distantziak mantendu behar izan direlako. Eta lortu dugu», nabarmendu dute.

Abonu denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean eta 2022ko ekainaren 8an amaituko da Bilbon. Brahmsen sinfonismo handia bezalako adibideek dakarten baikortasunean jarri nahi izan du Orkestrak arreta, haren sinfonia guztiak interpretatuz. Beethoven 7. sinfonia eta Berliozen ‘Sinfonia Fantastikoa’ dira optimismo horren beste adibide batzuk. Denboraldi honetako beste ildo garrantzitsu bat publiko orokorrarentzat hain ezagunak ez diren obren aurkikuntza izango da, Zhou amerikarra eta Dutilleux frantziarraren obrekin. Gainera, ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiektuari lotutako lanak ere estreinatuko ditu (Joël Mérah eta Teresa Catalan), baita pandemiari lotutakoak ere (Pascal Gaigne), deskubrimenduaren lan-lerro hori jarraituz.

Mahler-en ‘1. Sinfonia’-rekin estreinatu zen Euskadiko Orkestraren batutan Robert Treviño eta aurten ‘2. Sinfonia’-ri helduko dio, ‘Berpizkundea‘ izenez ezaguna, berez 19/20 denboraldirako aurreikusita zegoena baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zena.

20/21 denboraldiari hasiera eman zion Schuberten sinfonia-maratoiaren ondoren, orkestrak formula errepikatuko du eta ‘Brahms Fest’ aurkeztuko du. Konpositore alemaniarraren sinfonia guztiak, Biolin eta biolontxelorako kontzertua eta Pianorako 1. eta 2. Kontzertuak interpretatuko ditu orkestrak ohiko lau hiriburuetan eskainiko duen inaugurazio-programako hamar kontzertuetan banatuta. Robert Treviñok, batutan, hiru bakarlarik eta orkestrak berak emango diote forma lurralde osoa zeharkatuko duen eta erronka musikal berria izango den jaialdi honi.

Orkestrak artista ugari hartuko du berriz ere bere programazioan. «Azpimarratzekoa da berriro ere bakarkako hiru programari helduko diela, bakarlari gonbidaturik gabe, interpretazioan protagonismo handia emango diotenak orkestrari berari», esan dute.

Robert Treviñok presentzia nabarmena izaten jarraituko du sei programarekin eta podiuma beste zuzendari batzuekin partekatuko du gainontzeko programetan: 19/20 denboralditik berreskuratutako Mei-Ann Chen, Pinchas Steinberg eta Georg Mark; Euskadiko Orkestraren buru lehendabizikoz arituko den Pietari Inkinen; eta orkestraren zuzendari elkartu Jaume Santonja.

Bakarlariei dagokienez, 19/20 denboraldirako programatutako Yulianna Avdeeva eta Varvara pianistak, Tom Borrow (pianoa) eta Alexey Stadler (biolontxeloa) hartuko ditugu lehen aldiz. Dmitri Makhtin (biolina), Pinchas Zukerman (biola), Xavier de Maistre (harpa) eta Asier Polo (biolontxeloa) bezalako artista handiak berriz izango ditugu gurean. Ahotsetan Ainhoa Arteta sopranoa dugu, Michael Nagy baritonoa, Sarah Fox sopranoa eta Justina Gringyte mezzosopranoa.

Martxoan eta maiatzean bi obra sinfoniko-koral handi eskainiko ditu Euskadiko Orkestrak. Brahmsen Requiem alemaniarrean Iruñeko Orfeoia izango du bidelagun. Bestalde, Mahlerren obra handia, 2. Sinfonia, ‘Berpizkundea’ Donostiako Orfeoiaren ahotsetan entzungo da.