Ane Urkiri

LGTBI+ banderaren koloreek ureztatu dute UEFAren ezezkoak eragindako haserre uholdea

Bel Pozueta, Antoine Griezmann edota Caroline Hansen batu ditu Allianz Arena ostadar koloreekin argiztatzeko UEFAren debekuak eragindako haserreak. Erakundeak ez du baimendu estadioa LGTBI+ banderaren koloreek argiztatzea Alemania-Hungaria partidan. Municheko alkateak espreski egin zuen eskakizuna.

Allianz Arena estadio LGTBI+ banderaren koloreekin argiztatua. (Andreas GEBER / AFP)
Allianz Arena estadio LGTBI+ banderaren koloreekin argiztatua. (Andreas GEBER / AFP)

Haserrea piztu du sare sozialetan UEFAk Municheko alkatearen proposamenari emandako ezezkoak. Ez du baimenduko Allianz Arena estadioa LGTBI+ banderaren ostadar koloreekin argiztatzea Eurokopako Alemania eta Hungariaren arteko norgehiagokan. «Mezu politikoa» helaraztea egotzi dio futbol erakundeak Municheko alkateari eta hori, bere protokoloaren kontra omen doa. Partidu soil batean argiztatu dezake baina gobernu homofobo bati aurkakotasuna helarazteko denean ez, alegia. 

LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko egunaren atarian gaude –ekainaren 28an ospatzen da, hil osoan ekitaldiak egoten badira ere–. Erakunde, klub eta elkarte askori ahoa betetzen zaie kolektiboa «babesten» dutela esaten dutenean, babes hori sare sozialetako argazkian ostadar kolorea jartzea bada ere. Keinu sinbolikoa da. 

UEFAk behin baino gehiagotan helarazi du kolektibo honek elkarbiltzen dituen pertsonen eskubideen alde dagoela baina astearte honetan hartutako erabakiak hori zalantzan jarri du –astean Neuer atezaina ikertua izan da kapitainaren besokoa ostadar kolorekoa izateagatik– eta haserre uholdea eragin du arlo guztietan, izan politikan, futbolean, erakundeetan... 

Hungariako Gobernuak duela gutxi onartu du LGTBI+ pertsonen eskubideak murrizten duen legedia eta hain zuzen ere, herrialde hartako homosexual, transexual, bisexual eta, oro har, kolektiboak elkarbiltzen dituen pertsona orori babesa eskainzteko asmoz, proposatu zuen Municheko alkateak Allianz Arena ostadar kolorez argiztatzea, keinu sinboliko horrek eduki zezakeen indarraz jabetuta. 

Ezin izango du egin baina UEFAren ezezkoak errebotea izan du eta Alemaniako futbol liga nagusiko zenbait estadio argiztatuko dira ostadar kolorez. Hori gutxi ez eta, sare sozialetan ere nabaritu da haserrea. Gurean, esaterako, Bel Pozuetak, EH Bilduren diputatua Madrilgo kongresuan, txio bat elkarbanatu du esanez «giza eskubideak ez dira auzi politiko edota erlijiosoak». 

Bartzelona futbol klubak txio sinple baina indartsuarekin erantzun dio UEFAri eta honek atzetik ekarri du Antoine Griezmann futbolariaren mezua ere. 

Benetan haserrea islatu duena, baina, Caroline Hansen Bartzelona futbol taldeko jokalaria izan da. «Lotsagarritzat» jo du erabakia eta borroka hau «berdintasuna, gizateria eta gorrotoaren kontrakoa» dela argitu du. 

Amnistia Internazionala Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere deitoratu nahi izan du debeku hau eta hari bat zintzilikatu du testuingurua ezagutarazi asmoz.