Arnaitz Gorriti

Rianxoko aurreneko «bandeira» Donostiarrak eta lidertzan kolpe sendoa Santurtzik

Haizeari eta bere lanari etekina atera dio «Torrekua II.ak», eta 56 ehuneneko aldeari esker asteburuko aurreneko bandera eskuratu du. «Sotera» ere ez dago haserre, bigarren amaituagatik, Hondarribiari sailkapen nagusian beste hiru puntu sartu dizkiolako: 117 puntu Santurtzik eta 109 Hondarribiak.

Torrekua II.a traineruoko arraunlariak garaipena ospatzen. (@ACTTRAINERAS)
Torrekua II.a traineruoko arraunlariak garaipena ospatzen. (@ACTTRAINERAS)

Rianxoko Barbanza Arousa Bandeira delakoaren aurreneko ekitaldia Donostiarrak eta Santurtzik inork baino hobeto gogratuko dute. Hasteko eta bat, Donostiarrek irabazi baitute «bandeira», eta bide batez sailkapen nagusiko laugarren postura egin dute salto seigarren amaitu duen Orioren kontura. Bestetik, «Soterak» 56 ehuneneko aldeagatik ezin izan du estropada irabazi, baina Hondarribia bosgarren sailkatu denez, sailkapen nagusian sekulako kolpea eman du, «Ama Guadalupekoa»rekiko zortzi puntuko aldea lortu baitu: 117 puntu santurtziarrentzat; 109 hondarribiarrentzat.

Arousako itsasadarreko «meiga» delakoei beldurra zitzaien, eta akaso ez dira «meigak» izan, baina bai haizea. Bezperan, estropada eremua ikuskatzen zebiltzala, beldurrak airean atera ziren Eusko Label Ligako euskal ordezkariak, baina zapatu honetan ez dute hainbesterainoko boladarik izan. Tarteka bai, orduko 20 kilometrotik gorako ufadak jasan dituzte, eta haize boladak medio, kaleen artean ere ezberdintasunik izan den arren, aitzakiarik gabeko estropada eremua izan dute bidelagun arraunlariek.

Zentzu horretan, meritua eman behar zaio Donostiarrari, beti ere erreferentziatzat markatzen den 20 minutuko langa botatzeko gai izan den ontzi bakarra izan delako. Haizeak haize eta aurkariak aurkari, lan borobila egin dute «Torrekua II.ako» gizonek, neurri handi baten Urdaibaik ere bultza egin dielako. «Bou Bizkaiak» jardunaldiko hirugarren denborarik onena egin dute, irabazlearengandik bi segundu eskasera.

Buruz buruko lehia bat baino gehiago izan dira, egia esan. Hiru txandetan ikusi ahal izan da nola traineruak binaka bereizi diren hasieratik amaierara arte; salbuespena agian Santurtzi bera izan da. Zierbenak ere lan txukuna eginagatik –ez da alperrik laugarren postuan sailkatu– ezin izan dio «Soteraren» martxari jarraitu azken luze eta erdian. Ondorioz, Eusko Label Ligako liderrak nolabait esatearren erlojuaren aurkako dema jokatu behar izan du azken sei-zortzi minutuetan.

Hala, lehorreko epaileek beren kronometroak zehatz mehatz begiratu behar izan dituzte. Urduritasun dexenterekin jarraitu dute Donostiarrako traineruan Santurtziren azken txanpa. Bizkaitarak helmugara iritsi berritan, denbora ez ofizialen arabera garaipena berainena zela jakin dute lehenengo unetik, baina ofizialki konfirmatu zaien arte ezin izan dute arnasa sakon eta lasai hartu.

Beste hainbeste Hondarribia eta Orioren arteko lehiari dagokionez. Hasiera baten gainera «mirotzak» Hondarribiaren aurretik sailkatu direla aipatu bada ere, «video finish» sistemari so eginda ikusi ahal izan da «Ama Guadalupekoak» Oriok baino 12 ehuneneko arinago amaitu duela estropada. Gaitzerdi hondarribiarrentzat, bestela ere sailkapen nagusia bere alde jartzeko kolpe bikaina eman baitu Santurtzik.

Eusko Label Ligak igande eguerdian izango du hurrengo hitzordua: Boiroko XXXI. Bandera. Larunbateko emaitzak aintzat hartzen direlako igandeko irteera txandak antolatzeko, esan behar Hondarribiak bigarren txandan egin beharko duela arraunean, Orio, Cabo eta Ondarroarekin batera, Santurtzi liderrak Zierbena, Urdaibai eta Donostiarrarekin arraun egingo duen bitartean.

Bestetik, Lekittarra, joan den astean isolatuta eta arraunean egin ezinik geratu ondoren, berriz ere uretan izan da. Ez zaie nahi bezain egun ona atera Isuntzakoei eta azken postuan geratu dira. Hala ere, oraindik ere Tiran eta Zarauztekiko alde polita dute. Bien bitartean, Ares pauso eder eta sendo askoak ari da ematen datorren denboraldian ere Eusko Label Ligan izateko.

Bandeira Barbanza Arousa

1- Donostiarra 19:59.90

2-Santurzi 20:00,46

3- Urdaibai 20:01.94

4- Zierbena 20:07.12

5- Hondarribia 20:10.92

6- Orio 20:11.04

7- Ondarroa 20:15,60

8- Cabo 20:17.98

9- Ares 20:27.06

10- Tirán 20:31.92

11- Zarautz 20:35.60

12- Lekittarra 20:39.66

Eusko Label Liga. Sailkapen nagusia

1- Santurtzi 117 puntu

2- Hondarribia 109

3- Zierbena 97

4- Donostiarra 96

5- Orio 93

6- Urdaibai 87

7- Ondarroa 62

8- Cabo 61

9- Ares 50

10-Lekittarra 44

11-Tiran 36

12-Zarautz 28

KAE1 eta 2, eta ETE Ligak

Euskotren Ligako estropadak izan ezik, gainontzeko ligetako probak izan dira zapatu honetan.

Hala, KAE1 Ligari dagokionez Astilleron bertoko bandera jokatu da. Erlojuaren aurkako proba nahiko estua izan bada ere, Jose Luis Korta beteranoak entrenaturiko Kaiku izan da nagusi, Pedreña, Getaria eta Arkoteren aurretik. Dena den, sailkapen nagusian Getaria da oraindik liderra, batez besteko 11,10eko puntuaketarekin. Bigarren lekuan den Pedreñak 11,00 puntu pilatzen ditu, 10,90 Kaikuk eta 10,56 asteburu honetan covid-19a dela eta arraunean egin ezinik geratu den San Pedro da laugarrena.

KAE1 Ligak ugande eguerdian, 11.30etan hasita, saioa dauka berriro. Getariak bertoko XII. Estropada jokatuko da. Kasu honetan, hiru txandatan banaturiko estropada klasikoa izango da.

KAE2 Ligak, berriz, Trintxerpeko Bandera jokatu du zapatu arratsaldean, hau ere erlojuaren kontra. Mutriku nagusitu da Busturialdea, Portugalete eta Hondarribia Bren aurretik, hurrenez hurren. Hala ere, 9,00 puntuko batez bestekoarekin, Busturialdea da liderra, Portugalete da bigarren –8,56 puntu–, Hondarribia B hirugarren –7,22– eta Mutriku laugarren –6,56–

Emakumeei dagokienez, Ondarroan itsaso petralari aurre egin behar izan diote larunbat eguerdian Ondarroan. Tolosaldea liderra eta Deustoren artean estropada estua izan dute, XXXVII. Ondarroako Bandera zeinek irabaziko. Hiru segundu eskaseko aldeagatik izan bada ere, Tolosaldea nagusitu da «Tomateraren» aurretik eta sailkapen nagusian bere buruzagitza finkatu du: 10,70 puntu Tolosaldearentzat batez beste eta 9,80 Deusturentzat. Hirugarren Hibaika 9,20 punturekin eta Zumaia laugarren 7,40rekin.