Arnaitz Gorriti

Luis Scolak betirako agur esan dio Argentinako selekzioari... baita saskibaloiari ere?

«Gaur ez daukat galdera horri erantzuteko indarrik, baina ez dut nire burua jokatzeko moduan ikusten», esan du. Australiaren aurkako partida amaitzear zela aldatu egin du Argentinako hautatzaileak eta sekulako txalo zaparrada jaso du Scolak Australiako aurkariengandik.

Taldekide eta aurkariak guztiak bat eginda, txalo artean agurtu dute Luis Scola. (Aris MESSINIS / AFP PHOTO)
Taldekide eta aurkariak guztiak bat eginda, txalo artean agurtu dute Luis Scola. (Aris MESSINIS / AFP PHOTO)

 «Urteak aurrera doaz eta bada garaia beste aurpegi batzuek, beste izen batzuek, lehenagakoak ordezka gaitzaten eta beraiek idatzi ditzatela historiako hurrengo orrialdeak», adierazi du Luis Scolak Argentinak Australiaren aurka 97-59 galdu eta Olinpiar Jokoetatik at geratu ostean.

Saski Baskoniako jokalari ohiak ez du, bada, berriro Argentinako selekzioko kamiseta jantziko, eta ikusteko dago jokatzen jarraituko duen ala ez. Aurten Varesen maila txukunean aritu da, baina pibotak esan duenaren arabera, oraindik ezer ezin baliteke ziutatu ere, bertan behar duela dirudi bere erretretak, jokalari izateari dagokionez, bederen.

«Ezin diezazuket erantzun, ez daukat erantzunik emateko kemenik», onartu du Florestan –Buenos Aires– duela 41 urte sortutako jokalariak. «Nire intentzioa Olinpiar Jokoetan maila ona ematea zen, ez erretiratzea, baina uneotan ez dut nire burua nik nahi bezala jokatzeko moduan ikusten», aitortu du. «Ez da harritzekoa, bide batez; 41 urte ditut», adierazi du.

Partida galduta eta Argentina dominen lehiatik kanpo, 40 segundoren faltan Sergio «Oveja» Hernandez hautatzaileak Scola aulkian eseri arazi du. Eta partida etetea lortu du horrela, ikusle apurrek, epaileek, kazetariek, taldekideek eta aurkariek ere sekulako txalo zaparrada eskaini baitiote hautatzaileak kantxatik atera duenean. Zinez hunkitu dela aitortu du Scolak kazetarien aurrean.

«Ezustean harrapatu nau, partida jokatzen amaituko nuelakoen nengoen-eta. Une zaila izan da, baina asko estimatzen dut australiarrek izan duten jarrera. Aurkarien errespetua ere izatea dagoenik eta errekonozimendurik handiena izango da agian, eta errespetu horrekin oso pozik noa», azaldu du Saski Baskoniako jokalari ohiak.

Talentua eta lana

Zentzu horretan, Sergio Hernandez hautatzaileak jokalariari «jaramonik» ez diola egin adierazi du partida ondorenean.

«‘Azkenera arte egongo naiz’ esan dit, nahiz eta 40 puntuz atzetik joan, eta noski, ez diot kasurik egin. Luisentzat garrantzitsuagoa zen azken defentsa txukun bat egitea zaleen txalo zaparrada baino, baina 40 segundoren faltan kendu egin dut», adierazi du Argentinako hautatzaileak, Scolak merezitako txaloak jaso zitzan.

«Luisengandik gauzak ongi egitea ez dela nahikoa ikasi dugu. Ekina, lanerako etika... erakutsi dizkigu. Nire iritziz talentua zen faktorerik garrantzitsuena, baina Luisek erakutsi digu talentuari eguneroko lana gehiatu behar zaiola benetan emaitzak lortzeko».

Scola, askoren «inspirazio iturri»

Patty Mills Australiako izarrak ere hitz goxoak izan ditu Luis Scolarentzat. «Inspirazio iturri ikaragarria izan da, baina Australian ere. Europan, NBAn, Argentinako selekzioarekin... azkeneraino nola jokatu duen ikusten duzu eta horrek sekulako errespetua pizten du. Jokalari bezala handia izan bada, badakigu pertsona are eta handiagoa dela», adierazi du Australiako jokalari garrantzitsuenak.

«Agurreko momentua hunkigarria izan da; oilo ipudia jartzeko modukoa harmailetan inor ere egon ez bada ere. Scolari bere bizitzako atal berri honetan ere onena opa diogu», amaitu du Millsek.