NAIZ

Garroren ‘Tipularen sehaska kanta’ filmari azken bultzada emateko ekitaldia egin dute Donostian

Sare Herritarrak crowdfunding kanpaina martxan du Lander Garrok zuzendutako ‘Tipularen sehaska kanta’ film-dokumentala argitara emateko, eta diru-bilketaren azken txanpan sartu dira jada. Falta den bultzada horri eragiteko, ekitaldia egin dute Donostian.

‘Tipularen sehaska kanta’ filmari azken bultzada emateko ekitaldiaren une bat. (Jon URBE/FOKU)
‘Tipularen sehaska kanta’ filmari azken bultzada emateko ekitaldiaren une bat. (Jon URBE/FOKU)

Sare Herritarrak ekitaldia egin du ostegun honetan Donostiako Doka Antzokian, espetxea eta gaixotasuna mintzagai izango dituen Lander Garro zuzendariaren ‘Tipularen sehaska kanta’ dokumentalaren crowdfunding kanpainari bultzada emateko.

19.30ean abiatu dute Sarek eta Gastibeltzak ekoiztutako film-dokumentala egin ahal izateko ahalegin ekonomikoari falta zaion bultzada emateko ekitaldia. 16.000 euroko helburua ezarri zuten dokumentala, udazkenean argitaratzekoa, egin ahal izateko eta kopuruaren %80tik gora lortu dute jada. Azken txanpa falta zaie, ordea, eta ekarpena egin nahi duenak oraindik ere aukera dauka, Verkami plataformaren bitartez.

Lander Garro zuzendaria, Kepa Etxeberria preso ohia eta Maritxu Jimenez psikologoa izan dira ostegun honetan Donostian egindako ekitaldian, filmaren zenbait xehetasun aurkeztu eta ‘Tipularen sehaska kanta’-k gizarteratu asmo duen gaiari helduta solasean: gaixotasunak eta kartzela, zuzendariaren ustez uztargarriak ez diren bi kontzeptu.

Poema irakurketa musikatua eta luntxa ere egin dute Dokako ekitaldian.

Presoak eta gaixotasuna

Sarek eta Gastibeltzak ekoiztu duten dokumentalak larriki gaixo dauden presoen errealitatea argitara ematea du helburu eta, horretarako, lehen pertsonako testigantzez baliatzen da, kartzelan gaixo egon izan direnena.

1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren poema baten izenburua hartu du Lander Garroren film-dokumentalak, eta gertakari hori oinarri hartuta, honako galderari erantzuten saiatu da Garro, alde «politikotik baino, emozionaletik»: «1942an espetxeak hiltzea zentzurik ez bazuen jada, ba ote du zentzurik gaur?».

Dokumentalak agerian uzten du, halaber, presoentzat zein zaila den medikuarengana joatea edo artatuak izatea, erabakimen propioa erauzten dituzten mugak zedarritzen baitizute espetxeen instituzioak. Hala agertu zuen zuzendariak Hamaika Telebistan egindako elkarrizketa batean: «Osasunari lotutako erabaki batek ezin du erabaki politikoen menpe egon».