Arnaitz Gorriti

Hondarribia eta Arraun Lagunak, gipuzkoarrak garaile Euskadiko Traineru Txapelketan

«Ama Guadalupekoak» zazpigarren aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketako ikurrina Donostiarrari eta Oriori aurrea hartu ostean. Aldiz, «Lugañene» aurrenekoz izan da txapeldun emakumeen kategorian, baina Lekeitioko estropada eremuko errekorra ere lortu du garaipenaz gain.

Poz handia hondarribiarrentzat zazpigarrenez Euskadiko Txapelketa irabazi ostean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Poz handia hondarribiarrentzat zazpigarrenez Euskadiko Txapelketa irabazi ostean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Gipuzkoarren eguna izan da Euskadiko Traineru Txapelketa. Bizkaiko traineruak ari dira Eusko Label Liga menpean hartzen baina asteazken honetan Lekeition ez dute aukerarik izan. Hondarribia. Donostiarra eta Orioren artean erabaki da ikurrina zeinentzat izango, eta azkenean «Ama Guadalupekoa» izan da trapua altxatzeko ohorea izan duena. Buruz buruko polita izan dute hondarribiarrek «Torrekua II» traineruarekin eta azkenean Ioseba Amunarriz eta enparauak izan dira txapeldun, Donostiarra bigarren eta Orio brontzezko dominarekin konformatu behar izan dela.

Zazpigarren Euskadiko Txapelketa eraman du traineru «vikingoak», baita Ioseba Amunarriz patroiak ere. Bigarren ziabogaraino «Torrekua II» izan da branka sartu duena, baina hirugarren luze horretan, Lekeitioko estropada eremuaren sekretuetan galduta, donostiarrek amore eman behar izan dute Hondarribiaren indarraren aurrean.

Azken luzean lanak eman ditu hala ere Donostiarrak, baina ia bi traineruren aldea mantendu dute «Ama Guadalupekoa» traineruko kideek eta ongi eutsi diote brankari. Atzetik aurrerako estropada eginez, bere aldetik, Santurtzi laugarren posturaino igo da, baina podiumeko borrokatik nahi baino urrutiago geratu da, zer esanik ez Hondarribiarengandik.

Oriori, bestalde, nolabait esaterarren kalte egin dio aurreneko txandan aritu behar izan duelako. Urdaibai bere mailaz oso azpitik aritu da eta gogotik bota behar izan du izerdia San Pedro lehenengo eta Ondarroa gero nolabait gainditu arte.

Oriok aurreneko bi luze eta erdian Ondarroa izan du aurkaririk hurbilena, baina azken ziabogara bidean aldea atera dute «mirotzek» eta azkenengo luzean ez dute parekorik aurkitu.

Izan ere, esan bezala, Bizkaiko traineruek egun bereziki petrala izan dute. Santurtzik laugarren posturaino egin du gora, baina lehiarako aukerarik gabe; Urdaibai eta Ondarroak nahikoa lan izan dute beren artean branka nork sartu erabaki arte. Hala ere, Zierbenako «galipoek» eman dute eguneko sorpresarik kaxkarrena, KAE 1 Ligan ari den San Pedro baino ezin izan baitu atzean utzi, aurrerantz egiteko inolako aukerarik gabe.

Hauxe izan da Federazioek gidaturiko azkenengo estropada, euskal traineruek ez baitute Espainiako Txapelketan parte hartuko. Uztailaren 31an eta abuztuaren 1ean ei dira egitekoak aipatu lehiaketak, baina Eusko Label Ligak agintzen du.

Euskadiko Txapelketa - Gizonak

1- Hondarribia 19:46.83

2- Donostiarra 19:53.59

3- Orio 19:54.92

4- Santurtzi 19:58.21

5- Urdaibai 20:02.86

6- Ondarroa 20:04.96

7- Zierbena 20:08.79

8- San Pedro 20:26.20

Emakumeen estropada gazi-gozoa

Emakumeen Euskadiko Txapelketa gazi-gozoa izan da, bestetik. Gozoa Arrun Lagunak taldearentzat. «Lugañene» traineruak bere historiako aurreneko aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa, nagusitasun osoz bere ohorezko txanda eraman ostean eta estropada eremuko errekor berria ezarrita gainera.

Gazia, aldiz, zortzi izan beharrean zazpi traineru bakarrik aritu direlako. Izan ere, Zumaiak kale egin behar izan du azken unean, covid-19 kasu bat dela-eta. Lekeitiora etorri gabe egonagatik, «Telmo Deuneko» arraunlari batek analisiaren emaitza positiboa jaso du eta taldekideei jaso bezain arin aditzera eman. Hala, zumaiarrek Lekeitiotik etxerako bidea hartzea erabaki dute.

Emakumeen estropadetan sarri gertatu ohi den legez, ziabogaren ostean hautsi da dena. Aurreneko txandan Donostiarra nagusi izan da, nahiz eta Hondarribia gainetik kentzen nahikoa lan izan duen. Bigarren txandan, berriz, bistakoa izan da Orio eta Arraun Lagunak orpoz orpo ibiltzekoak zirela, Deusto eta Ondarroa hasieratik bertatik atzean lagata.

Hala suertatu da, baina ikusi da aurreneko minututik «Lugañenek» branka sartu diola Orioko traineruari. Lekeitioko urek espero baino zailtasun handiagoak gorde dituzte arraunlarientzat, eta ziabogaraino nolabait parekatua izan bada ere estropada, Donostiako taldeak bere egin du buruzagitza hasi eta amaitu.

Are gehiago zianbogaren ostean, aldea nahi beste zabaldu baitu, ia lau ontziren aldea ireki arte oriotarrekiko. Azkenean, brontzezko domina Donostiarrarentzat izan da eta Deustoko «Tomatera» izan da laugarren, Hondarribiak baino 21 ehuneneko gutxiago pilatuta, bizkaitarrek asteazken honetan eman duten sorpresarik atseginena bera izan dela.

Beteranoen estropadari dagokionez, berriz, Badok 13 taldea nagusitu da beste behin.

Euskadiko Txapelketa - Emakumeak

1- Arraun Lagunak 10:38.20

2- Orio 10:49.47

3- Donostiarra 10:55.26

4- Deusto 10:58.50

5- Hondarribia 10:58.79

6- Tolosaldea 11:08.73

7- Ondarroa    11:10.29