NAIZ

Arantzazulab-en ikerketa elkargunea martxan jarri da hiru unibertsitatetako 40 ikertzailerekin

Arantzazulab-en ikerketa elkarguneak bere bidea hasi du asteazken honetan. EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta MUko 40 ikertzaile eta ordezkari elkartu dira Gandiaga Topagunean, Oñatin, Arantzazulaben ikerketa markoa elkarlanean diseinatzeko lan saioan.

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena lau erakundeek. (ARANTZAZULAB)
Gaur goizean sinatu dute hitzarmena lau erakundeek. (ARANTZAZULAB)

Aurkezpen ekitaldia egin eta hiru hilabetetara, Arantzazulabek lan saio bat antolatu du hiru unibertsitate batuz: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea. Ikerketa elkargunearen markoa diseinatzeari ekin diote hiru erakundeetako 40 ikertzailek.

Azaldu dutenez, bi helburu dituzte. Alde batetik, jendartearen erronken inguruko ikerketa joera nagusiek gure herrian sortzen dituzten galderen inguruan eztabaidatzea; bestetik, datozen urteetarako laborategiko ikerketa edukiak zehazteko hausnarketa lankidetzan egitea.

Ezohiko elkarlana

Arantzazulaben oinarrietako bat da hiru unibertsitateak elkarrekin aritzea. Eta hasieratik eragile gakoak izan dira. Elkarlanean parte hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan zein jatorrizko diseinuan eta mugarritzat hartu daitekeen gertaera izan zen hori.

Gaur egun, Arantzazulaben aholku batzordean ez ezik, ikerketarako elkargunean eragile aktibo izaten jarraitzen dute hiru unibertsitateek. Nabarmendu dutenez, mota honetako elkarlana ez da ohikoena esparru akademikoan, lehiakide direlako eremu askotan aipatutako unibertsitateak. Arantzazulabek jarritako markoa berezia da zentzu horretan ere.

Esplikatu dutenez, ezagutza sortzeko elkargunea sortu dute. Bertan, ikerketan lehiatuz baino, eragile ezberdinen indarrak batuz eta kolaborazio espazioa sortuz egingo dute lan unibertsitateek, Arantzazulabek proposatuko dizkien ikerketa esparruen inguruan.

«Hau nahiko berritzailea da bere horretan. Unibertsitateek ez dute Arantzazulabera eramango dagoeneko bakoitza bere aldetik egiten ari dena. Gainera, proiektu zehatz baten bueltan baino marko zabalagoan egingo da elkarlana. Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua egingo dira».

Ezagutzaren dibulgazioa eta formazioa ere bai

Ikerketa berritzaile eta ausartak bultzatzea dute helburu, jendartearen erronka global eta konplexuen inguruan hausnartzeko. Kezka eta ikuspegi partekatuetatik abiatuta, unibertsitate eta ezagutza esparruko eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzea bilatzen dute. Eta unibertsitateek ekarpen hori egiteko prestutasuna adierazi dute.

Ikerketarekin batera, sortutako ezagutzaren dibulgazioa eta formakuntza egingo dituzte. Horretaz gain, ikerketa egiteko modu honek nazioarteko ikerketekin eta ezagutzarekin konektatzeko ere balioko du, esperientzia aurreratuetatik ikasteko eta lankidetzak abian jartzeko munduko unibertsitate aurreratuenekin. Baita herri bezala nazioartean kokatzeko ere, erreferente bihurtzeko aitzindariak garen arloetan.

Diziplinarteko parte-hartzaileak

Esparru ezberdinetatik datozen eta askotariko begirada ekarri duten diziplina anitzeko unibertsitateko ikertzaileak bildu dira asteazken honetako lan saioan, hala nola, soziologia, ekonomia, zuzenbidea, komunikazioa, ingeniaritza, filosofia, hezkuntza eta psikologiaren eremuetakoak. Izan ere, jendartearen erronkek esparru ezberdinetatik datozen ezagutzak konbinatzea eskatzen dute.

Belaunaldi ezberdinetako ikertzaileak ere batu dira, begirada eta esperientzia maila askotarikoak uztartuz, euskara hutsean.

Demokrazia, ongizatea, elkarbizitza eta lana

Topaketa Naiara Goia Arantzazulabeko zuzendari nagusiaren aurkezpenarekin hasi da. «Egungo testuinguruak eta erronken tamainak antolatzeko eta lan egiteko modu berriak eskatzen ditu; gizarte erronka konplexuei ondo erantzungo dieten ikuspegiak eta antolaerak behar dira. Unibertsitate ezberdinen banakako ikerketen batuketaz haratago, elkarlanean oinarrituriko hausnarketa eta ikerketa da guk proposatzen duguna», adierazi du.

Goizean, hiru unibertsitateetako hamabi ikertzaileren aurkezpenak entzun eta horien inguruan ekarpenak egin dituzte parte-hartzaileek. Mundu mailako ikerketa joeren inguruan aritu dira, eta horien gainean gure herrian sortzen ari diren galdera nagusiak ekarri dituzte.

Arratsaldean, talde dinamikaren txanda izango da. Arantzazulabek unibertsitateei proposatu dizkien lau ikerketa esparru nagusiren inguruan hausnartu eta eztabaidatuko dute: demokrazia, ongizatea, elkarbizitza eta lana.