
Koronabirusaren pandemiak munduko osasun sistema guztiak ataka larrian jarri ditu. Hori horrela, joan den urtean 23 milioi haur gelditu ziren ohiko txertoak jaso gabe. «Herrialdeek covid-19aren aurkako txertoak lortzen ari direla aldarrikatzen duten bitartean, atzerapausoak eman dituzte beste txertaketa batzuetan», kritikatu du OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak, Tedros Adhanom Ghebreyesusek.
Ohiko txertaketa kanpainak alde batera utzi diren honetan, herrialdeek umeak gaixotasun «suntsitzaile baina aurreikusgarrien» aurrean «arriskuan» utzi dituztela salatu du Ghebreyesusek. Gaitz hauen artean daude elgorria, poliomelitisa edo meningitisa, aspalditik txertoa daukatenak.
OMEko zuzendariak ohartarazi du jada koronabirusaren aurka larriki diharduten komunitate eta osasun sistemetan gaixotasun hauen agerraldiak jazoko balira, «katastrofikoa» izango litzatekeela. Horregatik, ohiko txertoez ez ahazteko eskatu du: «Inoiz baino premia handiagoa du haurren txertaketan inbertitzeak eta ume guztiengana heltzen garela bermatzeak».
Izan ere, gobernuz kanpoko erakundeek kalkulatu dute, seguraski, 17 milioi haurrek ez zutela txerto bakar bat ere jaso 2020 osoan. Haur hauen gehiengoa konfliktuen menpeko komunitateetan, gaizki komunikatutako urruneko lurraldeetan eta gizarte zein osasun zerbitzu urriak dituzten txokoetan bizi direla azaldu dute Nazio Batuetako organismoek. Lurralde kaltetuenen artean, Asiako hego-ekialdeko eta Mediterraneo ekialdeko eskualdeak egongo lirateke.
2019arekin alderatuz, iaz 3,5 milioi ume gutxiagok jaso zituzten difteria eta tetanosaren aurkako txertoak. Elgorriaren kasuan, 2019an baino 3 milioi gutxiago izan ziren txertatuak. Hori horrela, Unicefeko zuzendari exekutiboa den Henrietta Forek kezka adierazi du: «Pandemiaren eraginez, oso preziatua den eremu bat galdu dugu eta onartezina da. Zaurgarrienen bizitzek eta ongizateak ordainduko dituzte ondorioak».
Hego Amerikan egoera gero eta okerragoa da. Gaur-gaurkoz, umeen %82 dago difteriaren aurka txertatuta. 2016an, ordea, txertatuen portzentaia %91 zen.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
