NAIZ

Usansolori buruzko Batzorde Mistoak ontzat eman du bereizteari buruzko memoria

Usansolo Galdakaotik banantzeari buruzko Udalaren Batzorde Mistoak bereizketak eragingo lituzkeen ondorioei buruzko memoria ontzat eman du eta gehiengo osoz onartu du tramitazioari bide ematea. Orain Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratu da bideari jarraipena ematea.

Usansolo Herria plataformako ordezkarien elkarretaratzea.
Usansolo Herria plataformako ordezkarien elkarretaratzea.

Galdakaoko Udalaren Batzorde Mistoak Usansoloren bereizketari buruzko memoria osatu du, foru arauari jarraituta, eta gehiengo osoz tramitazioari bide ematea onartu du. Udalak azaldu duenez, fase honetan dagokion egitekoa bukatuta, orain Foru Aldundiaren esku dago bideari jarraipena ematea.

Bideragarritasun ekonomikoa, kartografiari buruzko azterketa, balizko Udal berriak izango lituzkeen lanpostuen zerrenda eta zerbitzuena jaso ditu memoriak, besteak beste, «foru arauak eskatutakoa beteta». Batzorde Mistoa osatzen duten sei kideetatik lauk alde bozkatu dute eta bi –EAJko ordezkariak– abstenitu egin dira eta, horrenbestez, onartu da tramitea.

Batzorde Mistoan bi aldeetako ordezkariak daude: alkatea eta EAJ eta EH Bilduren ordezkari bana Galdakaotik, eta Usansolo Herria plataformako bi kide eta EAJko bat, bestetik. Azken udal hauteskundeetako boto kopuruaren arabera egituratuta dago ordezkaritza. 

Langa hori gaindituta, orain Bizkaiko Foru Aldundira iritsiko da auzia, Lurralde Garapenerako Sailera. Aldundiak proposamena ezarritakoarekin bat datorrela ebazten badu, Galdakaoko Udalera itzuliko da gaia. Hiru hilabeteko epean, osoko bilkurara eraman beharko luke gaia Udalak eta, tarte horretan, Usansoloko herritarrei galdeketa egiteko aukera izango luke herritarrek balizko segregazioari buruz duten iritzia ezagutzeko, foru arauak zehazten duenez. Osoko bilkurak memoria gehiengo osoz onartuko balu Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko luke erabakia, eta Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietara igorriko luke gaia. Batzar Nagusiek hartu beharko lukete, orduan, segregazioa ahalbidetzeari buruzko erabakia.