NAIZ

Onkologikoa Fundazioak langileek hautatutako patronatukidea berresteari uko egin dio

Onkologikoa Fundazioaren patronatuak langileek izendatutako patronatukidea berresteari uko egin dio. Hala salatu du enpresa batzordeak, eta gertatutako «iluntasunaren» adibide bat dela ohartarazi du.

Onkologikoaren langileek maiatzean egindako protesta. (Gorka RUBIO/FOKU)
Onkologikoaren langileek maiatzean egindako protesta. (Gorka RUBIO/FOKU)

Onkologikoko enpresa batzordeak salatu duenez, fundazioaren patronatuak langileek izendatutako patronatukidea berresteari uko egin dio.

Ohar batean azaldu duenaren arabera, Onkologikoa Fundazioaren estutuaren arabera, langileek ordezkari bat izan dezakete patronatuan. Eta hala izan da kargu hori betetzen zuen pertsona hil zen arte.

Martxoaren 17an beharginek, bozketa bidez, beren ordezkaria hautatu zuten, patronatukide izateko, eta hautaketaren emaitza jakinarazi zuten, «patronatuaren hurrengo bilkuran kontuan har zedin».

Baina, «Onkologikoko langile guztien harridurarako, enpresa batzordeak patronatuari egindako proposamena ezetsi egin da, ekainaren 30eko bilkuran, eta patronatuaren ondorengo ezespen-jakinarazpenean ez da arrazoiketarik ematen erabaki horri dagokionez».

«Onkologikoren etorkizunari dagokionez, une erabakigarriak bizi ditugu, eta Onkologikoko langileek ere erabaki garrantzitsuak hartu beharko lituzkete», azpimarratu dute, eta patronatuaren erabakia Onkologikoaren eta Osasun Sailaren arteko «lotura-prozesua» sortutako «iluntasunaren» adibide bat dela adierazi du.

Batzordeak ohartarazi duenez, «ezezko horrekin ulertzen dugu Kutxak iluntasunaren bidea hartzen duela. Izan ere langileei ukatu egiten zaie patronatuan egotea, eta bertan izaten diren eztabaidetan parte hartzea.

Eta patronatuan hartu ahal diren «erabaki hutsaltzaileei» erantzungo dietela iragarri du enpresa batzordea.