Haritz Larrañaga

Frantziako Konstituzio Kontseiluak nahasmena hedatzen jarraitzen du aldaketa berriekin

Murgiltze eredua Konstituzioaren kontrakoa dela ebazten duen legea ezartzeko irizpideak soilik irakaskuntza publikoari eragiten ziola zirudien arren, oharretan egin duten azken aldaketen arabera, zerbitzu publikoa eskaintzen duen edozeini zuzendua da legea.

Maiatzaren 29an milaka lagun bildu ziren Baionan murgiltze ereduaren defentsan. Bob EDME
Maiatzaren 29an milaka lagun bildu ziren Baionan murgiltze ereduaren defentsan. Bob EDME

Maiatzaren 21ean murgiltze eredua Konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak eta horren ostean legea aplikatzeko irizpideak zehazteari ekin zion. Oharrekin osatutako 17 orriko txostenean aldaketak egin dira eta interpretazio desberdinek nahasmena sortu dute. Horien artean nahasmen gehien sortu duen afera irakaskuntza publiko eta pribatuari lotutakoa da. Hau da, murgiltze eredua frantziar Konstituzioaren kontrakoa bada, berau apliakatzea legez kanpokoa da irakaskuntza publikoan bakarrik, edo baita pribatuan ere?

Asteazkenean oharren txostenean argitaratu zutenaren arabera, bazirudien soilik irakaskuntza publikoari eragiten ziola maiatzaren 21eko ebazpenak eta lasaitasun apur bat sortu zuen, Seaskak bezala, murgiltze eredua plantan duten ikastetxe pribatuentzat. Ordea, oraindik zehazteke dagoen une batean aldaketa bat eman da oharretako batean, eta badirudi irakaskuntza pribatuari ere eragiten diola murgiltze eredua ezartzeko debekuak.

Paradoxikoki, "Ondarezko hizkuntza erregionalen babeserako eta haien sustapenerako legea" da murgiltze sistema Frantziar Konstituzioaren bigarren artikuluaren (errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioen artikuluaren) kontrakoa dela ebazten duena, eta lege hori zein irizpideren arabera aplikatu behar den azaltzeko txostena da nahasmena sortzen ari dena.

Aldaketak esaldi batean

Zehatzago esaldi bat izan da interpretazio desberdinetarako bide eman duena, baina esaldi hori berriki aldatu dute eta orain irizpidea zehatzago ageri da. Murgiltze ereduari zegokion esaldia honela agertzen zen idatzia ekainaren 16an: «Kontseilu Konstituzionalak egiaztatu du, irakaskuntza publikoaren baitan, modu horretako irakasuntza kontraesanean dela Konstituzioaren 2.artikuluaren exijentziekin».

Gaur ostera, honela ageri da testua oharren txosteneko 15. orriaren hasieran: «Kontseilu Konstituzionalak egiaztatu du, irakaskuntzaren zerbitzu publikoaren baitan, modu horretako irakaskuntza kontraesanean dela Konstituzioaren 2.artikuluaren exijentziekin».

Alegia, lehen bertsioan irakaskuntza publikoari egiten zion erreferentzia zuzena, eta horregatik ikastetxe pribatuetan murgiltze eredua aplikatzea posible izango zela ondoriozta zitekeen. Ordea, testua aldatu ostean ez da soilik irakaskuntza publikoa seinalatzen, eskaintza publikoa egiten duen edonor baizik, eta ondorioz, baita ikastetxe pribatuak ere, eskaintza publikoa baita.

Estatu frantseseko zenbait hedabidek aditzera eman dutenez irizpide berriarekin zehaztu egiten da ikastetxe pribatuetan ere ezingo dela murgiltze sistema erabili, baina oraindik ez da hitzartze ofizialik izan nahasmena argitzeko.